Sofia Gandariasen 'Gernika' margolana Gernikako Museoara bueltauko da
2026-02-19 10:42 Kulturea1999ko martiaren 24an Europako Parlamentuan aurkeztu eban.
Sofia Gandarias gernikarrak Gernika margolana 1998an aurkeztu eban. Era berean, Gernikako Bakearen Museoari dohaintzan emon eutson, 1999ko martiaren 24an Europako Parlamentuan aurkezpen ofiziala egin ondoren. Gernikako Bakearen Museoan urte batzuk ikusgai egon ondoren (1999-2002), 2002an museoa birmoldatu zanean koadroa ezin izan zan barriro erakutsi. Beraz, hainbat urtez, Gernika triptikoa eta Gandariasek egin zituan 5 zirriborro munduko leku askotan izan dira: Espainia, Italia, Suitza...
Halanda ze, Bakearen Museoko aretoetan egokitzapena egin ondoren, Sofia Gandariasen Gernika bueltau egin da museoko erakusketa iraunkorrera.
Egileak, ondo baino hobeto deskribidu eban koadroa:
Beti gura izan dot triptikoa margotu, baina ez naz kapaz izan 1997an momentu ha heldu zala erabagi arte. Txikitan Gernikan ikusten nebana -Eskualde Suntsituek- eregitako uria izan zan, zeozer mussoliniarra hain zuzen be. Irabazleek uri barria oparitu euskuen. Gerren garaileak dira historia idazten dabenak, guri, gure zugatza itxi euskuen... Gernika jazo behar ez zanaren kontrako nire oihua da, hemendik aurrera pasau behar ez danaren kontrakoa be. 1937ko apirilaren 26an, Kondor Legioak bonba su eragileak bota zituan Gernikan, euskaldunen uri sakraduan (...)
Triptikoaren lehen zatian, bonba horreek itxaropena (ama umeduna) hilten dabe, fetoen prozesinoan jantza makabroa ixten dabe eta San Joan eleizea desegin dabe. Torreko erlojuak bonbardaketearen ordua marketan dau.
Zer salbau leiken Gernikan? Edade nagusikoak, arpegi grisak zituen emakumeak eta umeak bakarrik geratzen ziran, 19:45ean azken hegazkina joan zanean. (...) George Steerri esker, munduak tragedia ezagutu eban eta nik oso gogoan daukat. Gernika labea zan, orban gorri handi batek hartu ebana. Leon Feliperen poeman bezela, -bakarrik eta kurutzean, lantzea saihetsean sartuta, bakarrik eta biluzik-.
Sofía Gandarias (Gernika 1951 – Madrid 2016).
2025ean, 69.773 bisita
69.773 lagunek (2024an baino % 4,6 gehiagok) bisitau eben Gernikako Bakearen Museoa 2025. urtean. Ondoko toki honeetatik etorri ziran: Euskadi (7.353), Espainia (17.491), Frantzia (36.856), Amerika (6.455) eta beste kontinente batzuk (1.618).
44.608 lagunek bisitau eben Gernikako Bakearen Museoa euren kontura eta 25.165 lagunek, barriz, 1.453 taldetan. Era berean, 195 ibilbide gidatu (Memoritour Gernika) egin ziran.
Programazinoa
Hemen aurtengo programazinoko hiru erakusketa:
- Orratz Begia erakusketea. Gerrako umeei buruzkoa, zezeilaren erdialdera arte kokaleku bitan (Gernikako Bakearen Museoa eta Euskal Herria Museoa). 2026ko maiatzera arte egongo da zabalik baina Gernikako Bakearen Museoan baino ez.
- Maiatzaren erdialdetik 2026ko irailaren erdialdera arte, museoak beste lankidetzea izango dau EHUgaz, MemoriArtean programearen barruan. Holan, Verónica Domingo Alonsoren Desmemoriaren bidezidorra erakusketea hartuko dau.
- 2026ko irailaren amaieratik eta 2027ko zezeilera arte Fosil Gida: Gerra Zibilaren Arkeologia erakusketea izango da ikusgai, Josu Sanatamarina eta Ander Gondra komisario dirala. Gerra Zibileko hondakin materialen gaia jorratuko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
