Kultur ibilbideak eta arte gotiko piezen zaharbarritzea, zezeilean zehar Enkarterriko Museoan

Bizkaie! 2025-01-31 07:48   Kulturea

Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin aldi baterako erakusketen barruan.

Gueñeseko Santa Maria eleizea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zallako San Pantaleon baseleizea eta Gueñeseko Santa Maria Basilikea izango dira, zapatuan, zezeilaren 15ean, Enkarterrietako Museoa Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin aldi baterako erakusketearen barruan egiten dabizen kultur ibilbideen hurrengo jomugak. Erakusketa hori 17 jarduera paralelo atontzeko biztugarri izan da, besteak beste arte gotikoak Enkarterrin itxi dauen errastua ezagutzeko berbaldiak, tailerrak edo bisita gidauak.

Jarduerea, Zallako Udalagaz lankidetzean egingo da eta Zallako San Pantaleon baselizea bisitauko da. Berton gordetzen da XIII. gizaldiaren amaieran datauta dagoan santu horren harrizko tailea, eskualdeko zaharrena. Gero, bisitariak Enkarterrietako Museora joango dira, Zallako eta Gueñeseko piezetan oinarritutako Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin erakusketean sartzeko. Aldez aurretik izena emon dabenak museotik Gueñeseko Santa Maria eleiza monumentalera joango dira. Eleiza hori be gotikoa da eta Bizkaiko portadarik onenetakoa dau, Eguzkiaren Portadea, gotiko berantiarrekoa. Jardunaldirako izen-emotea 94 650 44 88 telefono-zenbakian edo museoaren webgunean egin daiteke.

Zezeilean zehar, Gordexolako Zalduko San Nikolas eleizatik datorren santu ezezagun baten eskulturea be aurkeztuko da. Bizkaiko Arte Sagraduaren Museoan hainbat urtez gordea, Rocío Fernández Amezua aditua irudia zaharbarritzen dabil, estaltzen eban berniz baltza kentzeko eta bere polikromia eta ezaugarri nagusiak berreskuratzeko. Erakusketea itxi ostean pieza hori, erakusketako beste batzuk bezela, Enkarterrietako Museoaren bilduma iraunkorraren parte izatera pasauko da.

Abellanedan (Sopuerta) dagoan eta Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzakoa dan kulturguneak, bagilean inaugurau eban apirilera arte zabalik egongo dan Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin erakusketea. Urregintzearen, irudien eta margolanen artean ondare balio handiko 38 pieza batzen dituan erakusketea Jesús Muñiz Petralanda historialariak XIII. eta XVI. mendeen artean Bizkaiko ondarean aztarna garrantzitsu besteko ezezaguna itxi dauen garai artistiko zaharraren inguruan egindako lanean oinarritzen da.
 
Proiektuak Enkarterriko hainbat kultu-tenplutan zehar zabaltzen dan arte gotikoari buruzko argitalpen bat sortu dau, kultur ikasturte honetan gauzatzen dabizan jarduera sorta zabala osotuz. Hurrengo hitzorduak ondoko honeek izango dira:

Zezeilak 15

Gueñeseko Santa Mariaren jatorri gotiko berantiarra. Bisitaldia Gueñeseko Santa Maria eleizara. Berton, gotiko berantiarreko Eguzkiaren Portada bikainean zentrauko da gidaria.

San Pantaleon baseleizea (Zalla). Baseleizearen bilakaerea gotikotik barrokora. Bisitaldia San Pantaleon baseleizea egon zan eta gaur egun dagoan lekuetara, jatorrizkotik kilometro batera. Berton dago taila gotiko zaharrena, San Pantaleon berarena. Zallako Udalagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

Martiak 15 eta 16

Muñatoneseko San Martin hazurrezko erliebe italiarrak (Muskiz). Bisitaldia Muñatoneseko San Martin Gaztelura eta Museo Arkeologikora (Bilbo). Berton, XVI. mendearen hasierean Italiako iparraldetik Muñatonesera inportautako kutxa baten parte izango ziran hazurrez egindako taila txiki bi kontserbetan dira. Muskizeko El Pobal burdinoleagaz eta Arkeologia Museoagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

Martiak 29

Zalduko San Nikolaseko (Gordexola) moltso gotiko berantiarra. Bisitaldia Zalduko San Nikolas eleizara. Berton, Gordexolan kontserbautako taila gotiko ugariak zehaztuko dira, beharbada erretaula baten parte izan ziran Zalduko hirurak batez be.

Apirilak 13

Romañako San Pedro eleizearen (Turtzioz) jatorri gotiko berantiarra. Bisitaldia garai gotikoko kapitel landuak konserbetan diran eleiza horretara.

Apirilak 27

Pobeñako San Nikolas eleizako Andra Mari gotikoa. Bisitaldia Muskizeko auzo horretan dagoan eleiza txikira. Bertotik dator ezagutzen dogun Andra Mari gotiko txikiena. Muskizeko El Pobal burdinoleagaz alkarlanean egindako jarduerea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu