Miloeka euroko ikerketa proiektuei uko egin deutse EHUk
2025-09-18 08:43 KultureaIsraelgo erakundeakaz daben parte-hartzeagaitik.

Israelgo erakundeek parte hartzen daben hainbat ikerketa proiektutatik urten dau EHU azken hilabeteotan. 247 miloe euro batzen dituen ikerketa proiektuak izan dira. Era berean, 2024an hartutako erabagiari jarraituz, batzordea sortzeko proposamena egin deutso errektoretza taldeak Palestinaren aldeko unibersidade mobimentuari, aurretik unibersidadeak dituan proiektuak aztertzeko.
Palestinako herriaren kontrako genozidioa lehentasunezko auzia da gure unibersidadean, adierazo dau prentsaurrekoan Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) errektoreak eta horren erakusle, azken hilebeteetan EHUk 247 miloe euroko ikerketa proiektuei ezetz esan deutsela azaldu dau, biomedikuntza edo konputazino zientziak lako arloetan, ikerketa taldeek eurek hartutako erabakiakaitik nahiz errektoretza taldeak bultzatuta. Errektoreak gogoratu dauenez, hartutako erabagiak bat datoz Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 24an onartutakoagaz: Palestinan jazotako gizateriaren kontrako krimenak berariaz gaitzesten ez dituen Israelgo unibersidade eta erakundeakaz hartu-emoni ez izateko eta hausteko konpromisoa.
Gobernu Kontseiluaren erabagi harek lantalde bat sortzea eragin eban, Israelgo erakundeakaz zerikusia izan leikien egungo errektoretza taldeak kargua hartu aurretik, akordioak barrikusteko. Holan, Bengoetxeak gogoratu dau udearen aurretik proponidu zala, Palestinaren aldeko unibersidadeko mmobimenta parte hartzea izango dauen batzordea eratzea: beharrezkoa da EHUn Palestinaren alde lanean dabizan taldeak be batzordean izatea, zehaztu dau Bengoetxeak. Errektoreak gaineratu dau, EHUren tamainuak lan zehatza egitea eskatzen dauela.
Europar Batasuneko erakundeei eta Espainiako gobernuari be esan eta eskatu deutse Israelgo unibersidadeak atara deiezala ikerketa nahiz akademia eta kultura alkarlanerako diru-funtsetatik. Izan be, ikertzaile israeldarrek Europako ikertzaileen baldintza berberetan jasoten ditue diru-funtsak, Israelgo Gobernuagaz dagoan alkartze-akordioa erabilita, zehaztu dau Bengoetxeak. Dirua jarten daben erakundeak dira ezinbestean esku hartu behar dabenak ikerlari eta ikerketa taldeen lana blindau eta proiektuetako partaidetzak arriskuan ez jarteko, adierazo dau Bengoetxeak.
Era berean, errektoreak aurreratu dauenez, aurrerantzean enpresakaz sinatzen diran hitzarmenetan giza eskubideak errespetetako eta armagintzeagaz hartu-emonik ez izateko klausulea gehitzea proponiduko dau Gobernu Kontseiluaren hurrengo bileran. Eta euskal enpresakaz indarrean dagozan akordio edo hartu-emonak be barrikusiko dira komunidadeagaz alkarlanean. Errektoreak zehaztu dauenez, 2023ko zemenditikk ez da sinatu Israelek parte hartzen dauen ikerketa proiektu barririk Euskal Herriko Unibersidadean.
Beste alde batetik, Universitaires avec Gaza eta Univ-Gaza Frantziako taldeakaz hartu-emonetan dago EHU, Palestinako ikertzaileak handik atara eta EHUra ekarteko aukerea aztertzen, Frantziako nahiz Iparraldeko unibersidadeakaz alkarlanean. Esangura horretan, Ikasleen eta Gizarte Konpromisorako Errektoreordetzeak beka-deialdi bat onartuko dau, berariaz Palestinako ikertzaileei ostatu eta mantenu laguntzak emoteko. Helburua da Nazino Batuen Erakundeko hainbat organok autortu moduan, Palestinako ikertzaileen larrialdi-egoera eta muturreko kalteberatasuna autortzea.
EHUko errektoreak azaldu dauenez, unibersidadeak baditu eskuartean beste hainbat ekimen Palestinan Israel egiten dagon genozidioa salatzeko; tartean, EHUgunek atondutako eta datozen egunotan aurkeztuko ditugun jardunaldiak. Lanean jarraitzeko eta beste neurri batzuk hartzen segiduteko konpromisoa be adierazo dau. Era berean, Palestinako Unibersidade Sistemearen berreregitean EHUk bere esku dagoana egiteko asmoa adierazo dau Bengoetxeak. Palestinaren aldeko Global Sumud Ontzidiari alkartasuna adierazota amaitu dau berbaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!