'Zazpi ames, kidetasun sendo batek loturikoak: konpromisoa'
2025-01-27 07:40 KultureaArriagako antzezlekura igon dauen azken sariduna Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da.
Imanol Pradales Lehendakariak buru jardun dau 2024ko Sabino Arana Sarien kultura-ekitaldian, Bilboko Arriaga Antzokian. Ekitaldian, ondoko honeek jaso dabe saria: Iñigo Urkullu Lehendakaria; Jean-Claude Larronde abogadu eta historialaria; En Tol Sarmiento (ETS) musika-taldea; Nafarroako Acción Contra la Trata alkarteari atxikitako Las Poderosas emakume-taldea; Leopoldo Martínez abogadu eta politikari venezuelarra; Javier Iruretagoiena (Jabo Irureta) futbol-jokalari eta entrenatzailea; eta Europako Batzordeko Oparotasuna eta Industria Estrategia sustatzeko presidenteorde ejekutiboa, Stéphane Séjourné.
Sabino Arana Fundazinoak Sabino Arana Sarien 36. edizinoa, Imanol Pradales Lehendakariak buru, Fundazinoaren Patronatuko kideek lagunduta, Sabino Arana Fundazinoaren (SAF) presidente Mireia Zaratek Sabino Arana Sarien 36. edizio honetan aukeratutakoen gorabeherak adierazo ditu, eta gogorarazo dau, gaurkoa lako egun batean, orain dala 160 urte, gure Fundazinoak daroan izenaren jaubea, Sabino Arana, jaio zala, eta orain egun gitxi, Martin Luther Kingen jaiotzearen urteurrena gogoratu dogu. Persona entzutetsu bi, garaikideak izan ez arren, hainbat antzekotasun ditue. Bi-biek ames ederra izan eben. Sabinok, alde batetik, Euskadiren eskubide historikoak berreskuratzen ikusteko amesa, aberri edo nazino lez eratuta, Europako Herrien itunaren barruan. Martin Luther Kingek, bestetik, persona guztien arteko bardintasuna egiazkoa zala egin eban ames, jatorria, larruazalaren kolorea eta gizamailea gorabehera, eskubide zibil unibersalen alde jokatuz, adierazo dau.
Jean-Claude Larronde, memoria eta euskal nortasuna
Jean-Claude Larronde izan da Arriagako antzeztokira igon eta sariagaitik eskerrak emon dituan lehenengoa. Abokatu eta historialari lapurtarrak Herri honen memoria eta nortasun nazionalari heltzen jakin izan dau bere lan ugariei esker, eta ez ditu ahaztu gaurdaino bidean lagun izan dituenak. Hasteko, Sabindiar Batzako kideakaz izandako lehen hartu-emonak gogora ekarri ditu Larrondek, horiexek saritu baitzeben 1971n Sabino Aranari eta kolonialismoari buruz egindako lana, bai eta José Mª Gamboa eta Joseba Agirre, Lehendakariaren semea, gaur egun ez dagozanak eta beragaz batera euskal historia sustatzeko Bidasoa alkartea sortu ebenak.
Era berean, denporeak arrazoia emoten deuskula adierazo dau: Parisko eraikinagaz ikusi eta entzundakoez, jaube legitimoak 73 urte geroago berreskuratu dau. Amaitzeko, konfidantza osoz ondokoa esan dau: gure alderdi zaharrak independentziara eroango gaitu.
Koro Garmendiak lagundu deutso Mireia Zarateri saria banatzen.
Leopoldo Martínez, lankidetzako konpromisoa
Ondoren, Leopoldo Martínezek jaso dau saria. AEBetako gizartean erabat bertakotuta dagoala, hango herritarra balitx lez, bere ezaupide ekonomikoetan eta AEBko Alderdi Demokratan dauen konpromiso politikoan oinarrituta, onena eskaintzen deutso gaur egun bizileku dauen herrialdeari, bere jaioterria, Venezuela eta Euskadi, euskal sustraiak dituala.
Martinezek adierazo dauenez, euskal sustraiak aitita Politori zor deutsoz, eta esan dau berak berba egin eutsola Euskal Herriko tradizino demokratikoaz eta guztion onerako zerbitzuan jarritako jakintzearen balioaz, Gernikako Arbola eta Batzar Etxea bisitetan ebizela...
Era berean, Ameriketako Demokrazia eta Garapenerako Zentroan lan egiten dauen taldeak sortutako hartu-emon sendoa nabarmendu dau. T horretatik, aro konplexu honetako erronka publikoak, nazinoartekoak eta politikoak lantzen jarraituko dugu, beti be polarizazino politiko suntsitzaileari aurre eginez, demokrazia indartzeko asmoz. Eta, jakina danez, eskerrak emon nahi ditut Venezuelan demokrazia berreskuratzeko alkarregaz egiten dogun ahaleginagaitik, esan dau.
Daniel Camblong izan dau alboan Fundazinoaren presidenteak saria emoteko.
Las Poderosas, talde aurrendaria Nafarroan emakumeen salerosketearen kontrako burrukan
Antzokira bertaratutakoen txalo zaparradea jaso dabe Las Poderosas taldearen izenean jardun daben ordezkariek. Taldea aurrendaria da Nafarroan emakumeen sexu-esplotazinoaren kontrako burrukean eta hori desagerrarazoteko ahaleginetan laguntzino-sareak sortuta. Joy Ogbeide, Lydia Osifo Festus, Grace Ogbeifun, Vivian Dickson eta Favour Roberts igon dabe antzezlekura.
Joy Ogbeidek aditzera emon dauenez, sari hau ez da guretzat bakarrik, Euskadin be emakumeen saleroskete badagoala nabarmentzeko okasinoa da; salerosketea benetakoa baita eta gugandik oso gertu baitago, gure auzo-urietan. Eta azpimarratu dau, gure auzo eta urietan salerosketarik, ez prostituzinorik ez zala egongo putazalerik ez balego.
Ogbidek saria konpartidu gura izan dau Acción Contra la Trata/Emakumeen Salerosketaren Kontrako Ekintza Taldeagaz eta bertako lantaldeagaz, emakumeei emoten deutsen babesa eta enpatiagaitik: Gaëlle, Giselle, Alicia eta Lydia.
Saria emotean, Patronatuko kide bi izan dira Zarategaz batera, Miren Azkarate eta Asier Barandiaran, hain zuzen be.
Javier Iruretagoiena Amiano
Euskal futbolaren ikur nagusietako batek, Javier Iruretagoiena Amianok, Jabo Irureta izenez ezagunagoak, hunkituta jaso dau saria. Idoia alabeak lagunduta, aitari eta amari eskaini deutse saria, gurasoek erakutsi eutselako berari eta anai-arrebei familiaren, langile izatearen, ikastearen eta eskuzabalak izatearen garrantzia. Iruretak jokalari lez egindako ibilbidea gogoratu dau, besteak beste, Real Union taldeko gazteen kategorian, Atletico Madril eta Athletic klubetan. Sasoi haretako pasadizoen artean, Peleren Santos taldearen kontrako partidua, 1976an, eta Realaren eta Athleticen arteko partiduan, Atotxan, ikurrina atara ebenekoa gogorarazo ditu.
Entrenatzaile garaian, hasierako boladea nabarmendu dau Getxon, Sestaon eta gazteen Euskadiko selekzinoan. Jabo Kantauriar kostaldeko Lehen Mailako ia talde guztietan ibili da, Athletic Cluben, Realan eta, zortzi urtean Galiziako lurretan.
Azkenik, entrenatzaile-aldiko azken etapea gogoratu dau Iruretak, Lezamako kirol zuzendari eta Euskadiko hautatzaile izan zala: Maitasun handiz gordeta ditut, nortasunaren garrantziagaitik eta gazteei nahiz Euskal Herriko harrobiari transmititutako balio eta esperientziakaitik.
Ignacio Etxeberriak eta Mireia Zaratek emon deutse saria.
Stéphane Séjourné, Europa indartsuagoaren eta demokratikoagoaren alde
Arriagako agertokira igoten hurrengoa Stéphane Séjourné izan da, Europako Batzordeko Oparotasun eta Industria Estrategiako presidenteorde exekutiboa, kontinenteko herri eta nazino guztiak sartzen diran Europa batu, demokratiko eta indartsu baten defendatzaile sutsua.
Administrazio barria jaubetu da botereaz Estadu Batuetan. Ingurumari horretan, mundua eredu ideologiko oso ezbardinetara do, batzuetan, eredu kontrajarrietara. Duda barik, testuinguru horrek erronka ugari dakarzkuz. Alabaina, aukera ere bada Europarentzat, europarrentzat. Ingurumari horretan, ez dugu hautabiderik. Europak bere eredua berretsi eta defendidu behar dau. Eta Europako eredua, beste batzuk ez bezela, ez da aurkaritza-eredu bat. Alkartzeen eredua da: oparotasun ekonomikoa eta gizarte-aurrerapena izan geinkez helburu; energia askatu eta barrikuntzea izan daitekez helburu, eta garena izateko muinari jagokozan balioak babestu; 27 herrialde izan gaitekez proiektu politiko eta ekonomiko erkide baten inguruan batuta, eta, aldi berean, gure identidade nazionalak eta tokikoak lantzen jarraitu. Sabino Arana Fundazinoa horren erakusgarri garbia da, adierazoi dau.
Aitor Alzolak eta Mireia Zaratek emon deutse saria.
ETS eta euskara
Iñigo Etxezarretak, En Tol Sarmiento edo ETS musika-taldeko liderrak, saria jasoteko lau arrazoi nabarmendu ditu: nortasuna, iraunkortasuna, soiltasuna eta eraldaketea: Arabako Errioxak oinarri sendoa emon deusku gure zerizana eregiteko. 20 urtez, prisarik eta lasterbiderik hartu barik hazi gara, aro bakotxa ereiten, gozetan eta errespetetan, gure burua naturaltasun osoz erakusten, alegiazko personaiarik sortu barik. Eta musikearen industria sakon aldatu bada be, nire ustez, ETSk eboluzionetan jakin izan dau hasierako esentzia galdu barik. Halan da be, horren guztiaren gainetik, bada zeozer garrantzitsuagoa: euskerea. Guztiaren bihotza da. Orain proiektua hemendik kanpo dago hazten, baina euskeraz abesten jarraitu nahi dogu. Ez da, besterik barik, hizkuntza bat: gure nortasuna da, joandako denporakaz loturea eta etorkizunera begira dogun zubia, nabarmendu dau Etxezarretak.
Ainara Zelaiak eta Mireia Zaratek emon deetse saria Iñigo Etxezarretari taldearen izenean.
Urkullu Lehendakaria
Gorputz eta arima ibiltea, lanerako gaitasuna eta auzolana Arriagako antzezlekura igon daen azken sariduna Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da. Hamabi urte Ajuria Enean. Eta hamabi urte horreetan, Euskadik upealako aurrerakuntzea izan dau bizikidetzan, bertako gizarte eta ekonomia nabarmen hazi dira eta sinisgarritasun handiz egin deutse aurre arazo eta krisi larriei zein pandemiari. Urkullu Lehendakariak eskerrak emon deutsoz euskal gizarteari: Eusko Jaurlaritzeari emondako konfidantzagaitik, gure iparra peesonakazko konpromisoa izan da beti. Euskal gizarteak erantzuten jakin dau eta indartsuago urten dau sufridutako egoera gogorretatik. Gizarte-kohesinoan indartsu. Ekonomian eta industria-jardueran indartsu. Gure zerbitzu publikoak hobetzen segiduteko konpromisoan indartsu, inor atzean ez ixteko helburuz, esan dau. Urte honeetan, Herria gidatzeko ardurea izan dogunok gogotik egin dogu lan gure autogobernua defendiduten eta hobetzen, Euskadi aurreratuagoa eta bidezkoagoa ixteko ondokoei.
Azkenik, Urkulluk parkamena eskatu dau Lehendakariaren eginkizunetan jardun dauenean bateren bat hasarratu bada eta eskerrak emon ditu ordainean jaso dituan jakinduriagaitik eta babesagaitik.
Mikel Hidalgok eta Mireia Zaratek emon deutse saria.
Erakundeetako eta enpresetako ordezkariak, ekonomia eta gizarte-eragileak, kultura, unibersidade, kirol eta komunikabideetako ordezkari ugari izan dira ekitaldian.
Jon Uriartek eta Ainhoa Larrazabalek gidatu dabe ekitaldia eta Eñaut Elorrietaren musikea be izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!