Zabalik XXVII. Amorebieta-Etxanoko Emakume Nekazari eta Artisauen azokan izena emoteko epea
2025-02-05 10:04 KultureaAzokea martiaren 8an egingo da, Zelaieta parkean.

Amorebieta-Etxanoko Udalak datorren martiaren 8an Zelaieta parkean egingo dan XXVII. Emakume Nekazarien eta Artisauen azokan izena emoteko epea zabaldu dau. Ekimena, Emakumeen Nazinoarteko Egunean egingo diran ekitaldien barruan kokatzen da eta helburua da Euskal Herriko emakume baserritar eta artisauen lana autortzea, ikusarazotea eta babestea, lehen sektorean eta tokiko ekonomian betidanik izan daben oinarrizko zeregina aldarrikatuz.
Amorebieta-Etxanoko alkateak azoka horren garrantzia azpimarratu dau, jardunaldiagaz emakume baserritar eta artisauen lana autortu nahi dogu, izan be, horreen zeregina ezinbestekoa izan da familien ekonomiari, kulturareari eta tradizinoari eusteko. Gure ingurunearen garapen ekonomikoa babeste dogu eta horrezaz gan, merezidu daben tokia emoten deutsuegu emakume nekazari eta artisauei.
Bardintasuna eta landa garapena sustatzen dituan ekitaldia
Azoka horren helburua da emakume produktoreen eta artisauen lana baloretea, sektorean daben garrantzia aldarrikatuz eta baserrietan eta artisau-produkzinoetan emakumeek egiten daben lana nabarmenduz.
Horrezaz gan, ekitaldiak euren produktuak saltzen be laguntzen deutse emakume baserritar eta artisauei, tokiko ekonomia eta landa inguruneko emakumeen enplegua babestuz.
Izen-emotea eta parte hartzeko baldintzak
Azokan tokiko artisau-produktuen postuak izango dira, gozogintzea, ogia, okelea, barazkiak, esnekiak eta konserbak, txakolina eta sagardaoa, dekorazino-artea, ehun-produktuak, bitxiak, osogarriak eta askotariko produktuak, loreak eta zidarrezko gaiak...
Izen-emotea zezeilaren 16ra arte egongo da edegita eta Euskal Herriko emakume produktore eta artisauek parte hartu ahal izango dabe. Kategoria bakotxeko gehienez postu bi izango ditu azokeak eta lehentasuna izango dabe Amorebieta-Etxanon erroldautako emakumeek.
Deialdiari buruzko informazino garrantzitsu guztia hemen dago eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!