Getxophotok 20 urte
2026-02-19 08:52 KultureaReset, maiatzaren 28tik bagilaren 21era.
Badakigu urteurrenak ospatzeko momentu izaten dirala, baina aukera ezin hobeak be badira atzera begiratu eta balantzea egiteko, gure artxiboak berrarakatzeko eta aldatu dana ikusi ahal izateko. Eta, aldi berean, barriro erein ahal izateko lurra iruliten dan bezela, energia barrituagaz gure burua aurrera proiektetako aukerak be badira urteurrenak.
María Ptqk izango da barriro be edizino berezi honetan komisarioa, Studio Carles Murillo nortasun grafiko harrigarriaren sortzailea eta Gerard Mallandrich animazinoena. Aurten Reset, sistema berrabiarazoten animetan gaituan teklea sakatzeko konbita egiten deuskue.
María Ptqk 1976an Bilbon jaioa da, arteen eta kultura teknozientifikoaren arteko alkarguneetan espezializautako komisarioa, ikertzailea eta kultura-kudeatzailea da. Ikerketa artistikoan doktorea da EHUn, Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetan graduatua, DEA Nazinoarteko Zuzenbide Publikoan Paris II–Sorbonnen eta Kulturearen Zuzenbidean Madrilgo Carlos III Unibersidadean. Komisariau dituan erakusketen artean, Soft Power (Amarika Proiektua, 2009), À propos du Chthulucène et ses espèces (Espace virtuel du Jeu de Paume, Paris, 2017), Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras (CCCB Bartzelona eta Azkuna Zentroa, Bilbo, 2019-2021), Extinción Remota Detectada (LABoral, Gijón, 2022) eta Máquinas de Ingenio (Tabakalera, Donostia, 2023).
Breve historia del pimiento para uso de la vida extraterrestre (2017), Especies del Chthuluceno. Panorama de prácticas para un planeta herido (2019) eta Laboratorios ciudadanos: una aproximación a Medialab Prado (2021) taldean sortutako liburuak emon ditu argitara. Gaur egun Getxophotoko komisarioa da eta consonni argitaletxearen eta Daniel eta Nina Carasso Fundazinoko aholkularia. 2024tik .able arte, zientzia eta diseinuko aldizkari akademikoaren koordinazino editorialaren arduraduna da.
Kontuak kontu, 2026ko bagilean Getxophoto Nazinoarteko Irudi Jaialdiak 20 urte beteko ditu. Pausa, Play eta Rec botoiak sakatu ondoren –aurreko hiru edizinoetako gaiak– aurtengo haria honako hau baino ezin zan izan: Reset, Sistemea berrabiarazoteko teklea.
Horregaitik datorren edizinoan aldaketea, birlantzea, birzikletea eta berrasmetako esperientziak lantzen dituen proiektuak egongo dira ikusgai, baita bizi-zikloak edota ospakizunak jorratzen dituenak be.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
