Ume eta nerabeek 'Xaxatzaile' izateko aukerea dabe Euskaraldian
2025-02-06 09:35 Euskerea berbagaiIkastolen Alkarteagaz batera egin dabe proposamena.
Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskerea ulertzea eta 16 urtetik gorakoa izatea dira. Halanda ze, 16 urte azpiko herritar gazteek be asko dabe esateko euskerearen bizibarritzean eta erabileran. Hori aintzat hartuta, Euskaraldia lantzeko ume eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak atondu ditue.
Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Alkarteko kideekaz alkarlanean prestau dabe ikastetxe eta zentroetan ariketak lantzeko materiala. Aurkezpen ekitaldia, Errenteriko Lekuona Fabrikan izan da eta horra batu dira Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea, Xabi Lasa Ikastolen Alkarteko Hizkuntza Egitasmoetako mahaiburua eta Inma Muñoa Ikastolen Alkarteko hizkuntza egitasmoetako kidea.
Maiatzaren 15etik 25era egingo dan ariketean, 16 urtetik gorako belarriprest eta ahobiziek emon leikie izena, izan be, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak esan dauenez, ariketea helduei zuzenduta dago, gaztetxoen aurrean eredu izan daitezan.
Euskaraldiaren helburua da euskerearen erabilerea areagotzea, aukerak biderkatuz eta hizkuntza ohiturak aldatuz. Halanda ze, herritar guztiei lehen berbea euskeraz egitea proponiduten deutse ariketeak. Horrezaz gan, euskeraz berba egin ez baina ulertzen dauen horri be euskeraz egitea eskatzen deutse.
Proposamen didaktikoak Euskal Herriko ikastetxe guztietara bialduko dira, izan be, ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin deutse euskerearen bizibarritzeari, gaineratu dau Euskaraldiko koordinatzaileak.
Xaxatzaile izateko deia
Euskal Herriko gaztetxoek zeregin garrantzitsua dabe Euskaraldian. Etorkizuneko parte-hartzaileak izateaz gan, Euskaraldiaren barri emongo dabe etxeetan xaxatzaile bezela.
Euskaraldiko lantaldeak ikastetxe guztiei materiala erabilteko eskatu deutse, ikastetxe publiko, Ikastola, Kristau Eskola eta bestelako zentroetako kideei. Proposamenak modu erosoan topauko ditue Euskaraldiko webgunean hemen.
Ikastolen Alkarteagaz batera prestautako material didaktikoak helburu bi ditu: batetik, ume eta gazteei, Euskaraldiaren barri emotea; eta, bestetik, ume eta gazteen konzientzia soziolinguistikoa biztea. Horretarako, adin tarteka osotu dira proposamenak: Altxa (3-9 urte), Jantza (9-12 urte) eta Jalgi (12-16 urte). Material didaktikoek 11 jarduera eskaintzen ditue. Proposamen guztiak egitura berekoa, ikastetxeetan lana errazteko eta ikasleen arteko hartu-emonak sustatzeko, adierazo dau Xabi Lasak.
Ikasleakaz proposamenak lantzeaz gan, ikastetxeek entidade moduan izena emon deiela animau ditu Goiatz Urkijok. Entidade bezela izena emoteko aukerea hemen dago.
Datak
- Entidadeen agerraldia: zezeilak 20, San Telmo Museoa (Donostia).
- Ahobizi eta belarripresten izen-emote edegiera festa: martiak 15, Izaskun Arrue Kulturgunea (Gasteiz).
- Hasierea: maiatzak 15, Euskal Herriko uri eta herrietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!