Gabriel Aresti Katedreak 'Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)' liburua aurkeztu dau
2026-02-18 13:45 KultureaAurten, 90 urte betetzen dira Gerra Zibila hasi zala.
EHUko Garbiel Aresti Katedreak Kultura Gerra Zibilean (1936-1939) liburua aurkeztu dau Bizkaia Aretoan. Bertan izan dira lanaren koordinatzaileak: Patxi Juaristi zuzendaria eta Beatriz Zabalondo idazkaria.
Liburura hamabost artikulu batu ditue eta adierazpide kulturalak aztertzen dira: artea, jantzea, musikea, arkitekturea eta urigintzea, antzerkia, bertsolaritzea, zinemea, hezkuntzea, liburutegiak, artxiboak eta museoak, kartelgintzea, literaturea, kazetaritzea eta irratigintzea.
Holan, argitalpenean hainbat diziplinetako ikerlariek hartu dabe parte: Irati Agirreazkuenaga Onaindia, Xabier Altzibar Aretxabaleta, Oier Araolaza Arrieta, Leyre Arrieta Alberdi, Karmele Artetxe Sanchez, Mikel Bilbao Salsidua, Ander Delgado Cendagortagalarza, Jose Javier Fernandez Altuna, Idoia Gereñu Odriozola, Patxi Juaristi Larrinaga, Ismael Manterola Ispizua, Francisco Javier Muñoz-Fernández, Josu Martinez Martinez, Lourdes Otaegi Imaz eta Pio Perez Aldasoro.
Liburua irakurrita euskal kultureak Gerra Zibileko errautsetatik berbizteko izan eban gaitasunaz jaubetuko gara. Gerra Zibileko kultur bizitzeari begiratzea da liburu horren helburu nagusia; horregaz batera, garaiko kultur produkzinoan eta kulturgileakan eragin eben politikak eta ideologiak be aztertzen dira. Kulturearen, ideologien eta politikearen arteko alkarreraginak liburuaren parte garrantzitsua hartzen dau.
Gainera, hainbat osogarri ditu:
- Gerra-garaiko bizimodua eta, batez be, gerra-garaiko kultur bizitzea hobeto ezagutzea. Lan horretan parte-hartzaile izan diran idazle eta ikerlariek lehen be idatzi eta argitaratu dabe gai horreen inguruan, baina interesgarria iruditu jake guztien gogoeta eta azterketak liburu bakarrean jasotea.
- Gaiari buruzko bibliografia osotua eskaintzea. Liburua osotzen daben atalen amaieran agertzen diran erreferentzia bibliografikoek kulturak gerra-garaian Hego Euskal Herrian izan eban egoeraren inguruan gehiago sakontzeko aukerea eskaintzen dabe.
- Gerra-garaiko kultur erakunde eta eragile giltzarriak ezagutarazotea.
- Euskal kulturearen gaia jorratu nahi dabenei oinarrizko materiala eskaintzea.
Fokua Gerra Zibileko urteetan jarrita dago. Halanda be, liburuak ezinbestean jorratzen ditu gerraurreko testuingurua eta gerraosteko ondorioak. Horrenbestez, Euskal Bizkundea, Bigarren Errepublikea, erbestea eta frankismoaren garaiko errepresinoa be presente dagoz lanean.
Lurraldeen araberako errealidadeak be kontuan hartzen dira: Nafarroan eta Araban hasieratik estadu-golpea babestu zan bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaia Bigarren Errepublikearen aurrean leial jokatu eben. Esperientzia horreen arteko aldeek kulturea biziteko, bultzatzeko eta sortzeko moduak baldintzatu zituan.
Liburuak, batez be, Errepublikearen aurrean leial izandako eremuetako kultur erakunde eta eragileak aztertzen ditu, baina baita frankisten aldean gelditu ziranen edo horreek kontrolautako lurraldeetan izandako kultur ekimenak be. Era berean, 1937an Hego Euskal Herria osoa frankisten esku geratu ondoren nagusitutako kultur ereduaren ezaugarriak eta frankismoakaz lerrokatutako intelektual eta artisten jarduna be aitatzen dira.
Gabriel Aresti Katedrea
Gabriel Aresti Katedrea euskal kulturearen ikerkuntzea, sorkuntza artistikoa eta dibulgazinoa jorratzen dituan unibersidadeko katedrea da. 2023. urtean jaio zan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EHUko Bizkaiko Campusearen ekimenez. Katedreak izen bereko intelektual eta kulturgilearen irudia eta obrea ezagutarazo gura dau, batez be, unibersidadeko ikasleen artean. Horrekaz batera, katedrearen helburu garrantzitsuena da euskal kulturearen inguruko gogoeta eta azterketak bultzatzea, baita euskal kulturearen memoria jorratzea be.
Halanda be, Katedrearen asmoa be bada Euskal Herriko kulturea eta arteen ikerketan lan egiten daben erakunde eta personakaz alkarlanean ibiltea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
