Euskaltzaindiak igaz hildako sei euskaltzain autortu ditu

Bizkaie! 2025-02-03 07:39   Euskerea berbagai

Hildako beste sei euskaltzainak martiaren 28an autortuko ditue Bilbon.

Urteroko ohitureari eutsiz, Euskaltzaindiak igaz hildako 12 euskaltzainetatik erdiak autortu ditu, euren bizitzak eta euskerea eta euskal kulturearen alde eginiko ahaleginak akordauz. Batzarra Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izan da, Jargi aretoan. Ekitaldiaren buru izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputadu nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Joxan Goikoetxea musikariak eta Klara Mendizabal abeslariak egin dabe sarrerakoa, Egun da Santimamiña (Gabriel Aresti-J.M. Arrizabalaga) kanta interpretatuz. Ondoren, banan-banan irakurri dira igaz hildako lehen sei euskaltzainen profilak, halanda ze, hilbarri-txostenak: Joxe Mari Iriondok irakurri dau Iñaki Beobide (1934-2024) euskaltzain urgazlearen txostena; Jokin Apalategik Maite Idirin (1943-2024) ohorezkoarena; Xipri Arbelbidek Bernard Goity (1926-2024) urgazlearena; Pantxoa Etchegoinek Erramun Baxok (1928-2024) ohorezkoarena; Miriam Urkiak irakurri dau Jose Antonio Aduriz (1949-2024) urgazlearen profila eta Xabier Euzkitzek Joxe Ramon Zubimendi (1952-2024) euskaltzain urgazlearena. Tarteka, musikariek beste pieza bi interpretau ditue, Txantxangorria (M. Arrese-J.M. Usandizaga) eta Herri bat daukat (Gilles Vignault-Koldo Izagirre).

Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzainak Iñaki Beobideren bizipenak eta bere izaerearen ezaugarri nagusiak agertu ditu jente-aurrean: Beobidek Industria-maisutza ikasi eban, baina euskereari eskaini eutson bizitza osoa. Saltseroa baizen polifazetikoa zan, euskerea eta euskal kulturearen mundu txiki/handian sartu zala. Euskerea maite eban eta euskal munduari lotuta bizi izan zan beti. Holan, EiTBren sorrerean jardun ebala gogoratu dau, produkzino sailean eta antzerkigintzean egindako ahaleginak azpimarrau ditu ondoren: jarrai antzerki taldea zan Iñakiren afizino handietako bat. Guztiz garrantzitsua izan zan euskal antzerkiarentzat, beti be, Beobideren zuzendaritzapean. Kanpoko zenbait autorekaz, Xalbador Garmendia, Piarres Lartzabal, Telesforo Monzon, Gabriel Aresti eta abarren obrak tartekau ebezen. Talde hatan ezagutu genduazen, besteak beste, Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete, Axen Egaña, Rikardo Ugarte, Xabier Goenaga, Mertxe Uranga eta Mikel Forkada. Hamar urteren buruan, hogei bat antzezlan emon omen ebezen, itxura zaharreko euskal antzerkia barritze aldera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jantza, Antzerki eta Ahozko Literatura saileko arduradun be izan zan Beobide. Ganera, Antzez Taldeen Alkartea eta Antzerti aldizkaria sortu zituan. Liburugintzaen be ibili zan eta diskoetxe bat sortu eban, Herri Gogoa, Jose Anjel Irigaraigaz batera. Huraxe izan zan Iñakiren eginkizun maiteena, beharbada hantxe hartu eban bere biziko momentu onenak. Bertotik pasau ziran Ez Dok Amairukoak.

Jokin Apalategi ohorezko euskaltzainak Maite Idirin (1943-2024) haren emaztearen bizitzako pasadizorik garrantzitsuenak argitu eta adierazo ditu gaurko ekitaldian. Euskal kantagintzearen ikurretako bat izan zan Idirin, eta, besteak beste, baita Baionako Zabal liburudendearen sortzaileetarikoa be. 2011n, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Ohorezko Saria jaso eban. 2024ko maiatzaren 30ean, barriz, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendau eban. Oraintsu, Maite Idirin, herrigintza kantuz liburua argitaratu dau UEUk, haren ibilbide guztia batzen dauen argitalpena. Apalategik, baina, bestelako kontuak agertu ditu ekitaldian: Maite kantari bihurtu ebanekoa gogoratu dau (Atahualpa Yupanqui abeslari argentinarraren kontzertu batek eraginda), haren igesaldia (Bilbotik Ondarroara eta handik Baionara) Parisen eginiko urtean (hantxe ezagutu eben alkar Jokinek eta Maitek); Europan zehar egindako kantaldiak, Ipar Euskal Herrian eginiko emonaldi arrakastatsuak, Pelloportugaz eginiko lanak eta grabazinoak... Bistakoa danez, langilea zan Maite, gauza barrietara laster egokitzen zan emakumezkoa, Jokinek adierazi duenez.

Xipri Arbelbidek irakurri dau Bernard Goityren hilbarri-txostena eta apaizaren bizitzako unerik garrantzitsuenak akordau ditu ekitaldian. Besteak beste, Baionako apaizgaitegian teologia irakasle izan zan Goity eta, aldi berean, eleizbarrutiko aldizkariaren arduraduna. Arbelbidek gogoratu dau frantsesa eskolean ikasi behar izan ebala Goityk, Izpuran euskerea baizik ez baitzan entzuten. Ikasle-sasoian, Historiaz idaztea gustatzen jakiola gogoratu dau Arbelbidek, baita eleizbarrutiaren historiari eta mugarteari buruzko idazlan bat argitarau ebala be. Idazlan horreek zirala-eta, 2011n, 84 urtegaz Tolosako Unibersidadeko Zuzenbide Kanonikoko Fakultadeko kideek Zuzenbide Kanonikoan doktore-titulua emon jaken. Aita Santuaren Ohorezko Prelatuaren aitamena jaso eban eta horrek Monsinore titulu zibila emon jakon. Aitatzekoa da, baita, Lapurdi Irratian eleizbarrutiaren historiari eta bere eskumenei buruz egindako ehun bat saio eta Herria aldizkarian eginiko hainbat idatzi.

Pantxoa Etchegoin euskaltzain urgazleari egokitu jako Erramun Baxok euskaltzalearen ibilbide oparoa irakurtea: Erramun Baxok 1928an jaio Suhuskunen (Baxenabarre) eta Milafrangan (Lapurdi) bizi zan. Hogei urtez filosofia eta psikologia irakasten ibili zan Quebeceko Victoriavilleko irakaskuntza orokor eta profesionalaren ikastetxean. 1978tik 1993ra, hizkuntzalaritza aplikatua irakatsi eban Euskal Herriko Unibersidadean. Euskal Herrian, etenbako euskerearen eta euskal kulturearen alde egin eban, besteak beste, Euskal Kultur Erakundeko lehendakari bezela, hamar urtez. Erramun Baxok hizkuntzalariari be zor deutsagu euskera ikasteko Euskeraz bizi multimedia metodoa. Euskaltzaindiak haren merituak autortu eutson 1995ean, urgazle izentatuz eta 2010ean, ohorezkoa.

Miriam Urkia euskaltzain osoak irakurri dau Jose Antonio Aduriz haren adiskidearen hilberri-txostena, batez be, lexikografian egin eban lana azpimarratuz, baita uskaltzalearen izaerea apal eta konformistea nabarmenduz be: konformistea, beti. Esker oneko be, beti (...). Jakintsua oso, baina apala, bigarren planoan egotea nahi izaten ebana. Zenbat ikasten genduan beraregaz lanean edo solasean. Ez zen maisuaren lekuan jarten zan horreetakoa, nik dakidantxoa esanez ikaragarrizko lezinoa emoten euskun. Egunero ikasten genduan zerbait. Haserratzen be bazekian, e?.

Oiartzungo apaizak Jakinen eta Uzein eginiko ahaleginak adierazo ditu Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak, eta, haren meritu ugariak aitatzean, honeek nabarmendu nahi izan ditu, beste askoren artean: proiektu askotan parte hartu bazuan be, aitatzekoak dira lexiko-irizpideak finketako LEF batzordea, Hiztegi Batua eta, gero, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Eta, corpusgintzean, EEBS aurrena eta Lexikoaren Behatokia gero. Guztiak, zuzenean edo zeharka, hiztegigintza-planari lotuak (...). Hizpal, LEF, hiztegia, terminologia… gaur hain geureganatuak doguzen lexikoaren inguruko irizpideen finkapenean zutabe sendoa izan zan Joxean. Finketan, apliketan eta transmitiduten. Ohorezko euskaltzaina, ohorezko persona, gaineratu dau Urkiak.

Xabier Euzkitze euskaltzain urgazleak irakurri dau Joxe Ramon Zubimendiren hilbarri-txostena. Euskerazko hedabideetan euskerearen kalidadea eta egokiera ikuskatzen eta bideratzen, hizkuntza-arduradun, bikoizketa-zuzendari, gidoigile, aktore, itzultzaile, esatari eta gainbegirale lanetan ibili zan Zubimendi urte luzez. Baita irakasle-lanetan be. Horrezaz gan, Euskaltzaindiaren Jagonet konsulta-zerbitzuaren arduraduna izan zan. Bide ibiliei iges egin nahi izan deutsen bidaiari nekatuezina izan da Joxe Ramon Zubimendi, gogoratu dau Euzkitzek, haren izaereari erreparauz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu