Jesus Bañalesek PSC Partners Ikerketa Saria jaso dau

Bizkaie! 2025-02-06 13:02   Kulturea

Bañales, Osakidetzako Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuko Gibeleko Gaixotasunen Taldeko burua da.

Biogipuzkoa OIIko Gibeleko eta Urdail-hesteetako Gaixotasunen Arloko kideak. Goiko lerroan, Bañales doktorea, ezkerretik laugarrena. | Ikusi handiago | Argazki originala

PSC Partners Kolangitis Esklerosante Primarioa daben Amerikako Pazienteen Alkarteak Jesús Bañales Doktoreari emon deutso Douglas Carlson 2024 Ikerketa Saria. Gaixotasun horren ikerketan egindako ibilbide nabarmenagaitik eta lankidetza bidezko nazinoarteko ikerlanakaitik, hain zuzen be.

Phoenixen (Arizona) egindako urteko batzarrean, alkarteko lehendakariak azpimarratu zituan Bañales doktoreak egindako ikerketen konpromisoa eta garrantzia, Biogipuzkoa OIIan dauen lantaldea eta baita nazinoarteko alkarlana be. Ahalegin horreek guztiak lagungarriak dira, besteak beste, gaixotasuna nahiz minbizirako bilakaerea goiz diagnostikau leitekezan odoleko biomarkatzaileak identifiketako, izan be, horri esker nabarmen hobetu daitekez osagarriak diran tratamenduak jasoteko aukerea (gibel-transplantea edo tumorearen kirurgia adibidez), baita pazienteen biziraupen-itxaropena eta bizi-kalidadea be.

Kolangitis esklerosante primarioa (KEP edo PSC, ingelesezko siglen arabera) behaztunaren ezohiko gaixotasuna da, Espainian 5-10 kasu inguruko prebalentzia dauena 100.000 biztanleko. Halanda ze, askoz be ohikoagoa da Europa iparraldeko eta Ipar Amerikako herrialdeetan. Ez dira ezagutzen gaixotasunaren kausa zehatzak, baina paziente gehienek hesteetako hanturazko gaixotasuna dabe eta horrek iradokitzen dau alterazino genetikoak eta hesteetako mikrobiotako aldaketak funtsezkoak dirala KEPak garatu eta aurrera egin deian.

Gaixotasuna arrisku-faktorerik garrantzitsuenetakoa da behazuneko minbizia (edo kolangiokartzinoma) garatzeko eta hori da gaixotasunari lotutako heriotza-kausa nagusia. Egun, gibeleko transplantea da sendagarria izan daitekean tratamendu bakarra. Holan, KEPa eta kolangiokartzinoma goiz diagnostiketako markatzaileen identifikazinoari esker, errazago personalizau eta lehenetsi ahal izango dira gibeleko transplanteak, tumoreen erresekzino goiztiarrak edo tratamendu kimioterapikoen berehalako hasierea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu