Euskerea eta euskal kulturea sortu, bultzatu eta zabaltzeko programen inguruan gauzatuko da lankidetzea
2025-01-16 07:53 Euskerea berbagaiHezkuntza Saila eta Euskaltzaindia lankidetzan.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bilerea egin dabe, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko konpromisoak berretsi eta horreei eusteko. Lankidetzea euskerea eta euskal kulturea sortu, bultzatu, garatu eta zabaltzeko proponiduten diren programen inguruan gauzatzen da. Akordioaren helburua Euskaltzaindiaren eta Hezkuntza Sailaren arteko koordinazinoa eta lankidetzea indartzea da, Hezkuntza Sailak martxan dauen EIMA programearen bidez euskerazko ikasmaterialak sortzeko. Programa honi 1982an ekin eutson Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskera Zerbitzuak, eta ordutik indarrean jarraitzen dau, unibersidadeaz kanpoko irakaskuntza-mailetarako euskerazko material didaktikoak sortzea sustatzeko, baita horreen kalidadea jagon eta administrazinotik zabaltzen laguntzeko be.
Bestalde, akordio honek beste eduki batzuk be jasoten ditu: Euskaltzaindiak euskerearen arloan ezarritako arauak eta proponidutako gomendioak zabaltzeko konpromisoa, EIMAk eguneroko jardunean sortutako materialetan eta atontzen dituen ekintzetan; Euskaltzaindiaren erispideak kontuan hartzeko konpromisoa; EIMAk Euskaltzaindiari egiten deutsozan konsultak eta iradokizunak bideratzea; alderdi sinatzaileek egindako argitalpenak konpartidutea; edo euskerearen ezagutzea, erabilerea eta sustapenari buruzko ikerketa, dibulgazino eta sensibilizazinoko programak alkarbanatzeko konpromisoa.
Hain zuzen be, euskerea eta beste hizkuntza batzuen ezagutzea sustatzeko sortu da Euskerea eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua. Euskerea ardatz dauen hezkuntza-sistema eleanitza sustatzea dau helburu. Laster, hizkuntza-proiektuen araudia, Lanbide Heziketako hizkuntza-estrategia edo euskerearen aisia lako gaiak landuko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!