XXXI. dFERIA Arte Eszenikoen Azokea martiaren 15tik 20ra Donostian
2025-02-06 11:24 Kulturea33 konpainien, 34 ikuskizun eta 54 emonaldi izango dira Donostiako hainbat antzeztokitan.
2018tik jazoten dan legez, SGAE Fundazinoak gune berezia izango dau dFERIA Donostiako Arte Eszenikoen XXXI. Azokan: Antzoki Zaharraren agertokia. Estaduan antzerako jarduerea dabenen artean lehen mailako topaketa artistikoa izanik, aurreikusitako programazinoa sano ederra da 33 konpainien, 34 ikuskizun eta 54 emonaldi izango baitira. Kopuruei jagokenez, ikuskizunen kopuru handi bat (% 70) estreinaldia izango da modu batean edo bestean: mundu mailan 4, Europa mailan bi, estreinaldi bi estaduan eta Euskadin 16. Diziplinei jagokenez, % 41 jantzea izango da, beste % 38 antzerkia, zirkuko ikuskizunak 4 (% 12) izango dira eta diziplina anitzeko beste hiru (% 9). Konpainien jatorriari jagokonez, atzerriko konpainiak Italia, Argentina, Rusia, Alemania, Austria, Suitza, Uruguai eta Kolonbiatik datoz. Alemania, Austria eta Suitza izango dira herrialde gonbidatuak, herrialde horretako erakunde publiko eta pribatuen lankidetzeari esker.
Gaur, zezeilak 6 goizeko 11:30ean, jarriko dira salgai sarrerak (16-22 euro) hemen eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan. Aldez aurreko erosketek deskontu bereziak izango ditue, % 50erainokoak be izan daitekez.
Iñigo Burguik egin dau XXXI. dFERIAko kartela, diseinatzaile eta publizistea izan da irudiaren sortzailea. Bere lanak honako izenburua dau Dena ikusten dauen begia: dFERIA 2025en begirada bikotxa.
Beste alde batetik, SGAE Fundazinoa Gunean, Antzoki Zaharrean martiaren 15, 16, 17, 18 eta 19ko arratsaldeetan izango dira antzezlanak:
Zapatuan, hilaren 15ean, 19:30ean, La Dramática Erranteren Adiorik ez/Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán ikuskizunaren euskerazko bersinoa, hain zuzen be. Ane Pikaza, Aitor Borobia, Loli Astoreka, Egoitz Sanchez, Idoia Merodio eta Patxo Telleriak interpretautako lan hau Maria Goiricelayak idatzi eta zuzendu dau. Hurrengo egunean, 20:00etan, egile bilbotarraren jatorrizko bersinoa antzeztuko da, gaztelaniaz.
Martiaren 17an, astelehenean, 18:30ean, Punto Cero Companyren Mahmud y no solo Mahmud obrea eskainiko dau. Konpainia madrildarrak diziplina anitzeko taldea batu dau, Zenaida Alcalderen zuzendaritzapean, Mahmud Traoré eta Bruno le Dantec idazleen Partir para contar liburuaren bersinoa taularatzeko. Zirku eta antzerkiko bost artista tarteko dirala (Tchumo Mata aktorea, Dnoe Lamiss hip hop aktore eta abeslaria, eta Elvis Kyengo Kakiti, Colins Ouna Opiyo zein Joel Bwana Anabaka), Silvia Albert Sopaleren testu egokitzapena dauen dramaturgia bisuala aurkezten jaku.
Hilaren 18an, arratsaldeko 18:30ean, Tanttakaren txandea izango da: ¿Sabes que las flores de plástico nunca han vivido, verdad? komedia taularatuko dabe; Mireia Gabilondok idatzi eta zuzendua, akaso, bizitzaren zailtasunak eta urteerak ebitetako (edo ez) balio daben korapiloz, guzurrez eta autoengainuz betetako abagune tragikomikoa. Karmele Aranburu, Aitziber Garmendia, Telmo Irureta eta Candela Solé ditu protagonista.
Martiaren 19an, arratsaldeko 18:30ean, Pabellón 6 Antz3rkiz Dramaturgia Barrien Programeagaz lankidetzan, ¿Quién nos disparó? izeneko obrea aurkeztuko dabe. Desengainuari, bildurrari, emigrazinoari, esplotazinoari eta gero eta deshumanizatuagoa dan mundu baten begirada itxaropentsuari buruzko saiakera lez azaldua izan da. Galder Irustaren testu eta dramaturgiagaz, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Andrés Montero, Noelia Campos eta Roberto Bautista dira bertan protagonista.
Azkenik, hilaren 20an (18:30ean) eta 21ean (19:30ean), Sala Verdi (Montevideo, Uruguai) eta La dramática Errante produkzinokide lez, SGAE Fundazinoaren zikloa zarratuko da Filtro lanagaz, Victoria Eugenia Antzokiak be koproduzidutako lana. 1994an Montevideon izandako jazoeretan oinarrituta, hau da, ETAko kide izateaz akusautako euskal herritarren estradizinoak manifestazino masiboa eta poliziaren errepresino gogorra eragin zituenean, berez jazoera historiko ha zein asilo politikoa, justizia edo nazinoarteko alkartasuna lako gaiei buruz hausnarketea plazaratzen dau. María Goiricelayaren zuzendaritzapean egindako antzezlan dokumentala da, berak idatzia, Marcos Valls, Luis Pazos, Agustín Urrutia eta Camila Parard protagonista dituala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!