Lehen saria Sopelako Jackek irabazi dau

Bizkaie! 2025-01-22 09:33   Euskerea berbagai

Gurot euskal tribial birtualaren sariak emon ditue.

Bizkaiko Foru Aldundiko prentsa aretoan egindako ekitaldian, hiru irabazlek banakako lehiaketan irabazitako sariak jaso ditue:

  • Lehen saria Sopelako Jackek irabazi dau, Port Aventura eta Ferrari Landera bidaia bat, berarentzat eta berak hautatzen dituan beste lagun birentzat.
  • Bigarren saria, Gernika-Lumoko Uzuri Garcia de Kortazarrek irabazi dau, Toledora eta Puy Du Fou parkera joateko bidaia bat.
  • Hirugarren saritua, barriz, Lekeitioko Mirene Kaltzakorta izan da, EAE-ko nekazal-turismo batean egonaldia.



Ekitaldian izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputadua Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria Isaac Amezaga, Gernika-Lumoko zinegotzia Ziortza Bilbao, Lekeitioko Udaleko Ander Goikoetxea eta Uribe Kosta Mankomunidadeko Iñaki Azua.

Joan dan 2024an, danetara, 3.000 gazte bizkaitar ibili ziran Gurot aplikazinoagaz olgetan. Aplikazino honen helburua, gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeaz gan, gazteei euren aisialdirako olgeta edo tresna egoki bat eskaintzea da, galderei erantzunez sariak irabazteko aukerea emonda.

Irailetik abendura, banakako lehiaketea jokatu zan Bizkaiko honako herri eta mankomunidade honeetan: Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Lekeitio, Mungia, Sestao, Enkarterri, Durangaldea, Txorierriko eta Uribe Kostako mankomunidadeak; hori guztia, Aldundiaren zerbitzu dan Alkarbideren babesari esker.

Fase horretan gazteek banaka erantzun zituen Gurotek batzen dituan galderak, gai askoren ingurukoak, Euskal Herrikoak zein mundu zabalekoak. Galdera horreek gazteentzat egokituta dagoz eta aldian-aldian barritzen dira. Gaur egun, 3.000tik gora galdera eskaintzen ditu Gurotek eta, apurka-apurka, gazteentzat erakargarri eta intereskoak izango diran galdera gehiago sartzea aurreikusten da.

Talde lehiaketea

Zezeilaren 20an, taldekako lehiaketea abiatuko da eta dagoeneko martxan dago izen-emotea.

Lehiaketa horretan parte hartzeko, gazteek hiru laguneko taldeak egin beharko ditue eta, behin hori eginda, ahalik eta galdera gehien erantzun. Udal edo mankomunidade bakotxeko talde bi onenek herriko sariak irabaziko ditue, kasu honetan, ZEID Jaialdi handirako sarrerak eta lehenengo taldeak aurrez aurreko final handian parte hartzeko aukerea izango dau. Final handi hori, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundua, San Mamesen jokatuko da apirilaren 4an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu