'Una ballena' filmak emongo deutso hasierea Zinemastea Jaialdiari
2025-01-16 08:45 ZinemeaUrtarrilaren 24ean, Gasteizko Vital Fundazinoa Kulturunean.
Vital Fundazinoak urtero atontzen dauen Zinemastearen berrogeigarren edizinoak benetako aldaketea eroan eban dagoeneko finkatuta egoan Euskal Zinemearen Astera. Halanda ze, egitasmoko helburuak ondokoak dira: jatorrizko zinemea berreskuratzea, film luzeak baino ez emotea eta jaialdiaren iraupena luzatzea.
Aurton, urtarrilera aurreratu da hitzordua, 24tik 31ra arte hain zuzen be. Proiekzinoak, betiko eszenatokian izango dira, Vital Fundazinoa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. pisua, Gasteiz).
Guztira, bederatzi film emongo dira, egunean bat (19:30ean), zapatuan, urtarrilaren 25ean, izan ezik, saio bikotxa izango baita (16:45ean eta 19:30ean). Saio guztietara eta amaiera ekitaldira joateko abonuak (22 €) eta eguneko sarrerak (3 €) hemen erosi daitekez.
Ganera, Vital Fundazinoak www.zinemastea.eus webgune ofiziala estreinauko dau. Webgune horretan, zinemaldiari buruzko informazino guztia argitaratuko da, esaterako filmak, fitxa teknikoak, sariak, epaimahaia, historia, albisteak eta sarreren eta abonamenduen salmentea. Sari barri bat be dakar aurtongo edizinoak, Zinemastea Sari Berezia. Sari horren bidez, Vital Fundazinoak urtero sarituko ditu euskal zinemearen produkzinoari laguntzeko egindako lanagaitik nabarmendutako erakundeak eta eragileak.
Programazinoa
- Urtarrilak 24: Una ballena (Pablo Hernando).
- Urtarrilak 25: El bus de la vida (Ibon Cormenzana) eta Deviant (Daniel M. Caneiro).
- Urtarrilak 26: Nina (Andrea Jaurrieta).
- Urtarrilak 27: Azken erromantikoak (David Pérez Sañudo).
- Urtarrilak 28: Soy Nevenka (Iciar Bollain).
- Urtarrilak 29: La infiltrada (Arantxa Echevarría).
- Urtarrilak 30: Marco (Jon Garaño eta Aitor Arregi).
- Urtarrilak 31: Daniela forever (Nacho Vigalondo).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!