'R&J', Bilboko BBK Salak prest dauka bere 9. produkzinoa estreinetako

Bizkaie! 2025-09-15 12:22   Kulturea

Kale Nagusiko Antzokian, irailaren 27 eta 28an (euskeraz) eta urriaren 3tik 5era (gaztelaniaz). 

Bilboko BBK Salak bere 9. produkzinoa prest dauka estreinetako, oraingoan María Goiricelaya eta Ane Pikazaren La Dramática Errante konpainiagaz alkarlanean. 

Literatura unibersaleko maitasun ospetsuenetik abiatuta, guk be gaur egungo maitasunaz hausnartu nahi dogu: arintasun emozionala, sare sozialak eta askotariko loturak nagusi diran garaiotan, aurreratu dabe egileek R&Jren aurkezpenean.

Aspalditik galdetzen deutsat neure buruari zer dan maitasunaren kontu hori gaur: zelan maite dogun, zelan adierazoten eta biziten dogun maitasuna, zelan hori hiltzen dan..., hausnartu dau Goiricelayak, testu originalaren egokitzapena eta antzezlana zuzendu dauenak. Inertziak haustea, aurreretxiak desmuntatea eta desira eta gure maitasun hartu-emonak modu argiagoan eta helduagoan bizitea eskatzen dauen garaian gagozala jakitun, R&Jgaz maitasun esklusiboa, bitarra, tragikoa eta, azken batean, mugatzailea zalantzan jarri nahi izan dau Goiricelayak, gaur egun den bezala besarkatzeko: likidoa, anitza, kontraesankorra, disidentea... . Antzezlaneko aktoreak bost dira: Aitor Borobia, Egoitz Sánchez, Nagore González, Luix Mitxelena eta aitatutako Pikaza, baita koproduktore exekutiboa.

Nora Sarasolak, BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak, bera be prentsaurrekoan izanda. BBK Banku Fundazinoak, gure erkidegoaren hausnarketa eta kohesinoa bultzatzen dauen gizarte-aldaketearen eragile legez ulertzen dogu kulturea. Eta holako proposamen bat guztiz bat dator ikuspegi horregaz. Hain zuzen be, BBK Salaren lehen ekoizpena Yerma izan zan, orain lau urte, La Dramática Errantegaz lankidetzan. Lan horrek 80 emonaldi baino gehiago izan zituan Estatu osoan, eta Max saria irabazi eban, antzerkirako moldaketa edo bersino onenarena (Goiricelayarentzat).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu