Euskerea arnasbarritzeko bideak

Bizkaie! 2025-02-03 07:49   Euskerea berbagai

Hermes aldizkariaren azken zenbakiak hizkuntzearen etorkizuneko erronkak aletu ditu.

Bizi garen mundua aldatzeaz gan, gure gizartea etenbako aldaketan bizi da, gorabeheraz ganezka. Euskal kultureak, euskereak, XX. mendearen zati handi batean hainbeste atzerakada eta errepresino jasan zituenak, hazkundea eta garapen argia izan eban joan dan mendearen azken herenean eta milurteko barriaren hasieran, askorentzat ezustekoa, zein egoeratatik etorren jakinda. Halan da be, ezusteko barpizkundea gauzatu egin zan. Loraldi horrek, aldi berean, baikortasuna ekarri eban, hamarkada batzuetan, belaunaldi batean edo bitan, euskal kultureak, euskereak, gure aitita-amamen belaunaldiak amestu be egiten ez eban egoera soziala izango ebala.

Egia da asko aurreratu dala hizkuntzearen garapenean, hezkuntzan, estandarizazinoan, hiztun barri asko irabazi dira, baina... ziklo amaierara heldu garelako sensazinoa dogu, eta ez sensazinoa bakarrik. Ikerketa soziolinguistikoek nabarmetzen deuskuenez, gorabehera batzuk irabazteaz batera, aurrez aurrekorik garrantzitsuena galtzen gabiz. Lehen euskerea entzuten zan lekuan, orain indarra galtzen dago gure hizkuntzea, oraintsura arte euskerea indartsua zan lekuan, eremu geografiko batzuetan, familia-giroan eta bstelakoetan, arnasgune izateari itxi eta euskal hiztunez hustuten dagoz.

Hermes, pentsamendu eta historia aldizkariaren 79. aleak be ekarpentxua egin gura deutso gure gizartean euskerearen egungo egoerearen gaineko eztabaideari. Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariorde eta zenbaki monografiko honen koordinatzaileak, gure hizkuntzearen egungo egoerea definiduteko proponidu dituan kalifikatzaileakaz bat etorrita (bidegurutzea, ataka, geldialdia, atzeranzko jokeran sartzeko mehatxua...), pentsetakoa da dinamika bertikalak goitik behera epe luzera biderkatzeak ez dauela urtenbide argirik ekarriko, behintzat, kontrako norabidean, behetik gorako dinamiken babes zabala eta adostua ez badabe. Dinamika horreek, besteak beste, hezkuntzan, gazte-inguruneetan, etorkinei harrera
egiteko politiketan, adimen artifizialean eta bestelakoetan eragin behar dabe.

Adimen artifizialaren gaia jorratu dau Arantza del Pozok, Vicomtecheko Hizkerearen eta Hizkuntza Naturalaren Teknologien zuzendariak, idatzi dauen artikuluak eta euskerearen garapen sozialean eskaini leikiozan aukera handiak erakutsi. Alabaina, aldi berean, adimen artifizialaren zailtasunak eta arriskuak be nabarmendu ditu.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, bere gogoetaldian, hizkuntza-indarren korrelazinoan sakoneko aldaketea bultzatuko daben gehiengoak eratzearen garrantzia azpimarratu dau, horretarako, baina, zer egin? galderea plazaratu dau Akademiako buruak. Urrutiak ezinbestekotzat jo dau zeharkakotasuna, gizarte-eremu guztietan euskerearen aldeko babesa lortzea, inor kanpoan itxi barik, aurrera egin ahal izango dauelako gure hizkuntzeak zabaltzen.

Jon Sarasua Mondragon Unibersidadeko irakasle eta euskaltzain urgazlearen eretxiz, ezaugarri, prozesu eta elementu identifikatzaileak barruratu behar dira. Bestalde, egungo aukeren ikuspegi panoramikoa eta sintetikoa landu behar da. Eta, azkenik, elementu eragingarrien ibilbideak identifikau. Hori guztia norabidea marrazteko erabili beharko dogu. Elementu bik markau beharko dabe, bata etorkizuneko amesa irudikatzen dauena eta bestea prospektiba errealista eta informatua. Gizarte hipermodernoak aukera handiak eskaintzen ditu, baina, aldi berean, gizarte hori oso hotza izan daiteke. Gizakiok be komunidadea nahi dogu. Euskararen estrategia eta gidaritza komunitate-ehuna jagon eta barrituari lotuta egongo da. Euskereak benetan garrantzitsua dan lekuren bat izango badau, hori komunidadean bizitzeagaz lotuta egongo da. Ez dau hurbilenerako bakarrik balioko, baina hori oinarrizko balio erantsia izango da.

Hermesen 79. zenbakian, aitatutako gogoetez gan, Toti Martínez de Lezea idazlearen artikulua irakurri daiteke, euskerearen enigma edo euskerea bera enigma lez jorratzen dauena, bai eta Benito Lertxundiri egindako alkarrizketa luzea be, Orioko bardoak, kantagintzeari eskainitako sei hamarkadako esperientzia zabaletik, euskal musikeari eta kultureari buruz zabal egiten dauen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu