Gamiz-Fikako Erlapiku eta Lekeitiko Armintxe hatx-zuloak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2026-02-18 12:55   Kulturea

Bizkaian topautako historiaurreko azken aztarnategi bi dira.

Gamiz-Fikako hatx-zuloa

2025eko bagilean, Gamiz-Fikako udalerrian historiaurreko aztarnategia topau eben, Juan Carlos Lopez Quintanak eta Juan Carlos Izaguirre arkeologoek. Beraz, igazko bagilaren 26an, San Pedro de Atxi baseleizea berreskuratzeko asmoagaz egindako indusketetan eta interbenzinoetan Neolitotik Burdin Arora bitarteko errastuak topatu zituen. Aztarnategia, Erlapiku izenagaz ezagutzen da.

Bertan, labar-arteko irudiak agertu dira. Lehen aitatutako arkeologoak labar-arteko kontuetan espezialistak dira, bata Kantabriako Unibersidadekoa eta bestea Alcala de Henareseko Unibersidadekoa. Irudiek ez ei dabe antxinakotasunik, K.a. 1000-5000 urte artekoak diralako. Garai horretan gizakiek apurka-apurka hatx-zuloetan biziteari itxi eta ezarmendu finkoetara joan ziralako.

Guztira, 25 marrazki inguru topau dira. Garai arteko gizonek eta emakumeek marrazki horreek hipogeo batean egin zituen, hatx-zulo artifizial batean, hain zuzen be. Adituek uste dabe marrazki horreek, hilobiratzeagaz zerikusia ebela. Egindako txostenen arabera figura batzuen higadurea handia da. Horrezaz gan, irudi batzuk beste batzuen gainean eginda egon izanak adierazoten dau hainbat garaietako irudien aurrean gagozela.

Bestalde, erabilitako teknikak eta ikonografiak lehen aitatutako sasoi haretan kokatzen gaitu, batez be, irudi bik; alde batetik, baltzez marraztutako gizakien siluetak edo figurak (lerro batean dagoz); eta, bestetik, gorriz marraztutako beste 7 figura. Horreek be, lerro berean dagoz eta irudi guztiak gizakiak dira eta besoak gora ditue.

Gamiz-Fikan topautako marrazkiek, Kantabriako Peña Tu edo El Castillo lekuetan topautakoen zein Arabako Socuevas de San Miguel eta Las Yurdinas dagozanen antzekoak dira.

Lekeitiko Armintxe hatx-zuloa

Igaz, Lekeitioko Armintxe hatx-zuloan beste aztarnategi arkeologiko bat topau eben. Bertan, labar-arteko 9 marrazki egozan. ADES Espeleologia Alkarteko kideek deskubridu eben 2016an eta Juan Carlos López eta Cesar Gonzalez arkeologoek aztertu eben. 2024tik aurrera Burdeoseko Unibersidadean lan egiten dauen Iñaki Intxarbek gidatzen ditu indusketa eta ikerketa lanak. Bizkaiko Aldundiak eta Lekeitioko Udalak diruz laguntzen dabe.

Hatx-zulo barruan Goiko Galerian animalien grabaduak topau dira: ahuntzea, bisontea eta pizti txikiagoak. Irudi edo grabadu horreek orain dala 16.000-19.000 urteko gizakiek marraztu zituen atzamarrak erabiliz edo tresna baten bidez. Lan horreek buztinaren bidez egiten eben.

Kontuak kontu, bizkaitarrok dauela milaka urte gizakiak egin zituan marrazkiak ikusteko aukerea dogu. Ondare arkeologiko eta kultural handiko guneak dira. Beraz, aztarnategi horreetan egiten diran ikerketei esker gure historia hobeto ezagutu eta ulertuko dogulakoan nago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu