Malko taldeak irabazi dau VI. Danbaka Musika Lehiaketako Sari Nagusia

Bizkaie! 2025-01-21 07:56   Musikea

Oñatiarrek disko bat grabetako aukerea izango dabe.

Publikoaren Sariari esker K-Po bergararrek bideoklip bat grabau ahal izango dabe; eta 721-Gogor Gabiltza aretxabaletarrek, Danbaka-Ekinez Saria irabazita, Ekinez jaialdian joteko aukerea izango dabe.

Hiru sari

Soinu urbanoa eta punka buztartzen dituan 721-Gogor Gabiltza talde originalak eskuratu dau Danbaka-Ekinez Saria, Ekinez alkarteko Ane Loidi kidearen eskutik. Aretxabaletako taldeak maiatzaren 30ean eta 31n Bergarako Labegaraieta auzoan egingo dan Ekinez jaialdian joko dau:

Bestalde, Publikoaren Saria K-Pok irabazi dau, Goiena Komunikazino Taldeko presidente Monika Belastegiren eskutik, eta bideoklipa grabau ahalko dau. Bergararrak musika jantzagarri eta dibertigarriagaz liluratu ditu ikusleak, doinu urbanoen eta autotunearen bidetik.

Azkenik, rock doinu leunak gogorrakaz buztartzen dituan Oñatiko Malko taldeak jaso dau Sari Nagusia, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiagaren eskutik. Sari Nagusia irabazita, disko bat grabetako aukerea izango dau Malkok:

Primeran plataformeak zuzenean emon dau final handia

Lehiaketan parte hartu daben hamasei taldeen kontzertuak Goiena.eusen dagoz eta hemen

Danbakaren seigarren edizinoa izan da aurtengoa, izan be, 2004. urtean ekin eutson bideari.

Goiena Komunikazino Taldeak atondu dau aurtengoa be, aurrekoak bezela; Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Sein enpresearen babesari esker. EITBren laguntzea be izan dau Goienak finalaren antolaketan –Primeran plataformearen bitartez–.

Bergarako Seminarixoa aretoan jokatu da finala, baita lehiaketako beste lau kontzertuak be. Musika estilo askotariko Debagoieneko hamasei talde eta bakarlarik parte hartu dabe lehiaketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu