2025eko MusikagazFestek 10 artista eta talde baino gehiago batuko ditu
2025-01-22 12:39 MusikeaAmorebieta-Etxanon urtarrilaren 25ean.
Herriko hainbat agertokitan, euskal musika sortzaile gazteak batzea da asmoa, euskal musikearen arloan gazteen talentua sustatu eta ikusarazoteko: Kai Nakai, Larru eta Lagunak, NAZ, DJ Kene eta Albina Stardust dira parte hartuko daben artista eta taldeetako batzuk.
Datorren zapatuan, urtarrilaren 25ean, Amorebieta-Etxano MusikagazFest 2025 jaialdiaren agertoki bilakatuko da. Euskal musika sortzaile gazteen lana indartzeko diseinautako jaialdia da hau, gazteen talentua sustatzeko eta artista barriei ikusgarritasuna eskaintzeko, hain zuzen be. Aurten, 10 kontzertu baino gehiago jasoko ditu MusikagazFestek, herriko hainbat lekutan. Holan azaldu dabe gaur goizean egindako aurkezpenean Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Koldo Bilbao Kultura zinegotziak, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Alkarteko ordezkariak eta Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkariak: MusikagazFest talentu gaztearen eta euskal kulturearen aldeko apustu sendoa da. Jaialdi honek kalidadeko aisialdiko alternatibea eskaintzen deutse gure gazteei eta, horrezaz gan, ezinbesteko erakusleiho bihurtzen da euren bideari ekiten dabizen euskal artista eta talde gazteentzat, adierazo dau Ainhoa Salterain alkateak.
Kontzertuak 13:00ean hasiko dira eta agertoki nagusi izango dira Arraibi plazea, Euskal Herria plazea, Zelaieta kontzertu gelea, Amorebieta IV frontoia, Zezilia Gallartzagoitia kalea eta Vintage tabernea. Parte hartuko daben artisten artean, Kai Nakai, Larru eta Lagunak, NAZ, DJ Kene eta Albina Stardust nabarmentzen dira; azken honek zarratuko dau jaialdia, 00:30ean. Kontzertu guztietarako sarrerak doban dira edukierea bete arte. Kontzertuak eta pintxo pote berezia be egingo da, 14:30etik 16:00etara, Urtza Tabernan, egunari ikutu gastronomikoa gehituz.
Amorebieta-Etxanoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz, Gerediaga Alkarteagaz, Musika Bulegoagaz eta Zornotzako Gazteak alkarteagaz alkarlanean atonduta MusikagazFestek kultur arloan euskerearen erabilerea sustatu eta musika zaletu gazteen topagune izatea dau helburu: MusikagazFestek atontzaile lanetan inplikautako erakunde eta kultur eragile guztiek gure gazteriagazko eta kultura arloan euskerea sustatzeko dogun konpromisoaren adierazle da. Lankidetza horri esker, musika, gazte talentua eta gure hizkuntzea buztartzen dituan ekimena sortu dogu, gazteen sormenari eta adierazpen artistikoari bidea zabalduz eta, aldi berean, euskerea gure kulturearen eta nortasunaren giltzarri lez indartuz, azpimarratu dau alkateak.
Amaitzeko, aurkezpenean egon dan Kai Nakai abeslari gazteak herritar danak animau ditu: MusikagazFestek kalidadeko artista eta talde ugari batuko ditu Amorebieta-Etxanon eta benetan aukera ederra izan da euskal musikaz eta euskal kulturaz gozetako eta, beraz, animau eta etorri Amorebieta-Etxanora!, amaitu dau abeslariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!