Jimmie Vaughan musikariak jasoko dau Bilbao Blues Festivaleko txapela

Bizkaie! 2025-01-27 10:35   Musikea

Lau Grammy irabazi ditu.

Bilbao Blues Festival jaialdiaren laugarren edizinoa garagarrilaren 25etik 27ra egingo da, Arenalean. Lehiaketako saria Jimmie Vaughanentzako (Texas, 1951) izango da. Lau Grammy irabazi ditu eta kontzertu bakarra izango da Estaduan.

1976an The Fabulous Thunderbirds talde mitikoa sortu eban Kim Wilson, Keith Ferguson eta Mike Buck musikariakaz batera. 1989an taldea itxi ondoren, bakarlari moduan karrera bikain bati ekin eutson.

Jaialdia finkatuz joan da pixkanaka-pixkanaka, uriko jaien egutegiaren zati garrantzitsu bihurtu da eta dagoeneko erreferente bihurtu da nazinoartean. Aurton pozik gagoz txapela Jimmie Vaughani jarri ahal izateagaitik. Publikoak jai handi batez disfrutauko dau barriro be Vaughani eta laster iragarriko doguzan ganerako artistei esker, adierazo dau Carlos Mallesek, jaialdiko zuzendariak.

Kontxi Claver, Bilboko Udaleko Ekonomia, Garapen, Merkataritzea, Enplegu eta Turismo zinegotziak nabarmendu dauenez, artista mitiko horren autorpena aurtongo jaialdia edegiteko modurik onena da. Era berean, Vaughanen bluesa Bilbon eskaintzen gagozan kalidade zigiluaren bermerik handiena da.

Bilbao Blues Festival laugarren edizinoko kartelak, Bizkaiko uriburuaren esentziagaz dauen loturea azpimarratzen dau, haren zubi ezagunetako baten bidez: Salbekoa. Ilustrazinoa Moriskette euskal estudioak diseinau dau, Sergio Perez Berasategik zuzenduta eta jaialdiaren lehenengo edizinotik irudia sortu dabenen eskutik.

Bluesaren espiritu bidaiaria eta Bilbogaz dauen loturea jaso nahi genduzan. Bluesman ibiltari baten irudian inspirau ginan, gitarrea eskuan daroala. Salbeko zubiaren parean egiten dauen pausoak uriaren bihotzera sarrera sinbolizetan dau, jaialdiaren eta Bilboren beraren esentzia edegia islatzen dauen ondoetorri eta topaketarako lekua, narbamendu dau Berasategik. Walking Blues generoaren kontzeptu klasikoan oinarrituta, kartelak, generoaren tradizinoa ez ezik, uriaren aparteko izaerea be islatzea nahi izan dogu, gehitu dau.

Jimmie Vaughan

Jimmie Vaughan (Oak Cliff, Texas, 1951) blues amerikarraren historiako gitarristarik onenetako bat da; lau Grammy sari eta zortzi izentapen jaso ditu. Aitak animauta, gaztetatik gitarra joten hasi zan eta Stevie Rayren, haren anaia txikia, mentore eta irakasle izan zan. Gerora, gitarrearen izar handienetako bat bilakau zan eta 1990ean hegazkin istripu batean, 35 urte zituela, hil zan.

70eko hamarkadearen erdialdean, The Fabulous Thunderbirds taldea sortu eban Wilsonegaz batera, garai hartako bluesa erabarrituz. Zazpi disko grabau zituan 1990era arte, Family Style proiektu barrian sartuz Stevie Rayregaz batera; handik gitxira hil zana.

Vaughanek hiru urte geroago ekin jakon barriro be bakarkako ibilbideari. Orain arte, kolaborazino ugari egiteaz gan, bost disko kaleratu ditu: Strange Pleasure (1994), Out there (1998), Do you Get the Blues? (2001), Plays Blues, Ballads & Favourites (2010) eta Baby please come home (2019).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu