Alejandro G. Iñarrituk 'Carne y Arena' sartze-esperientzia aurkeztuko dau Bilbon
2026-02-18 09:00 KultureaEITBren egoitzako 5. platoan, martiaren 11tik bagilaren 20ra arte.
Alejandro González Iñarritu mexikar zinemagilearen Carne y Arena sartze-esperientzia Bilboko EITBren egoitzako 5. platoan egongo da ikusgai, martiaren 11tik bagilaren 20ra arte. Instalazinoa, Alejandro G. Iñárrituk sortu dau. Ikusi trailerra hemen.
Esperientzia bizi ahal izateko sarrerak EITBren webgune ofizialean dagoz salgai.
Erakusketea, ondoko erakunde honeek babestu dabe: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Saila, BBK Banku-fundazinoa eta EITB. Erakusketa egiteko, aliantza publiko-pribatua egin da.
Halanda ze, sartze-esperientzia horren nazinoarteko birearen hasierea izango da Bilbo. Legendaryk, Emmerson Collectivek, Fundacione Prada Phi Studiok eta 90_20k produzidu dabe. Bestalde, Industrial Light & Magicegaz batera egindako eguneratze teknologikoa dauka, haren potentzia sensoriala indartzeko eta publikoaren harrera-baldintzak hobetzeko.
Proiektuak, gainera, Alejandro G. Iñarrituren parte-hartzea izango dau. Holan, herritarrei, unibersidade-eremuari eta industria zinematografikoari zuzendutako hitzaldi, alkarrizketa eta topaketetan parte hartuko dau, migrazinoari, bizikidetzeari, arteari eta teknologiari buruzko gaiak jorratzeko.
Erakustaldiko hiru hilabeteetan, berbaldiak eta hausnarketarako espazioak programauko dira, esaterako: Arraza-diskriminazino mueta guztiak desagerrarazoteko Nazinoarteko Egunean (martiaren 21a), Kultura Aniztasunaren Munduko Egunean (maiatzaren 21a) eta Errefujiatuen Munduko Egunean (bagilaren 20a).
Baieztatutako lankidetzen artean, ondoko honeek nabarmendu behar dira:
- Metro Bilbao: erakusketa osogarria egingo dau martian eta apirilean Moyuako eta Santimamiko geltokietan.
- ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea: arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako sensibilizazino eta prebentzio-jarduerak sustatuko ditu.
- Bilbao Bizkaia Film Comission: ikus-entzunezkoen industriaren topaketa profesionalak eta jarduerak koordinauko ditu.
Migrazinoari eta giza izaereari buruzko sartze-esperientzia
Cannesko 70. Jaialdian estreinau zan (lehiaketaren historian, lehenengo proiektua da errealidade birtualean aurkeztu dana) eta Hollywoodeko Akademiak Oscar berezia emon eutson urte horretan bertan, sekulako esperientzia narratiboagaitik. Carne y Arenak sartze-esperientzia proponiduten dau, bisitaria mexikar eta erdialdeko amerikar migratzaile eta igeslarien bidaiaren zati baten erdigunean jarten dauena.
Errealidade birtualeko sei minutu eta erdiz (guztira, hamabost minutu inguruko esperientzia da), ikuslearen eta historiako protagonistearen arteko mugak deseginez joaten dira. Bisitariak ez dau migrazinoa ikusten: zehartu egiten dau.
Iñárrituk adierazo dauanez: enkoadraketearen diktadurea apurtzeko eta zuzeneko esperientzia ahalbidetzeko sortu zan, migratzaileen oinakaz ibiliz, horreen azalaren azpian eta bihotzaren barruan. Uste dot, instalazinoa Bilbon jartea oso egokia dala, izan be, Euskadin hastearen dimensino sinbolikoa ukatuezina da: Euskadiren eta Mexikoren artean partekatutako historia horrek eremu emonkorra sortzen dau, obreak oihartzuna eta pertenentzia-sentimendua izan daian.
Bestalde, zuzendariak gogoratu dau zelako alkartasuna erakutsi eutson Mexikoko herriak Espainiako Gerra Zibilaren osteko euskal erbesteratuei eta zelan berak be familia-loturak dituan Euskadigaz.
Informazino praktikoa
- Egunak: martiaren 11tik bagilaren 20ra arte.
- Tokia: 5. platoa. EITBren egoitza (Bilbo).
- Sarrerak hemen.
- Prezioa: 10 euro + kudeaketa-kostuak (1,21 €).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
