Mintzapraktika egitasmoak 8.000 lagun inguru aktibetan ditu
2025-01-16 13:30 Euskerea berbagaiUrtarrilean izena-emoteko epea edegi dabe.
Mintzapraktika martxan dabil pasa dan irailetik. Euskerea praktiketako espazioak eskaintzen dituan egitasmoak, hainbat helburu ditu: parte-hartzaileak hizkuntzearen erabileran trebatzea, galdutako ohiturak berreskuratzea eta euskerazko hartu-emonak sustatzea. Halanda ze, eboluzino ona izan dau mintzapraktikeak, izan be, hartzaileen interesetara eta momentuko testuingurura egokitzeko gaitasuna izan dau, formula barriak martxan jarriz.
Beraz, egitasmo horretan Mintzapraktika eta zaletazunak buztartzen dira. Euskal Herrian asko dira holan sortu diran taldeak: kakorratz, eskalada, bizikleta, mendi eta boxeo taldeak. Parte-hartzaileei gehien gustetan jakena ekintza biak buztartzea da.
Ikasturte honetan, Eta euskaraz egiten badugu? lemapean kaleratutako kanpainan, zaletasunen inguruko taldeak sortzeko deia egin zan. Dei horri erantzunez, hainbat dira herri askotan martxan jarritako taldeak, besteak beste, Hondarribian, Udal Liburutegiagaz batera martxan jarri daben irakurketea eta berba tailerra. Talde horren helburua da irakurzaletasuna eta hizkuntzearen praktikea buztartzea, martxan dagozan literatura taldeetako testuak gatxak egiten jakezan herritarrentzat aukerak sortuz. Mertxe Gerriko Hondarribiko mintzapraktika programako koordinatzaileak adierazo dauenez, harrerea sekulakoa, jente askok balorau dauen ekimena da.
Txorierriren kasuan, Berbagazte programea jarri dabe martxan. Gazteentzat beren-beregi egitasmo bat egiteko beharra identifikau eben, berbalagun taldeetara ez ziralako joaten. Holan, talde bi sortu ditue edadea kontuan hartuz: 13-15 urte arteko gazteak eta 16-30 urte artekoak. Horreei ekintzak proponiduten deutsee eta orain arte sukaldaritza tailerrak, surf ikastaroak eta crossfit ikastaroak egin ditue. Arrakasta handia dauka. 60 gazte baino gehiago aktibau dira egitasmoaren inguruan eta oso pozik gagoz, adierazo dau Ane Lopez, Berbalagun egitasmoko koordinatzaileak.
Beharrezko egitasmoa
2024ko gabonilean Euskaltzaleen Topagunea, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izatera pasau zan. Taupak euskerearen erabilerea biderkatzeko baldintzak sortzea dau erronka nagusi, datorrena erabilerearen aroa izan daiten. Horretarako, Mintzapraktikea funtsezkoa da, izan be, azken hogeita hamar urteotan euskeraz lasai eta eroso ibilteko guneak eta uneak sortu ditu, euskal hiztunak ahaldundu eta hizkuntzearen erabilerarako pausuak emonez.
Izen-emotea edegita
Urte barriagaz batera egitasmoan izena-emoteko epea edegi da herri askotan. Talde ugari dagoz martxan, baina aukerea dago talde barriak sortu eta zaletasunak proponiduteko.
Informazino guztia hemen eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!