BFAk VII. plangintzaldirako Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plana onartu dau

Bizkaie! 2025-02-07 07:50   Euskerea berbagai

Helburuak da euskerearen kudeaketea instituzionalizetea.

Leixuri Arrizabalaga. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluan onartu barri dau Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plana, 2023-2027 urteetarako. Helburua nagusia da euskerearen erabilera areagotzen jarraitzea, bai herritarrei emoten jaken zerbitzuan, bai erakundearen barruko kudeaketan, beti be bermatuz herritarren hizkuntza-eskubideak beteten dirala Aldundiagaz dituen hartu-emon guztietan.

Eusko Jaurlaritzeak VII. plangintzaldirako emondako erispide eta gidalerroakaz bat eginez, Bizkaiko Foru Aldundiaren erabilera-plan hau KEMEN (Kudeaketa eta Erabilera Markoa, Euskerearen Normalizazinorako) egituran oinarritzen da.

KEMENek hizkuntzen erabilerea kudeatzerakoan kontuan hartu behar diran ardatz, eremu eta arlo posibleak jasoten ditu eta edozein erakundetan erabili daitekeen markoa eskaintzen dau. Euskerearen kasuan, tresna baliogarria da euskerearen erabilerea normalizetako prozesua modu antolatuan eta eraginkorrean kudeatzeko, baita prozesu horren jarraipena egiteko be.

KEMENek ardatz nagusi bi ditu, kudeaketea eta erabilerea eta euren barruan arlo asko jasoten dira. Kudeaketan, euskera-plana zelan gestionetan dan lantzeko asmoa dago; horretarako, euskerearen erabilerea indartzeko 4 lan-arlo estrategiko eta 12 neurri aurreikusten dira. Erabileran, barriz, erakundeak zein hizkuntzatan funtzionetan dauen jasoten da, bai ahoz eta bai idatziz, herritarrakaz zein barruko hartu-emonetan. Horretarako, 7 lan-arlo estrategiko eta 34 neurri aurreikusten dira, zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza eremuetan.

VII. plangintzaldian Bizkaiko Foru Aldundiak urratsak emoten jarraituko dau euskerearen sustapena kudeaketa aurreratuaren eredutik landu daiten. Erabilera-planaren kontzeptuaren barruan, kontzeptu bi bereizten dira: plangintzaldi osorako plan estrategikoa eta urteko kudeaketa-planak (edo ekintza-planak).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu