Zaloa Urain: 'maite dogun musikeari eustea gozamena da'
2025-02-10 07:44 BarriketanKokein taldeko abeslaria.
Eibarko Kokein boskotea, talde mitikoa, orain 25 urte jaioa. Zenbat aldatu diran gauzak Euskal musikan 25 urtean. 2002an hasita 7 album plazaratu ditue eta orain zortzigarrena Bidea Da Helmuga diskoa aurkezten dabiz. Hamar kantu eta horreetatik 5 bersinoak dira: Lotuta Egon Arren (Zea Mays), Itzalak (Eraso!), Gora Begiratzean (Miren Narbaiza, Ander Mujika, Joseba Baleztena, Ate Joka (Mursego), Zain Egon Gabe (Nakar) eta Eñaut Gaztañagak gitarrea jo dau Zutik kantuan. Ganerakoak Kokein taldearenak dira okasinorako beren-beregi sortutakoak. Abesti barriak 2024ko garagarrilean grabau eta nahastau zituen Zestoako Gaztain estudioan Eñaut Gaztañagagaz.
Argitaratutako diskoak 8 dira: Argitaratutako diskoak 8 dira: Kokein (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Lotuta egon arren (Gaztelupeko Hotsak, 2004), Mundu margotu berri bat (Gaztelupeko Hotsak, 2017), Izan (autoproduzidutakoa, 2012), Lurpekhariä (autoproduzidutakoa, 2014), Lera (autoproduzidutakoa, 2019), Atomika (Mauka Musikagintza, 2022); eta azkena Bidea Da Helmuga (Balaunka, 2024).
Amurrio, Orereta eta Lizarran diskoa aurkeztu ondoren, zezeilaren 13an, Bilboko Kafe Antzokian joko dogu eta apirilean Abadiñon (6an).
Azalpen guztiak taldearen sorreratik Kokein taldeko abeslaria dan Zaloa Urainek emongo deuskuz.
1.- 2025. urtean, Bidea Da Helmuga disko barria aurkezten zabizie. Zer esan gura izan dozue izenburu horregaz?
Izenburuarena bagenkian eta esan gura izan dogu bidean baditugula helburuak, Bidea da helmuga, sano garrantsitsua dalako bide hori bizitea.
2.- Orain arte emon dozuezan kontzertuetan zer giro bizi izan dozue?
Oso gustora gabiz. Jentearen erantzuna sekulakoa da eta Lizarrako BotaRock, Amurrion, Oreretan eskainitakoak eta geu be Bilboko Kafe Antzokian zezeilaren 13an emongo dogunaren zain gagoz. Maiatzaren 10ean, barriz, Ermuko Vertigo Rock entzutetsuan izango gara, besteak beste, Pi L.T., Mikosis eta Moonshine Wagon taldeakaz. Gogotsu gagoz, plaza polita da, etxetik hur dago eta hitzordu horri begira be bagagoz.
Horrezaz gan, beste batzuk be baditugu, lauzpabost, baina ezin deutsudaz iragarri.
3.- Musikea eta berbak zuonak dira. Zelako gaiak jorratzen dozuez disko barriko 10 kantuetan?
Hamar bai baina barriak 5 dira eta ganerakoak bersinoak, gure lagunek egin dituen kantuen bersinoak. Ganerakoan, ondo zabiz, musikea eta berbak geureak dira eta terapiatzat idazten doguz asko barruan eta buruan ditugun gauzak zabaltzeko eta kanporatzeko balio deuskuelako baina gure egunerokoan bizi doguzan gorabeherak eta jorratzen doguz. Intentzinoa izaten da gaion esentzia eta magiagaz olgetea jenteak ondo pasau daian.
4.- Emakumeen parte hartzeari eutsiz, itxurakeriak baztertu eta zuon rock proposamena feministea izan da beti. Hasieratik zagoz taldean eta igarri dozu aldaketarik arlo horretan?
Bai. Eskerrak. Hogeita bost urteotan gaiak indarra hartu dau, bistaratu egin da eta ez dago horrenbeste bildurrik edozertaz berba egiteko. Musikearen munduan be gero eta emakume gehiago ikusten dira agertokietan. Emakumeak ikusgarri egiteko prozesuan gauza asko egin dira baina badagoz oraindino egin beharrekoak. Emakumeoi gehiago eskatzen jaku eta holako jarrerakaz atzera egingo dogu aurrera baino.
5.- Betiko boskoteak grabau dau diskoa baina azken orduko aldaketak izan dira, sorreratik kide izandako Txitxes gitarristeak taldea itxi dau aurtengo uda-amaieran eta Jatsuk bete dau haren lekua orain. Holako gorabeherek zelako eragina dabe taldean?
Bizi osoan alkarregaz gabiz, 25 urte inguruko ibilbidean lagunak egin gara baina askotan biziteak berak erakusten deusku faseak hasi eta amaitu egiten dirala eta kasu honetan Txitxesek amaitutzat emon dau Kokein taldeagaz egindako bidea eta errespetuz onartzen gogu hori erabagia. Jakina, 25 urteotan sekulakoa izan da laguntasuna eta lagunak izaten jarraituko dogu. Eta Jatsu oso pozik jarri zan ze gitarrea jotea beti izan dau pasino. Peetsetan genduana baino errazagoa izan da aldaketea.
6.- Kolaboratzaileak be izan dozuez, Zea Mays, Eraso!, Miren Narbaiza, Ander Mujika, Joseba Baleztena, Mursego, Nakar eta Eñaut Gaztañaga; azken hau gitarristea eta produktorea be izan da...
Bai. 25. urteurreneko disko berezia edo egin gura izan dogu eta polito geratàu jakula uste dot. Hogeita bost urteotan geugaz egon diran lagun musikariak animau eta ezelako kopla barik etorri dira gugana. Idea polita begitandu jakun, 5 bersino, 25 urteko ibilbidea, 5 horregaz olgau dogu eta pozarren gagoz emoitzeagaz. Nakar taldea barria edo da baina beste guztiak oso hur izan doguz prozesu guztian. Hunkitu egin gaitue, argi esan geuntsen askatasun osoa ebela bersinoak egiteko eta idea ona izan da, plazer hutsa, kolaborazinoak zehaztu eta bideratzea. Gure altxorrak, maite doguzanak beste batzuen ahotsakaz eta entzutea zoragarria izan da.
Eñaut Gaztañagak gitarrea jo dau Zutik kantuan eta produktore lanak be egin ditu. Ganerako kolaboratzaileakaz be oso pozik gagoz, barruan eben guztia atara eta sekulako kantuak egin ditue. Lotuta Egon Arren (Zea Mays); Itzalak (Eraso!); Gora Begiratzean (Miren Narbaiza, Ander Mujika, Joseba Baleztena; Ate Joka (Mursego); eta Zain Egon Gabe (Nakar).
7.- 2002an hasita 7 album plazaratu dozuez, horreetatik hiru autoproduzidutakoak. 25 urte bete dozuez aurten eta hor tartean izandako mugarrien artean zeintzuk nabarmenduko zeunkez?
Momentu bereziak, anekdotak, asko izan dira, zortzigarren diskoa etorri da orain, bidaia ederrak egin doguz, Japonian eta Londresen be aukerea izan genduan Atomika diskoaren aurkezpena egiteko eta gogoan izan, lagun minak gara, musikaz ez gara bizi, bakotxak bizitza pribatua be badauka baina horrenbeste maite dogun musikaz gozetea be ezin ahaztu.
8.- 2022ko Atomika sekulakoa izan zan baina ez dago geldi egoterik...
Balorazino positiboa da. Atomika diskoa oso ondo hartu eben zaleek, gure energia sentiduten ebela esaten euskuen eta hori guretzako oso betegarria izaten zan. Kontzertu asko emon genduzan. Geuk gura izan dogun musikea sortzea izan da beti asmoa eta libre sentidu gara. Gu ez gara honetaz bizi baina musikea maite dogu eta taldekideok be jarrera horrexeri eusten deutse. Gure bizitearen motorra da musikea.
9.- Lizarrako BotaRocken emon zenduenaren ondoren, zezeilaren 13an, Bilboko Kafe Antzokikoa eta Abadiñon bagilaren 6an emongo dozuezanak be ez doguz ahaztuko eta Vertigo Rock maiatzean… Besterik?
Espero dot baietz, kanpoan joteko gogoa daukagu baina ezin deutsut ezer aurreratu. Pazientzia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!