Labayruk eta Mondragon Unibersidadeak alkarlanerako hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2025-01-24 07:40   Euskerea berbagai

Euskereari eta euskal kultureari jagokozan gaiak lantzea da asmoa.

Ekitaldian izan dira Igone Etxebarria Labayru Fundazinoko zuzendaria eta Nagore Ipiña Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoa.

Nagore Ipiña eta Igone Etxebarria.

Hitzarmenak jasoten dau erakunde biei interesetan jakela lankidetzako hartu-emonak finkatzea, azpimarratuz garrantzitsua dala lankidetzea eraginkorra izatea. Hitzarmenaren arabera, euskereari eta euskal kultureari jagokozan gaiak landuko ditue erakunde biek batera eta beste batzuekaz lankidetzan jorratuko dituen gai nagusiak. Akordioari eustea be adostu dabe Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadearen eta Labayru Fundazinoaren arteko lankidetza-eremu horreetan unean-uneko proiektuak sortzen diran neurrian.

Sinadura ekitaldiaren ondoren, Igone Etxebarria Labayru Fundazinoko zuzendariak ondokoa nabarmendu dau: Labayru Fundazinoak bere ibilbide luzean euskal hizkuntzea eta kulturea ikertzeko eta zabaltzeko misinoa izan dau gidari, beti gizartearen zerbitzura. Hitzarmen honen bitartez, indarrak batuko ditugu etorkizunean be helburu horri eusteko.

Beste alde batetik, Nagore Ipiña Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoak ondokoa zehaztu dau: hitzarmena bat dator Fakultadearen balioakaz eta aukerea emongo deutso Mondragón Unibersidadeari euskereari eta euskal kultureari jagokozan gaietan ikertzen jarraitzeko, esangura horretan, bidelagun gakoa da guretzako Labayru Fundazinoa.

Amaitu aurretik, erakundeetako ordezkariek gaineratu dabe hizarmenagaz sustatu nahi dabela erakundeen arteko ahalik eta alkarlan eraginkorrena, beti be, erakunde bakotxaren autonomia bermatuta. Sinatzaileen esanetan, helburua da erakunde bien jardunak ahalik eta era koordinatuenean eroatea, indarrak biderkatzeko asmoari eusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu