'Decathlonek konsumitzaileen hizkuntza eskubideak eta araudia urratzen jarraitzen dau'

Bizkaie! 2025-02-10 07:35   Euskerea berbagai

Behatokiak salaketea aurkeztu dau Kontsumobiden.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu dau Decathlon kirol-materialen denda kate frantziarrak Euskal Autonomia Erkidegoan dituan establezimenduetan konsumitzaileen hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen dauela. Behatokiak jasotako herritarren hainbat kexaren arabera, enpreseak ez dau bermatzen euskerearen presentzia bere dendetako seinaleztapenean, informazino idatzietan zein bestelako zerbitzuetan.

Azken urteetan, Behatokiak hainbatetan ohartarazo deutso Decathloni bere establezimenduetan hizkuntza bardintasuna bermatzeko. Halan da be, enpreseak uko egiten deutso bere hizkuntza politikea aldatzeari, eta legez ez dagoala euskerearen presentzia bermatzeko derrigortasunik esaten jarraitzen dau, izan be, enpreseak bezeroen hizkuntza eskubideak kontuan hartzen dituala aitatzen dauen arren, herritarrek egindako erreklamazinoen aurrean bere zerbitzu juridikoek zein arduradunek erantzun dabe Espainiar Estaduko konsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen dekretuan ez dala hizkuntzearen gaineko aitamenik egiten, eta EAEko araudiaren arabera enpresa pribatuak ez dagozala behartuta errotulazino edo seinalitikan euskerea txertatzeko. Baieztapen horreek enpreseak bere interesen arabera egiten dituala iruditzen jaki, izan be, EAEko araudian ondorengoa zehazten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Konsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 4/2023 Legeak 79. artikuluan ezartzen dau konsumitzaileek eskubidea dabela ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazinoa euskeraz jasoteko, eta 80.2 artikuluan seinaleztapenak, oharrak eta informazino publikoa euskeraz eta gaztelaniaz egon behar dabela.

Ondorioz, Behatokiak salaketea aurkeztu dau Kontsumobiden Decathlon España S.A.U. kate komertzialak Euskal Autonomia Erkidegoan dituan establezimenduetan seinalitikea, errotulazinoa zein bestelako informazinoan euskera txertatzeko araudiak ezarritakoa kontuan hartzen ez dauelako. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren eretxiz, Decathloneen jarrerea onartezina da. Euskaldunen hizkuntza eskubideak eta araudia urratzeaz gan, euskerearen normalizazinoaren kontrako jarrerea erakusten dau, bezeroen aniztasuna errespetetan dauela esan arren, kontraesankorra da eta honen aurrean, Behatokiak bezeroen eskubideak bermatzeko neurriak hartu daizala exijiduten deutso Decathlon enpreseari. Era berean, erakunde eskudunei preminazko neurriak hartzeko eskatzen deutse eta herritarrak animetan ditu beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko.

Neurri bermatzaileak eta herritarrei deia

Behatokiko zuzendariak gogora ekarri dau indarreko araudia lausoa eta zehaztasun bakoa dala, egungo merkataritza ereduetan nagusi dan azalera handiko zentro edo merkataritza kateei begira: «Konsumitzaileek eta erabiltzaileek zerbitzuak eta ondasunak euskaraz jasotzeko duten eskubidea araudietan hobe garatu eta bermatzeko mekanismoez gan, arau-hauste eta ez-beteteen aurrean zehapenak edo multak ipinteko eskatzen deutsegu arduradun publikoei. Sustapen hutsetik harago, neurri bermatzaileak behar ditugu» adierazo dau. Egun ehunka dira euskera ofiziala dan eremuetan be beraien bezeroei eskaintzen deutseen informazio, zerbitzu eta ondasunetan euskerarik txertatzen ez daben enpresak eta, beraz, horreek gizarte erantzukizunez jardun eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatu deiezalan eskatzen dogu. Bestalde, herritarrei dei egiten deutsegu bezero lez dituen eskubideak eta euskerearen presentzia eremu sozioekonomikoan be aldarrikatzen jarraitzeko, baita Euskal Herriko gainerako lurraldeetako konsumitzaile eta erabiltzaileen araudietan euskerearen erabilereagazko aitamenik egiten ez bada be».

Kontuak kontu, www.euskararentelefonoa.eus dobako zerbitzua eskaintzen dau Behatokiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu