Barakaldok Euskerearen Plan Estrategiko Barria onartu dau

Bizkaie! 2025-02-06 10:40   Euskerea berbagai

Horretarako 30 ekintza baino gehiago proponiduko ditue.

Iratxe Foces (Argazkia: Barakaldoko Udala). | Ikusi handiago | Argazki originala

Barakaldoko Udalak martxan dauka Euskerearen Plan Estrategiko barria, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu eta gizarteko esparru guztietan euskeraz berba egiteko eta bizitzeko aukerak eskaintzeko. Ondoko konpromisoak nabarmentzen dira: herrian euskerearen presentzia eta erabilerea areagotzea, eremu publiko zein pribatuetan; bertoko euskereari prestigioa emotea; eta, komunidade euskalduna aktibetako konpromisoak hartzea.

Plan estrategikoa Barakaldoko osoko bilkuran onartu zan, hogeitik gora gizarte eragileren, euskereagaz zerikusia daben erakundeen, alderdi politikoen eta Udaleko teknikarien botoakaz. Euskerara ahalik eta sektore gehien erakarriko dauen hizkuntza-politika inklusiboa sustatu nahi dogu. Uriak premina ditu gure bizilagunen artean, halanda ze, hizkuntza-politikea eraginkorra izan daiten, gizarte plural horren errealidadea kontuan hartu behar dogu. Helburu egingarriak eta ilusinonagarriak behar ditugu guztiontzat, euskeraz normaltasunez bizi gaitezan, adierazo dau Iratxe Foces Euskera zinegotziak.

Planak 5 ardatz estrategiko ditu:

  • Gobernantza.
  • Jarrerea/Motibazinoa.
  • Ezagutzea/Gaitasuna.
  • Erabilerea/Interakzinoa.
  • Komunidadea/Hedapena.

Ardatzok herritarrei zuzendutako hogeita hamar bat ekintza batzen ditue. Horreen artean dagoz,esaterako:

  • Udal zerbitzuetan euskerazko zerbitzua bermatzeko neurriak hartzea.
  • Udaleko Euskera Batzordea sortzea.
  • Herritarrei Euskera Planaren barri emotea.
  • Gazteen Batzordea sortzea eta sustatzea.
  • Gazteentzako persona erreferenteak erabiltea euskereari prestigioa emoteko.
  • Kirol-monitore eta aisialdiko monitoreentzako prestakuntza-saioak atontzea.
  • Euskereak negozioetan emoten dauen balio erantsia ostalari eta merkatariakaz lantzea.
  • Sensibilizazino-kanpainak egitea, euskaldunak ahalduntzeko eta aktibetako.
  • Ostalaritzako eta merkataritzako langileentzako euskera-ikastaro laburrak.
  • Oinarrizko esaldiak euskeraz ikasteko Erraza da edo Ingura lako aplikazinoen erabilerea sustatzea.
  • Berbalagun estiloko programak bultzatzea.
  • Zerbitzuen sektorean euskerearen erabilerea areagotzeko itzulpenak edo dirulaguntzinoak eskaintzea.
  • Herritarrak aktibetako kanpainak egitea, euskerearen erabilerea sustatzeko, esaterako: Euskaraldia edo Korrika.
  • Aisialdiko eta kiroleko alkarteetan euskerearen erabilerea areagotzeko planak ezartzeko aukerea aztertzea.

Neurri horreek ezartzeko eta aurrerapenak ikusten joateko momentua da orain. Azken urteotan gero eta jente gehiagok berba egiten eta ezagutzen dau euskerea gure urian. Plan horrek familia barakaldarrei euskerea kalera atarateko aukerea eskaintzen lagunduko deusku, adierazo dau Focesek, plan barri horretan parte hartu daben kolektibo eta persona guztien parte-hartzea eskertuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu