130 produktore eta 180 abelburu Abadiñoko San Blas Azokan
2025-01-29 09:31 KultureaKultur eta kirol-jarduerek egun betea osotuko dabe.
San Blas azokea bueltan da (zezeilak 3). Halanda ze, Abadiñoko Udalak eta herriko eragileek eskaintza zabala prestau dabe publiko guztiari begira. Hilaren 3an, astelehena, 130 produktore inguru eta 180 abelburu batuko dira Zelaieta auzoko plaza eta txokoetan.
Gune nagusia, urtero lez, Trinketeko aparkalekuaren inguruan egongo da. Bertan, BBK-ren laguntzinoa jasoten dauen nekazaritza azokea egongo da. Guztira, ehun produktore inguru batuko dira: ogi eta gozogintzea (32), gaztea (13), ortuariak (12), eztia (9), danetariko produktuak (9), sagardaoa eta txakolina (8), txerriki eta okela (6), konserbak (6) eta patea (5). Aurton ogi eta gozogintzako produktore kopuruan egon da gorakadea, izan be, 5 postu egongo dira produktu ekologikoak eskaintzen. Ganera, betiko lez, sari bi banatuko dira: bakotxak 250 euro jasoko dituan fruta eta barazki-postu onenari eta nekazaritza-azokan ondoen apaindutako postuari.
Txanporta plazan, barriz, artisautza azokea egongo da ikusgai. 26 postu egongo dira berton eta larruzko eskulanak, bitxigintzea, kosmetika naturala eta modu artisauan eta jasangarrian egindako arropak egongo dira ikusgai.
Trinketearen atzealdean jarriko dira abeltzaintza-azokarako karpa edegiak eta bertoko aparkalekuan egongo da landareen gunea (mintegiak), zortzi postu hain zuzen be.
Bestalde, abeltzaintza-azokak 180 abelburu inguru batuko ditu, batez be, behiak eta ardiak, baina zaldiak, astoak eta hegaztiak be egongo dira. Frisiar, piriniotar, limusina eta blonda behiak ikusi ahal izango dira, baita bertoko terreña, montxina eta betizu behiak be. Azokeak beste arraza autoktono batzuk be izango ditu, esaterako, Euskal Herriko mendiko zaldia, pottokak, astoak, ardi aurpegi baltza eta azpi gorri ahuntzea.
Gaztañodi parkeak nekazaritzako makineriaren gunea hartuko dau, hiru kaletan zehar banatuko diran 13 erakuslekaz. Ganera, San Blasek burdingintzea, egurrezko tresnak eta saskigintzea eta uhalgile tradizinonal bat hartuko dituan gunea izango dau. Jakina, San Blaseko erroskilla eta opil postu tradizinonalek (18) eta talo-txosnak (7) izango dira betiko lez, Trinketeko aparkalekuan eta Ferialeku plazan.
Egitaraua
Egunean zehar kultur eta kirol-jarduera ugari izango dira. Txanbolin Txistulari alkarteak hasiko dau eguna, azokea edegiko dau-eta, kalejira eginez. Goizean zehar, Sualai Forjako Iker Gabilondo forjariak ikuskizuna eskainiko dau. 12:00etan Txaber Altube, Garikoitz Sarriugarte eta Bittor Altube bertsolariak ibiliko dira kantuan Ferialeku plazean. Ordu berean, herri kirolen ohiko jaialdia izango da probalekuan. Egunari amaierea emoteko, DJ Bullen emonaldia eta Idi proben saioa eskainiko dira.
Mikel Urrutia Galan alkateak nabarmendu dauenez, igaz San Blas egun jendetsua izan zan, oso balorazino onagaz zarratu genduan eta, beraz, aurton lan ildo bera jarraitzen gagoz, identifikau doguzen hobekuntza batzuk sartuz. Adibidez, dobako udal garraioa indartu dogu, halanda ze, autobus bi izango dira Traña-Matiena-Zelaieta ibilbidea eginez 9:00etatik 16:00etara, abadiñarrei eta trenez edo autobusez datorren jendeari zuzendua. Komun publikoen kalidadea be hobetuko dogu, etenbako garbiketea zerbitzua kontratatuz. Udal langileek, alkarteek eta boluntarioek hainbat aste daroazte lanean azokea eta San Blaseko egitaraua atontzen, eta egindako ahalegina eskertu nahi dogu. Zezeilaren 3a egun handia da abadiñarrontzat, gure historiagaitik eta herriaz harro sentiarazoten deuskulako.
Abadiño bisitatzeko konbita luzatu dau Edurne Maguregi alkateordeak: San Blas eguna da Abadiñoren datarik esanguratsuenetako bat, ez bakarrik tradizioagaitik, baita sortzen dauen eregin kultural, sozial eta ekonomikoagaitik be. Harro gagoz, alde batetik, azokearen bihotza diran produktoreen, abeltzainen eta nekazarien parte-hartze handiagaitik; eta, bestetik, interes handia jaso dogulako, baita Bizkaitik kanpo be, eta horrek berresten dau ekitaldiak lehen sektorearentzat eta ostalaritzarentzat dauen garrantzia. Azokea, ahalegin kolektibo baten emoitza da. Abadiñarrak eta hurreratu nahi daben persona guztiak, alkarrenganako errespetuak markautako jardunaldiaz disfrutatzera konbidaduten ditugu eta azokea gure komunidadearen parte sentiduten dogun harrotasunagaz bizitzera. San Blas tradizinao baino askoz gehiago da: batzeko eta udalerri bezela garen guztia ospatzeko dogun gaitasunaren sinboloa da.
Idi probak eta Burruntziko bildots txapelketa
Zezeilaren 15ean, XXXV. Burruntziko bildots txapelketearen barruan, 50 bildots erreko diran ohiko bildots jana egingo da Zelaietan. 14:00etan herri bazkaria izango da Probalekuan. Urtarrilaren 31ra arte emon daiteke izena eta bazkarirako txartelak (15€) Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan erosi ahal izango dira zezeilaren 10etik aurrera.
San Blas azokaren inguruan ohiko idi probak be egingo dira. Probalekuak San Blas Saria 2025 hartuko dau zezeilaren 3tik 10era eta 20 idi bikotek emongo dabe parte (3 kintopekoak). Hilaren 3ko probak 18:00etan izango dira eta zezeilaren 8an saio bi egongo dira, 17:00etan eta 22:00etan.
Konsultau hemen egitarau osoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!