Juncal Ballestin Ikerketarako Nazinoarteko Bekea martxan dago
2025-01-29 12:38 KultureaBekea eskatzeko azken eguna martiak 10a izango da.
Artium Museoa - Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Juncal Ballestin Nazinoarteko Bekea deitu dau, arte feministearen historiografiari eta museoko bildumeagaz zerikusia daben emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuak laguntzeko.
Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazino Zentroari atxikia, deialdi honen helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazinoarteko arte feministearen historiografiari ekarpen esanguratsua egingo deutsona eta/edo museoaren eta bere Bildumako programazinoagaz zerikusia daben emakume artista eta pentsalarien produkzinoa aztertuko dauena. Parte-hartzeko oinarriak Artium Museoaren webgunean dagoz eskura.
Deialdi honetara edozein nazionalidadetako ikertzaileak aurkeztu daitekez, edade-muga barik, banaka zein hautagaitza bateratua aurkezten dauen kolektibo bateko kide legez. Eskatzaileek bekearen iraunaldian jorratzekoa izango dan ikerketa-proiektu bat, argitaratu bakoa, aurkeztu beharko dabe. Iraunaldi hori bederatzi hilebetekoa izango da, onartzen dan egunetik zenbatzen hasita.
Ikerketea jorratzeko bideratutako gehieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da eta honako honeek jaso beharko ditu: Ikertzaile(ar)en ordainsariak eta ikerketearen garapenak eragindako gastuak. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2025eko martiaren 10a da. Ondokoak dira hautapen-batzordeak kontuan hartuko dituanak: Proiektuaren interesa, eskatzailearen profil profesionala eta ikerketa-proposamenaren egokitasuna Artium Museoaren helburuen artean.
Informazino gehiago izateko deialdiaren oinarriak konsultau hemen. Interesdunek Artium Museoaren webgunea aztertu leikie edo helbide elektroniko honetara jo: ikerketa_investigacion@artium.eus.
Artium Museoak atontzen dauen nazinoarteko ikerketa-bekeak Juncal Ballestin (Gasteiz, 1953-2015) artistearen izena dauka. Aurton, 10 urte beteko ditu. Artistearen bizi-ibilbidea konpromiso feministeak markau eban eta, haren obreari jagokonez, askotariko materialak, bitartekoak eta teknikak erabilteagaitik nabarmendu zan: pinturea, marrazkia, instalazinoa, bideoa, lan grafikoa...
2024ko edizinoan, bekea Andrea Valdes (Bartzelona, 1979) ikertzaileari emon jakon eta Alina Szapocznikow artista poloniarraren eta Itziar Okariz eta Ana Laura Alaez euskal sortzaileen (biak museoaren bilduman dagoz) jardunaren arteko azterketea proponiduten eban. Valdesek martian aurkeztuko ditu bere ikerketa-lanaren emoitzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!