'Itzulera' antzezlanak emongo deutso hasierea denporaldiari

Bizkaie! 2025-02-07 11:07   Kulturea

Gaur, hilak 7, Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan.

Ainhoa Salterain eta Heitxi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, hilak 7, Amorebieta-Etxanok kultur denporaldiari emongo deutso hasierea, antzerkia, jantzea eta musikea batzen dituan ekintza eta ekitaldi eskaintza zabalagaz. Betiko lez, programea danentzat dago diseinauta eta zezeiletik bagilera izango da.

Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek, kulturak bizitzean dauen garrantzia azpimarrau dau: Udalak kulturearen aldeko apustua egiten jarraitzen dau, kultura gizarte kohesinoaren parte garrantzitsu bezela ulertzen dogulako. Zornotza Aretoa herriko kultur bizitzea dinamizetako ezinbesteko espazioa da.

Zornotza Aretoak jantza, musikea eta antzerki emonaldi ugari jasoko ditu. Horreezaz gan, Zineklubeko proiekzinoak be eskainiko dira. Holan, martitzenero, 19:00etan, Gariza Filmsek aukerautako filmak proiektatuko dira, eta, ondoren, hautazko berbaldia egongo da filmaren mezuan eta alderdi teknikoetan sakontzeko. Zineklubeko egitarau osoa ikusgai dago hemen.

Antzerkiak

Antzerkiak emongo deutso hasierea Zornotza Aretoko egitarauari, gaur, zezeilak 7, umorea, poesia eta akzinoa batzen dituan Itzulera  antzezlanagaz. Emonaldi horri ondokoek jarraituko deutse: Ensayo General (Banarte); Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán (La Dramática Errante); Zorretan (Hika); Arizona (Txalo); Renata (Kamikaz Kolektiboa); eta, Macho Grita (Alberto San Juan eta bandea).

Kontzertuak

Guztira 7 kontzertu emongo ditue, hainbat musika estilo buztartuz.

Denporaldiko ekitaldi nabarmenenetako bat Eider Etxeandia Heitxi zornotzarraren kontzertua izango da. Erromeria, lehiaketea eta ume ikuskizunetan parte hartu ondoren, bakarkako haren lehen diskoa aurkeztuko dau martiaren 7an, Berreraikitze Aroa izenekoa. Abeslariak adierazo dauanez, proiektu oso personala eta nortasuna berreregiteko prozesua aztertzen dauena.  

Musika eskaintza osotuz, Go!azen 11.0 gazte ikuskizuna eskainiko dabe martiaren 1ean. Zornotzako Musika Bandeak, barriz, hainbat kontzertu eskainiko ditu, esaterako Emakumeak Oroituz, emakumeek musikearen historian izan daben ekarpena nabarmentzeko eta Jai-Giroa Gogoan, jai herrikoien doinuak berreskuratzeko. Estadu Batuetako bluesa be izango da, Paris Slim eta Jerron Blind Boy Paxton artisten eskutik.

Jantza

Jantzearen zaleentzat, Lana (Osa+Mujika) emonaldiak lan-kultureari buruzko hausnarketa batera konbidaduko ditu ikusleak, martiaren 28an, jantza garaikidearen eta irudi bisualen arteko konbinazino hipnotiko baten bidez.

Familientzako antzerkia

Hainbat antzezlan eskainiko dira familia zornotzarrei zuzenduta, horreen artean Elara, bidaia bat izarretara (Mar Mar) eta Scrooge eta mamuak (Khea Ziater). Horrezaz gan, Ostirala iritsi da! (Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore) umorez eta abenturez betetako proposamen dibertigarria izango da. Ganera, Moko, Indalecio Bizkarrondo Bilintx (Gorakada) antzezlanak bertsolaritzearen eta berbearen boterearen inguruko kontakizun hunkigarria aurkeztuko dau.

Emonaldi guztietarako sarrerak eta egitaraua eskuragarri dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu