'Andrak Erramutan' dokumentala izan da protagonista

Bizkaie! 2025-01-23 09:28   Zinemea

Bideoklipak batzuetan film laburren itxurea hartu leike.



Lehenengo egunean tartea egon da berba egin, entzun eta hausnartzeko, baina batez be disfrutau eta gozetako. Musikea izan da eguneko protagonista nagusia. Ondo baino hobeto hasi da eguna Andrak Erramutan dokumentalaren proiekzinoagaz. Lanak, Ondarroako emakume talde batek 2024ko garagarrilean Ondarroatik Donostiara arraunean egindako joan etorria jaso dau. Holan, emakumeen kirola balioan jarriz eta emakumeak bigarren planoan geratzen diran sektorean, lehen lerrora salto eginez, guk itsasoa hartu ahal dugu sinistuz. Eta sentipen horreek guztiak ondo ekarri ditue Huhezinemara. Protagonistak oholtzan izan dira euren lehen eskuko bizipenak azaltzen: ikusten genduan edade batetik gorako emakumeok ez genduala itsasoan ibilteko aukerarik, eta horretara ekin genduan: zeatxik Ez?. Ondarroa arrantzatik bizi izan da. Arrantzaleak gizonak ziran gehienak, baina ikusten ez dan lana emakumeok egiten genduan eta holan da oraindino be. Zeharkaldia aurrera atarateko ordu biko entrenamenduak egin genduzan, astean sei egunetan. Umeagaz joan behar izaten nintzan entrenetan, ni patroi moduan, umeari txalekoa jarri eta aurrera. Jenteak ez eban gugan sinistuten, esaten eben emakume izanagaitik ez genduala lortuko, beste motibo barik. Gero herria batzen joan jakun baina zama handia eroan dogu. Dudetan genduanean esaten genduanuen: gu emakumeak gara, eta kapaz gara. Erronka feministea izan da eta emakume izateak batu gaitu, horrek emon deusku indar berezi bat, azaldu dabe Esti Bedialauneta, Rosana Goikoetxea eta Araiz Ariztondok.

Bideoklip Sailera be jente piloa bertaratu da. Jaialdiko sailik girotuenetakoa da hau duda barik, girotuena ez bada. Eta publikoaren erantzunak ez dau hutsik egin. Danetara, hamairu bideoklip heldu dira finalera, hiru bloketan banatuta proiektau diranak. Ikusleek tartea izan dabe abestu, jantzan egin, irudi eta doinu harrigarriez gozaetako, denporan atzera egin edo denporea bera gelditzeko. Estilo guztietako lanak izan dira oholtzan: azkenean Bideoklip Sailak ikusarazo egiten ditu bideoklipak. Egia da abestiak urtetan dauenean, astebetez edo, bideoklipari be garrantzia emoten jakola baina gero ahaztu egiten dira. Holako jaialdietan lekua izatea ona da guretzat eta gainera bideoklipak batzuetan film laburren itxurea hartu leike adierazo dau Ximon Agirrek (Esku Burdin -J Martina-, Bi Miru Gu -TOC- eta Ametsen Batean -TOC- abestien bideoklipen egilea).

Bideoklip Sailaren azken proiekzioa Lemak taldearena izan da eta amaitu ahala, Bergara-Antzuolako taldeak zuzeneko kontzertua eskaini dau aretoaren kanpoko oholtzan. Akustiko eran izan da eta giro ederra jarri dabe egunari amaierea emoteko.

Gaur, hilak 23, Ikasle Sailaren eguna izango da.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu