Historiaurreko labar-artedun aztarnategia topau dabe Gamiz-Fikan

Bizkaie! 2025-09-18 07:52   Kulturea

Bizkaian arte eskematikoa agiri dan lehen tokia.

Juan Carlos López Quintanak eta Juan Carlos Izagirrek egin eben aurkikuntzea, Atxispeko San Pedro ermitearen ingurunea berreskuratzeko interbentzino-programa baten esparruan, 2025eko bagilaren 26an; behin aztertuta, eremu kantauriarrean dokumentautako lehen hipogeo mistotzat hartu da.


Arkeologia Museoan, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkikundearen barri emoteko prentsaurrekoan izan dira Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputadua eta Iñaki Intxaurbe eta Juan Carlos López Quintana arkeologoak. Foru-diputaduak adierazo dauenez, aurkikundea sano pozgarria eta baliotsua da eta aukerea emoten deusku ilunpeko historia-etapa bati argia emoteko. Emoten deusku egun Bizkaia dan lurraldean bizi ziran personak ez egozala bakartuta eta komunidade zabalago baten parte zirala.

Erlapiku aztarnategia, Gamiz-Fikan dago, hipogeo izeneko koba artifiziala da, orain arte Kantauri aldean ezezaguna. Labar-pinturak ditu barruan, Oraintsuko Historiaurrekoak izan daitekezanak (K.a. 5000-1000). Pinturak dituen bost panel dagoz guztira eta gitxienez 25 irudikapen, pigmentu tonu bigaz eginak: gorria eta baltza. Irudikapenok giza figura eskematikoak dira; zenbait errepresentazinok gorputza eta besoak baino ez ditue, normalean luzatuta egoten dira edo zirkulu batean zarratuta buruaren gainean.

Beste ade atetik, aztarnategirako sarbidea arrokan pikautako eskailera-maila batzuekaz eregita dago, bai eta alboetan 50 zentimetro luze dan lau angeluko ate landu bategaz be. Barrualdea 5x2x1,75 metroko eremu induskatua da, eta morfologia oboidea dau.

Bizkaian arte eskematikoa agiri dan lehen tokia

Aztarnategi honen berifikazinoa ikertzaile independente bik egin dabe, labar-artearen espezialistak eta erreferente nagusi diranak: Diego Garate Maidagan (Kantabriako Unibersidadea) eta Primitiva Bueno (Alcalá de Henaresko Unibersidadea). Euren txostenetan badira barruko-argudioak errepresentazinoen antxinatasuna egiaztatzeko, besteak beste, iudi batzuen higadura-mailea, kare-konkrezinoz estalita baitagoz, panel batean figura gorriak beste baltz batzuei gainjarrita egotea, panel batzuei suak erasan izana, eta figura batzuen gaineko kurutze grabaduak, itxura freskokoak.

Erabilitako pintura-teknikak (pigmentu naturalak, uretan diluituak eta atzamarrakaz aplikauta) eta irudikapenen ikonografiak posible egiten dabe pinturak Oraintsuko Historiaurrearen momentu zehatz batean kokatzea (K.a. 5000-1000).

Txostenen arabera, zenbait datu, besteak beste, figuren gainjarpenak, adierazoten dabe hainbat momentutan pintau ebela kobea. Horrek azaldu leike zenbait pigmentu mota egotea (mota bitakoak gorriak eta baltzak) eta irudikatutako giza formen aldakortasuna. Eszena bi nabarmentzen dira: batean, baltzez pintautako giza figurak dagoz, ilaran jarrita, era ordenatuan; bestean, gorri zurbilez egindako zazpi figura agiri dira, hurrenkera linealean ezarrita, guztiak besoak jasota, eta hiru figura mota ezbardinetan identifikauta. Antropomorfo bakartuen artean, forma horreetako batzuk errepetiduten dira, eta gainerakoak bestelako figura eskematikoak dira; badago, gainera, izaera naturalistagoa dauen figura bat.

Irudikatutako figurek paraleloak ditue Kantauriko aztarnategiren batean (Peña Tu eta El Castillo) eta Arabako koba batzuetan (Socuevas de San Miguel eta Las Yurdinas), baina arte eskematikoaren adibide zuzenenak Portugal, Meseta edo Andaluziakoak dira. Orain arte ez da holako pinturarik topau Kantauri aldean, eta horrek oinarrizko informazinoa emoten deusk gure joanari eta gure lurraldean bizi izan ziran lehen nekazari-jendarteei buruz.

Grabatu multzo barria Armintxen

Aurkezpenean iragarri da labar-pintura barriak topa dirala Lekeitioko Armintxe koban. Labar-arte paleolitikoa dauen aztarnategi hori ADES alkarte espeleologikoak topau eban 2016an eta Juan Carlos López Quintanak (Agiri) eta Cesar González Sainzek (Kantabriako Unibersidadea) ikertu dabe.

2024tik, Iñaki Intxaurbe buru dauen taldeak (Bordeleko Unibersidadea) ikerketa-proiektu bat garatzen dau bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak diruz lagunduta, kobearen zehaztasun handiko berreraikuntza tridimentsional bat erdiesteko, biki digitala izenekoa.

Hiru dimensinoko datuak hartzen ziran bitartean, Goi Galerian, animalien grabadu multzo barria topau da, hau da, goranzko posizinoan dagoan ahuntz bat, bisonte handi bat eta beste animalia-irudi txiki bi, segurutik bisonte bat eta beste animalia baten lerro zerbiko-dorsala.

Figurok atzamarrakaz edo tresna kamuts bategaz grabauta dagoz kareharrizko paretaren gainean eratzen dan geruza buztintsuan. 19-16 mila urte inguru ditue. Lortutako xehetasun-topografiak eta barrunbearen formazino eta garapen-prozeduren gaineko azterketek posible egiten dabe zehatzago baloretea zelakoak diran kobaren uholde-prozesuak, zelan eragiten deutsen labar-arteari eta zer neurri hartu behar diran egoki konserbetak.

Ikerketa-lan horreek aprobetxauta, ingurumen-monitorizazinoa egiteko sistema autonomo bat instalau da, LabCertis enpreseak diseinau eta ezarria: hiru sensore multiparametriko (tenperaturea, hezetasun erlatiboa eta CO2 neurtzeko), maila hidrostatikoko hiru zunda eta urruneko unidade zentral bat, datuak eten barik erregistreteaz eta transmitiduteaz arduratzen dana.

Sistema horri esker, informazino kritikoa lortu daiteke labar-artearen konserbazinoan eragiten daben arriskuei aurrea hartzeko, holan ibaiaren dinamika hidrogeologikotik zelan baldintza mikroklimatikoetatik eratorritakoei.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu