Zezeileko martitzenetan etorkizuneko emakumeen erronkak aztertuko ditue
2025-01-30 10:59 KultureaEmakumeak Bizkaian: aurrerapen eta sororitateko ibilbideak jardunaldien barruan.
Euskalerriaren Adiskideen Alkartearen (EAE) Bizkaiko Batzordeak Emakumeak Bizkaian: Aurrerapen eta Sororitateko Ibilbideak izeneko lau jardunaldiko zikloa atondu dau zezeilerako. Emakumearen papera eta erronkak ardatz dituen topaketen V. edizinoa da daborduko, eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen lankidetzea eta Begoña Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko historialari eta irakasle emerituaren eta EAEko Adiskide Numerarioaren koordinazino orokorra dabe.
Jardunaldiak datorren martitzenean hasiko dira, hilak 4 eta zezeileko ganerako martitzenetan ( 11, 18 eta 25ean) jarraituko dabe, modu edegian eta doban, emakumearen arazoak eta egungo gizartean beteten dauen lekua aztertzeko. Helburua da emakumeak ikusarazotea, horreen aurrerabideari buruzko ebidentziak erakustea eta datozan desafioak eta erronkak mahai ganean jartea. Beraz, edizino honetan, Erakundeak zuzenbidean, kulturean, enpresean eta landa-eremuan dagozen emakumeen adibideak diseinau ditu.
Halanda ze, Jardunaldiei esker, hainbat esparrutan proiektuak eta lan jarduerea egiten dabizen Bizkaiko emakumeen lekukotza eta esperientzia entzun ahal izango dabe gizon eta emakumeek. Helburua da lekukotza horreek lagungarri izatea hainbat arlotan emakume erreferenteak topatzeko, besteak beste, kulturean, enpresean, lehen sektorean edo arlo juridikoan. Zikloa martitzenean, hilaren 4an, hasiko da, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko lehendakariak eta Jose Manuel Barandiaran Garcia EAEko Bizkaiko Batzordeko presidenteordeak inaugurauko daben lehen mahaiagaz.
Deialdiak Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak gizon eta emakumeen arteko aukera bardintasuna sustatzeko eta emakumearen rola eta etorkizuneko bilakaerea ikusarazoteko dauen zeregina nabarmentzen dau, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak sustatutako genero bardintasunaren irizpideakaz eta optikeagaz batera.
Zezeilak 4: enpresa trebetasunak
Atondu diran lau saioen zikloa inaugurauko dauen lehenengo mahaia zezeilaren 4an hasiko da. Begoña Cava Mesa historialari eta Deustuko Unibersidadeko irakasleak moderatuko dau. Elkarrizketa partekatuak, trebetasun profesionalak eta ekarpenak izenburupean, honeek izango dira hizlariak: Maite Aranzabal Harreguy Novia Salcedo Fundazinoko presidentea; María Goti Ciprian El Correo Alavako zuzendari gerentea; Ana Belén Palencia Ríus Bilbao Exhibition Centreko (BEC) komunikazino zuzendaria; eta Patricia Sojo Gutiérrez Bilbao House Concertseko zuzendaria eta sortzailea. Berton, emakume lez dituen trebetasun profesionalak partekatuko ditue eta trebetasun horreek euren lanbideetan zelan laguntzen eta zer emoten daben adierazoko dabe.
Zezeilak 11: Emakume legelariak
Bigarren mahai-ingurua emakume legelarien ingurukoa da. Mahaiaren moderatzailea Inés Pellón González izango da, EHUko irakaslea eta EAEko Adiskide Numerarioa, eta berton hartuko dabe parte Adela Asua Batarrita EHUko Zigor Zuzenbideko katedradun, Konstituzino Auzitegiko presidenteorde eta Estadu Konseiluko konseilari iraunkorrak; Reyes Goenaga Olaizola Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidenteak; eta Maite Portus Saratxo Familia Zuzenbidean abokadu adituak.
Zezeilak 18: emakumeak landa-eremuan
Hirugarren jardunaldian lehen sektoreko emakumeak ikusarazoko dira eta moderatzailea Estibaliz Apellaniz Ingunza EHUko irakaslea eta EAEko Adiskide Numerarioa izango da. Ondoko honeek egongo dira mahaian: Itziar Bollar Urizar Arte Ederretan lizentziaduna eta Igorreko Urkitze landetxearen jaubeetako bat; Elena Galán del Castillo BC3ko (Basque Center for Climate Change) doktoretza-ondoko ikertzailea eta artzaina Pirinioetan; eta Leire Sorhouet Bordas Biologian lizentziaduna eta Bizkaigane Alkarteko bazkidea.
Zezeilak 27: emakumeak dimensino soziokulturalean
Jardunaldiak zezeilaren 25ean amaituko dira, arlo soziokulturalean ekarpenak egin dituen eta arlo hori eraldatzen dabizen emakumeak batuta. Begoña Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko historialari eta irakasleak moderatuko dau mahaia eta honeek egongo dira bertan: Igone Etxebarria Zamalloa Labayru Fundazinoko zuzendaria; Ane Legarreta Méndez orkestra zuzendaria; Ana Vega Pérez de Arlucea kazetaria, ikertzailea eta sukaldaritzaren historiako dibulgatzailea; eta Begoña Zubero Apodaca artista sortzailea eta argazkilaria.
Jardunaldiei amaierea emoteko, emakumeek osotutako Oroimen Ensemble harizko hirukotea (biolina, biola eta txeloa) izango da. Sarrerako berbak, barriz, Ane Legarreta Méndez Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea Alkarteko zuzendariak egingo ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!