Markos Goikolea eta Kepa Ibarra nagusi

Bizkaie! 2025-01-28 08:34   Kulturea

Idoia Garzesek EITBren Saria Euskerazko Soinu Fikzinoko Gidoi Labur Onenarena irabazi dau.

Aurkeztu ditue Café Bar Bilbao-Tartean Teatroa antzerki laburreko sarien XXII. edizinoko irabazleak; euskeraz, Markos Goikolearen Destiny driver; gaztelaniaz, Kepa Ibarraren La isla oxidada; eta, EITBren Saria Euskerazko Soinu Fikzinoko Gidoi Labur Onenari, Idoia Garzesentzat izan da, Goiuri! Arazo bat dugu lanagaitik.

Gaztelaniazko epaimahaia Patxo Telleriak, Jokin Oregik, Getari Etxegaraik eta Mikel Martinezek osotu dabe; euskerazkoa, barriz, Patxo Telleriak eta Getari Etxegaraik.

Benetan gatxa izan da irabazleen aukeraketea, aurkeztu diran gidoien kalidadea handia izan da-eta. Halanda ze, 16 gidoi aurkeztu dira euskeraz eta 24 gaztelaniaz. Generoari jagokonez, euskeraz eta gaztelaniaz, 7 egile emakumezkoak izan dira, beste guztiak gizonezkoak, adierazo dabe atontzaileek.

Euskerazko zein gaztelaniazko sarien irabazleek 750 euro jasoko dabe lan bakotxeko. Ganera, euskerazko testuaren dramatizautako irakurketea egingo da Lautan Hiru Bilboko Alde Zaharreko Antzerki Festibalean.

Gidoi sarituek Pabellon 6 Antzerki Laburreko Jardunaldietan taularatzeko aukerea be izango dabe, bateren batek antzezlana produzidu nahi badau. Café Bar Bilbao-Tartean Teatroak laguntzinoa eskainiko dau (600 euro) saritutako lan bat (euskerazkoa edo gaztelaniazkoa) jardunaldi horreetan estreinau eta publiko aurrean erakutsi ahal izateko.

Aurtongo barrikuntzen artean EITB Sari berezia dago Euskerazko Soinu Fikzinoko Gidoi Labur Onenari. Kasu horretan, EITBk 1.000 euroko saria emon dau eta gidoi irabazlearen eskubideak eskuratu ditu, podcasta produzidu ahal izateko, holan erabagi ezkero.

Lan Sarituak Café Bar Bilbao eta Teatro-testuak webguneetan publikauko dira.

Markos Goikolea

Markos Goikolea Iruñeko antzerkigile eta gidoilaria da, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibersidadean Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizenziatua. Gidoigintzan masterra dau ESCACen eta Sala Becketten dramaturgia ikastaro ugari be jaso ditu.

Destiny Driver-ek etorkizunaren kolonizazinoari buruz hausnartzen dau. Gaur egungo botere-egiturek gure etorkizun posibleak proiektau eta modeletan ditue; gure etorkizunaz jaubetuz, honeek existidu baino lehenago be.

Kepa Ibarra

Ibarra eszenako zuzendaria, dramaturgoa eta antzerki-pedagogoa da. Rosa Abal kultur ekintzaileagaz batera, Gaitzerdi Antzerki Konpainia sortu eban.

Planetako edozein ozeanotan galdutako ugarte batean bizi dira herritar bi, naufragio emozinonalerako ezelako tarte barik. Isiltasuna, gosea eta industria-irabazi faltsuak buztartzen ditue La isla oxidada obran.

Idoia Gardes

Ikasketaz kazetaria, 20 urte pasautxo egin zituan telebistan gidoilari eta erredaktore lanetan. Zeregin horreek itxi eta bestelako lanetan ibili da. Lau liburu kaleratu ditu: Hari single bat, Mendiko gaitza, Kukuaren kantua eta Dei galdu bat.

Goiuri! Arazo bat dugu obrearen sinopsia

2057. urtean gagoz. Tira, Aro Barriko 27. urtean. EAE, Euskal Agentzia Espaziala, bada nor nazinoarteko kontzertuan. Euskal Herria lasterketa espazialaren norgehiagokea jokatzen daben nazinoen klubeko kide hautatua da. Jalgi Hadi zunda, Mari suziria, Tartalo teleskopio espaziala, Pintto izarretako lehen txakur euskalduna, Ilargiko Mateo Txistu basea, Esne Bidetik ataratako espedizinoak…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu