Janire Etxaberen 'Atxine' hautagai Arte Eszenikoen Max Sarietan
2026-02-19 13:17 KultureaEuskadik 30 hautagaitza baino gehiago aurkeztu ditu.
Méridako Arte Eszenikoen 29. Max Sariek Espainiako Arte Eszenikoen sari entzutetsuenetan lehian jarraitzen daben hautagaiak jakinarazo ditue. Guztira, lehiaketara aurkeztutako 512 ikuskizunetatik 174 hautatu dira eta hurrengo fase lehiakorrean jarraituko dabe. Euskadik 30 hautagaitza baino gehiago aurkeztu ditu, Tanttaka, La Dramática Errante, Deabru Beltzak, Tartean, Anita Maravillas & Portal 71, Ahatik Dantza, Dimegaz, Aukeran Dantza Konpainia, LASALA, Zirkuss Productions edo Zirkozaurre lako konpainiek gidatutako dozena bat proiektutan oinarrituta.
2026ko finala bagilaren 1ean izango da, Méridako Erromatar Antzokian. SGAEk atonduta, SGAE Fundazinoaren bidez eta Méridako Udalaren babesari eske, Espainiako Antzerki eta Dantza profesionalen talentua sustatzea eta saritzea dau helburu, baita denporaldiko ikuskizunak hauspotzea be. Aurten Klemarken eta Eulen taldearen babesa dau. Ekitaldia RTVEren bidez emongo da, Televisión Españolako La 2 katean hain zuzen be, baita RTVEren Nazinoarteko Kanalean eta streaming bidez be, RTVE Play euskarrian.
Lehen fase honetako hautapen-batzordea bost lurralde-epaimahaik osotu dabe (Madrilgoak 2, Kataluniakoa 1 eta autonomia-erkidegoetakoak 2), Atontzaileen Batzordeak berak izentautakoak. Lehen hautaketa fase horren ondoren, lurralde epaimahaietako bost presidenteek eta Arte Eszenikoetako bost persona ezagunek osotutako epaimahai batek erabagiko ditu Arte Eszenikoen Max Sarien 29. edizinoko finalistak (Mérida 2026).
Hautagaiak hemen.
Kategoria barri bi eta hiru sari berezi
Edizio honetan barrikuntzea da Max Sariek lehiaketako kategoriak 22ra zabaldu dituela, honako sari honeek gehituta: Antzerki Talde Onenaren eta Dantza Talde Onenaren garaikurrak, hain zuzen be, produkzino bateko interpretazino-talde osoa autortzeko. Gainera, Autoretza Barri Onenaren kategorian parte hartzen daben sortzaileak Antzerki Egiletza Onenaren edo Koreografia Onenaren kategorian be lehiatu ahal izango dira.
Kategoria bi horrek 20 kategoria tradizionalakaz eta hiru sari bereziakaz batera izango dira: Ohorezko Max Saria, lanbidearen alde egindako ekarpena, konpromisoa eta ibilbidea autortzeko; Publikoaren txaloaren Max Saria, ikusleen babesa handiena jaso dauen ikuskizunari emongo jakona, ikusleen bertaratze masiboan eta karteldegian izandako iraupenean oinarrituta; eta, Max Saria amateurra edo Izaera sozialekoa (2026an modalidade afizionatua) integrazinoaren eta gizarte-proiekzinoaren aldeko proiektuak eta sektorean ekarpen nabarmena egin daben konpainia afizionatuak batzen dituana.
Max Sariak
1998tik SGAE Fundazinoak atonduta, Max Sariak Espainian arte eszenikoen arloko autortzarik zabalena dira urte honeeta guztietan. Sariaren garaikurra Joan Brossak diseinau eban (Barcelona, 1919-1999), gerraosteko Espainiako artea barritzeko mobimentuetako baten bultzatzaile izan zan poeta eta artista plastikoak. Azken edizinoetan, bostehun ikuskizun baino gehiago batu ditute lehian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
