Hezkuntzan euskal kulturearen eta kultur eta sormen industrien egoerea aztertuko ditue

Bizkaie! 2026-02-18 10:36   Kulturea

Jardunaldiaren helburua euskal kulturearen egoerearen eta erronken inguruan hausnartzea da.

Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Aretxabaletako campusean izango dira jardunaldiak, zezeilaren 25an eta 26an. Aurrez hiru edizino izan dituan Euskal Kulturaren Eragiletza masterreko jardunaldiari jarraipena emongo deutso hemendik aurrera Euskal kultura gaur eta bihar jardunaldiak.

Jardunaldiaren helburua euskal kulturearen egoerearen eta erronken inguruan hausnartzea da. Jardunaldiaren lehen egunean, eguaztenean, hezkuntzan euskal kulturearen egoerea izango dabe eztabaidagai parte-hartzaileek. Eguenean, barriz, Kultur eta Sormen Industrien egoeran eta erronketan sakonduko dabe hizlariek.

Kulturea da fakultadearen 50. urteurreneko zezeileko egitarauaren ardatza

Aurten 50. urteurrena ospatzen dago Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea eta urte osoko egitaraua atondu dau hori ospatzeko, ikasketetan eta ikerketan lantzen diran arloetan
banatuta.

Ikasketetan, ikerketan zein transferentzian fakultadearen ardatz da kulturea; eskaintza akademikoan be leku berezia dau euskal kultureak. Bederatzi ikasturtez egin zan Euskal kulturgintzearen transmisinoan Aditu Diplomea eta hazi haretatik sortu zan dagoneko hirugarrenez martxan dan Euskal Kulturaren Eragiletza Masterra. Euskal kulturearen galdera eta beharrizan konkretuei erantzunez, arlo desbardinetan euskal kulturako eragileak trebatzea da masterraren helburua. Kultur eta Sormen Industrietan ibilteko propio prestautako profesionalak prestetako Kultur eta Sormen Industriak gradua be martxan jarri du fakultadeak 2025-2026 ikasturtean. Euskal Herriko testuingurua ezagututa, eta nazinoarteko esperientzia eskuratuta, bitartekaritzan eta ikusizko arteetan, modan eta diseinuan edo musikan eta eszenan espezializetako aukerea dabe ikasleek.

Euskal Kulturaren Eragiletza Masterreko emoitzak

Hizlariekin batera, egitarauan parte hartuko dabe Euskal Kulturaren Eragiletza Masterreko hainbat ikasle ohik, Master Amaierako Lanetan egindako ikerketa-lanak eta proposamenak aurkeztuz. Hain zuzen be, kultur ekitaldien programazinoagaz eta kultur eskaintzeagaz lotutako lanak izango dira. Jardunaldia edegia eta dobanekoa da, baina interesatuek aldez aurretik emon beharko dabe izena, zezeilaren 20a baino lehen. Egunetarako zein egun bakarrerako emon daiteke izena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu