ETS, Las Poderosas, Jabo Irureta, Leopoldo Martinez, Stephane Sejourne, Jean Claude-Larronde eta Iñigo Urkullu Lehendakaria

Bizkaie! 2025-01-15 13:22   Kulturea

Sabino Arana Fundazinoak urtarrilaren 26an emongo ditu sariak 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokian.

Mireia Zarate eta Ignacio Etxeberria | Ikusi handiago | Argazki originala

Sabino Arana Fundazinoko buruak, Mireia Zaratek, eta erakundeko idazkariak, Ignacio Etxeberriak, 2024ko ekitaldiko Sabino Arana Saria jasoko daben persona eta erakundeen izenak emon ditue ezagutarazotera gaur eguerdian. Sarion bidez, gizartearen zerbitzuan prestutasun eta ahalegin bikainagaitik nabarmentzen diran pertsona ospetsu, erakunde edo gizataldeak autortu nahi dira.

Datorren urtarrilaren 26an, domekan, Bilboko Arriaga Antzokian egingo dan ekitaldian, ondokoen merezimenduak autortuko dira 12:00etatik aurrera: En Tol Sarmiento (ETS) musika-taldea; Emakumeen salerosketearen kontra dabilen Las Poderosas izeneko Nafarroako emakume-taldea; Javier Iruretagoiena, Jabo Irureta futbol-jokalari eta entrenatzaile ohia; Leopoldo Martinez abokatu eta politikari venezuelarra; Stephane Sejourne Europako Batzordeko Oparotasuna eta Estrategia Industriala sustatzeko presidenteorde exekutiboa; Jean-Claude Larronde abokatu eta historialaria; eta Iñigo Urkullu Lehendakaria.

Sariak emoten hasi ziranetik, 1989. urtetik, emondako 202 sari izan dira. Sabino Arana Fundazinoaren sariak urtarrilean emoten dira urtero, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrena dala eta.

Aurten, Sabino Arana Fundazinoak En Tol Sarmiento (ETS) sarituko dau, musika-taldearen 20 urteko ibilbideagaitik eta, Euskadiko mugatik, Arabako Errioxatik, gaur egun Euskal Herriko musika-talde ezagunenetakoa danak euskerearen alde izandako jarrera sendoagaitik, abestiak euskeraz baino ez dituela kantetan.

Mireia Zaratek azpimarratu dauenez, hamarkada bi honeetan, ETSk hazten, heltzen eta finkatzen jakin izan dau gero eta entzule gehiagoren artean, belaunaldi barriak horren erakusgarri bikaina dogula. 20 urteurrenaren harian, Barakaldoko BECen emon beharreko hiru kontzertuetarako sarrerak ordu gitxiren buruan agortu izanak argi erakusten deusku ETSk esan nahi dauen guztia.

Las Poderosas izeneko alkartea be sariduna izango da. Nafarroako Acción Contra la Trata – ACT  atontzaileen eskutik sortu zan alkartea eta hainbat nazionalidadetako emakume migratzaileak batzen ditu. Denporearen porasuz, alkarte eredugarria da sexu-esplotazinoa sufriduten daben emakumeen salerosketearen eta euren kontrako beste indarkeria batzuen kontrako burrukeagaitik. Azken buruan, laguntzinoa eta babes taldea da hainbat muetako indarkeria jasan eta bizirik urten daben beste emakume askorentzat, adierazo dau Sabino Arana Fundaziko buruak. Sariak mundua aldatu nahi dauen emakume-talde hau autortzen dau, emakumeak emakume izate hutsagaitik jasoten dituen indarkeria guztiak desagerrarazoteko batutako emakumeen talde hau, holako urraketa guztiak prebenidu eta laguntzinoa bila dabizaei babesa emon nahi deutsen taldea, nabarmendu dau Zaratek.

Datorren urtarrilaren 26an, Sabino Arana Fundazinoak Javier Iruretagoiena Amiano edo Jabo Irureta izenez ezagunagoa doguna be sarituko dau. Sari horregaz omenaldia egin nahi jako euskal futbolaren ikur handienetako bati, jokalari eta entrenatzaile gisa egindako ibilbide arrakastatsua eta bikaina autortzeko, adierazo dau Mireia Zaratek. Betiko lan-teknikak darabiz, beraren alboan lan egin daben persona guztiek azpimarrau dabe Jaboren zintzotasuna eta buruargitasuna. 15 urte emon ditu jokalari eta 70 gol sartu Lehen Mailan, eta beste 28 urte eta 612 partida zuzendu maila horretan. Holan, datu horreek kontuan hartuta, partidu gehien egindako bigarren entrenatzailea da Ligako historian. Lau hamarkada baino gehiago pasau diran arren, entrenatzaile irundarrak futbolari loturik jarraitzen dau, eta garairik onenak eta loriatsuenak izan dituen taldeek estimu handiz gogorarazoten dabe, azpimarratu dau Zaratek.

Euskal sustraiak dituan Leopoldo Martínez Nucete abokadu eta politikari venezuelarrak be saria jasoko dau urtarrilaren 26an Sabino Arana Fundazinoko presidentearen eskutik.

Centro para la Democracia y el Desarrollo en las Américas izeneko gobernuz kanpoko erakundearen sortzaile eta AEBko Demokraten Batzorde Nazinonaleko kide izan zan lehen venezuelar horrek jatorrizko herrialdetik iges egin behar izan eban eta AEBetara joan zan familiagaz batera babes bila, Nicolas Maduroren diktadurea salatzeagaitik. AEBn, eginkizun batzuk beteten ditu AEBetako Alderdi Demokratearen barruan nabarmendu dau Zaratek eta Martinezek berak esandako berba batzuk gogorarazo ditu: Erakundeen, Europar Batasunaren eta mundu mailako multilateralismoareren aurrean konpromiso ikaragarria erakutsi dozu euskaldunok. Eta hori guztia, euskal kulturearen sustrai sendo eta bikainak landuz. Horregatik guztiagaitik, errespetu handiz begiratzen deutsagu Euskadin pasetan dan guztiari. Stéphane Séjourné Europako Batzordeko Oparotasuna eta Industria Estrategia Sustatzeko presidenteorde ejekutiboak eta Renew Europe Taldeko presidente ohiak be jasoko dau saria, Europa eregiteko konpromisoagaitik, erkidegoko herri guztien batasunetik abiatuta. Gero eta erronka konplejuagoei, klima aldaketeari, deskarbonizazinoari eta barrindustrializazinoari, tensino geoestrategiko edo geoekonomikoei, digitalizazinoari edo adimen artifizialari, aurre egingo deutsen Europa indartsu eta batuaren aldeko apustu sendoa egin dau Séjournék adierazo dau Mireia Zaratek. Euskal nazinoak, Euskadik, berezko lekua dau Europan eta Europaren barruan. Gogotik parte hartu genduan Europako Kristinau Demokraziaren sorrerean, Nazinoarteko Talde Barrietan parte hartu genduan eta egungo EBren aurrendaria izan zan Hagako Biltzarrean izan ginan. Stéphane Séjournék Batasunaren etorkizunak behar-beharrezkoa dauen alkarlaneko eta alkartasuneko gogo bikaina dakar.

Sabino Arana Fundazinoak Jean-Claude Larronde, Baionako Elkargoko abokadu emeritua, historialaria eta, Bidasoaz iparraldera zein hegoaldera, euskal abertzaletasunaren historiako aditu handienetakoa, sarituko dau hilaren 26an. Jean-Claude Larronde alboan itxita, oso gitxik ikertu eta argitaratu dabe hain ugari eta arreta handiz Sabino Arana sortu eban alderdiaren historiari buruz. Duda barik, oso ekarpen baliotsua da euskal nortasuna eregiteko bidean, nabarmendu dau Mireia Zaratek.

Era berean, gure oroimen historikoa berreskuratzeko helburua daben ekimen ugariren bultzatzailea da eta Sabino Arana Fundazinoak eskerrak emon nahi deutsoz historialari lapurtarrari komunidade honetako, hau da, euskal komunidadeko, gogozko partaide izateko erakutsitako konpromisoagaitik, horrek bultzatu baitau Larronde Euskal Herriko historia garaikideari lotutako lan ugari argitaratzea.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusadiren alde egindako lana eta dedikazinoa autortuko ditu Fundazinoak.

Alkarrizketa, akordioak adosteko gaitasuna, autogobernua eta susperraldi ekonomikoa izan dira Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Jaurlaritzan betetako hiru legegintzaldien ardatz nagusiak. Hamabi urte horreetan, moderazinoa, orekea eta ondoizate-estatuagazko nahiz euskal nortasunagazko konpromisoa aldeztu ditu Urkulluk populismoen aurrean. Eta hori guztia egin dau Lehendakariak beti sustatzen jakin dauen auzolanaren balioek gidatuta, hau da, guztion onerako lan partekatua, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko aliantzak sustatuz eta sendotuz. Alkarlan horrek munduari zabalik agiri dan Euskadiren oinarriak finkatzeko balio izan dau, osotasunean, alkartasunean, integrazinoan eta antzeko balioetan eregita, adierazo dau Zaratek.

Sabino Arana Fundazioaren idazkariak, Ignacio Etxeberriak, saridunak aukeratzeko egiten dan botazinoaren nondik norakoak adierazo ditu. Aurton emongo diran sarien hautaketea igazko irailaren 6an hasi zan, lehen bueltan, eta Patronatuak zemendiaren 22an egindako bilerean amaitu, saridunen behin betiko zerrendea berretsiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu