Bizkaiak bere historiako kultura-programarik zabalenagaz ospatuko ditu 25. Ondarearen Europako Jardunaldiak
2025-09-16 07:57 Kulturea2025eko programearen barruan dobako 250 kultura-proposamen baino gehiago eskainiko dira.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, Bernardo García de la Torre edukien koordinatzailea eta programazinoan sartutako jarduerak atontzen dabizen kultur eragileen ordezkaritza zabala.
Finkatutako kultura-ekitaldiak diran Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak 25. edizinoa beteko dau aurten eta, bertan, protagonismo berezia izango dau arkitektura-ondareak. Aurten Bizkaiko beste edozein edizinotan baino atontzaile gehiagok parte hartuko dabe eta inoiz baino jarduera gehiago eskainiko dira. Urrian zehar, 160 erakundek (54 udal, 79 kultura-entidade, 27 museo) atondutako 250 kultura-jarduera baino gehiagok herritarrakana hurreratuko dabe Bizkaiko arkitektura-aberastasuna eta aniztasuna.
Leixuri Arrizabalagak azpimarratu dauenez, 25 urte ez dira edozelan beteten eta horregaitik aurtengo eskaintzea inoiz baino zabalagoa da. Aurton Foru Jauregiak 125. urte beteko ditu, Bilboko eraikin enblematikoenetako bat da, Bizkaiko ondarearen ikurra. Eta ez dago efemeride bikotx hau ospatzeko modu hoberik 2025eko Ondarearen Europako Jardunaldiakaz bat egitea baino. Arrizabalagak jardunaldien garrantzia goraipatu dau: Bizkaiko Foru Aldundiak ehun kultura eragile baino gehiagoren eskutik koordinautako lanari esker, alkarlanean ibilteko sare sendo bat sortu da eta Bizkaia erreferente bihurtu da ondarearen arloan, baita Europan bere.
2025eko programazinoak arlo tematiko nagusi bi izango ditu ardatz; alde batetik, arkitektura garaikidea nabarmenduko da, arreta berezia jarrita azken ehun urteetako eraikin eta eraikuntzetan, bai eta lurraldearen identidade sozialean eragina izan daben auzoetan eta uri-inguruneetan be. Beste alde batetik, historia-ondareari ikuspegi barritua nabarmenduko da eraikin enblematikoetako esku-hartzeei eta eraikin horreetan izandako erabilera-aldaketei buruzko bisita eta eztabaidakaz eta tradizinoaren eta modernidadearen arteko orekea aztertuko da.
Edizio honetako nobedadea izango da Lurralde gonbidatua atala, oraingo honetan Bizkaia Kantabriagaz lotuko dauena.
Egitarau osoa eta erreserbak www.ondareabizkaia.eus webgunean.
Arkitektura-ondarea publiko zabalari hurreratzeko, jardunaldietan, ohiko formatuetako jarduerez gan, honako honeek be izango dira, besteak beste: maketa eta marrazki-tailerrak, argazkigintza-lehiaketea eta -tailerrak, eraikuntzako fabrika eta tailerretara bisitak, ikus-entzunezko proiekzinoak, musika eta antzerki-emonaldiak ondare-espazioetan, gaueko ibilbide arkitektonikoak eta gazteenei zuzendutako jarduerak.
Orain 25 urte sortu ziranetik, Ondarearen Europako Jardunaldiek, Bizkaian, 200 eragile baino gehiago sartu ditue tartean, askotarikoak —udalak, kultura-alkarteak, ikastetxeak, artisauak, profesionalak eta, oro har, herritarrak—, eta ondare-komunidade sendoa sortu dabe, kultura-ondarea zabaldu, konserbau eta baloreteagaz sano konprometiduta.
Urriko programeak Bizkaiko arkitektura-ondarean islatzen diran historia, artea eta eguneroko bizitea ezagutzeko 250 jarduera baino gehiago izango ditu. Ondarea gizartera hurreratzeaz gan, ondare horrek etorkizunean izango dituan erronkei eta desafioei buruzko hausnarketea sustatu nahi dau ekimenak. Beraz, 2025eko Ondarearen Europako Jardunaldiak, Bizkaian, oinarrizko espazio bihurtuko dira lurraldearen kultura-identidadea interpretau eta biziteko, parte-hartze aktiboa eta tradizinoaren, modernidadearen eta jasangarritasunaren arteko alkarrizketea sustatuz.
Bizkaiko arkitektureari lotutako askotariko jarduerak
Ondarearen Europako Jardunaldietan Bizkaian eskaintzeko programa anitza eta aberasgarria atondu dabe. Holan, 76 udalerritan, 250 kultura-jardueratik gora egingo dira, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinauta.
- Tailerrak
Ondarearen Europako Jardunaldietan, Bizkaian, edade guztietarako hainbat tailer egingo dira: marrazki-tailerra eta arkitekturako zurezko arotzeriakoa Abanto Zierbenan, arkitektura-ondarea irudikatzeko 3D inprimaketakoa Getxon, umeentzako teilak sortzekoa Elorrion eta arkitektura-maketak egitekoa Trapagaranen. Balmasedan tailer bat eta bisita bidatu bat egingo dira Bizkaiko beirateei buruz eta Berrizen, aukerea egongo da bola-jokoaren inguruko tailer baten parte hartzeko. Euskerearen Etxean, familia-tailer batean komunidadearen idea landuko da olgetearen eta arkitekturearen bidez. Itsasmuseumen umeentzako tailer batek Bilboko itsasadarreko zubiak ezagutzeko aukerea emongo deutse umeei, pista-joko baten bidez. Tailerra amaitzeko, eskulan bat egingo da eta bakotxak bere zubia eregiko dau.
- Bisita gidatuak eta ibilbideak
Programazinoaren barruan, historia eta arkitektura-ondarea ezagutzeko bisita eta ibilbide gidatuen eskaintza zabala egongo da. Nabarmentzekoak dira arkitektura garaikidea (1868-2020) Amorebieta-Etxanon, bisita musikalizatua Artean, Malaxerara ibilbide gidatua Aulestin eta arkitekturea ezagutzeko gaueko bisitea Balmasedan. Barakaldon ibilbide bat egingo da langileen etxebizitzetatik, Basaurin La Basconiako nabeak bisitauko dira eta Bilbon hainbat bisita gidatu eskainiko dira: Basurtuko Ospitalera; Bizkaiko Foru Jauregira; Udal Artxibora, arkitektura-proiektuak ezagutzeko; Zazpikaleetara eta geltokietara; Casilda Iturrizar parkera eta ehun urteko historia dauen Tomás Camacho ikastetxera.
Diman, baserriak XVI. mendetik XIX. mendera izandako bilakaerea aztertuko da; Ean, Urtubiaga burdinolea eta errotako ur-arkitekturak eta, Etxebarrian, Antsotegiren 600 urteko historia, burdinolatik hotelera. Galdakaon, dinamitaren inguruan eregitako munduaren inguruan egingo da ibilbide bat; Gamiz-Fikan, berriz, Bilboko 1937ko Burdinazko Gerrikoaren arkitektura bisitatuko da. Gautegiz-Arteagak erromatarrak erakarri zituen harri gorri enblematikoaren ibilbidea eskainiko du, eta Gernika-Lumon, Jai Alai ikusi ahal izango da, arkitekturako maisulana. Ispasterren aukera egongo da euskal baserriaren herria ezagutzeko, Iurretan ibilbide bat egingo da kanposantuaren arkitekturan barrena eta Laukizen bisita gidatuakaz ospatuko da Beheko Eskolearen mendeurrena.
Lemoan zementuaren fabrikazino-prozesua ezagutu ahal izango da. Santurtzin bisita gidatuak eskainiko dira San Juan de Dios Ospitalera. Sopuertan meatze-ondare ezkutua ezagutu ahal izango da Sorpresa meategian barrena ibilbide bat eginez, baita eleiza modernoak bisitau be. Urduñan, arkitekturearen eta horma-pinturaren arteko alkarrizketea sortuko daben ibilbideak egingo dira.
Zeanurin, ferra-tailerra, Errotabarri errotea eta Barazarreko salto hidroelektrikoaren aztarna arkeologikoak bisitauko dira. Ugaon, bisita antzeztu baten bidez, XVIII. mendeko obra-maisu nagusi baten historia ezagutu ahal izango da eta maisu horrek, bertaratutakoen laguntzeagaz, Urduña eta Gaztela arteko bide zaharra konponduko dau.
- Berbaldiak eta barriketaldiak
Muskizen Butroe eta Muñatones arteko torreei eta Kantauri itsasoko ertzeko burdin lanaren arkitektureari buruzko berbaldiak izango dira. Portugaleten arkitektura eta kultura-ondare barriari buruzko bat atondu da eta Zaldibarren historia eta musikea buztartzen dituan berbaldi musikatua eskainiko da.
Euskaltzaindiak Gure bazterrak: baserriak eta etxe ez direnak aurkeztuko dau, paisaje tradizionala eta bere eraikuntzak aztertzen dituen bebaldiagaz: Bilbon, Foru Liburutegian emongo dan Klasikoak berreraikitzen zikloak Bizkaiko arkitektureari buruzko ikerketen mende bat baino gehiago aztertuko dau.
- Kultura-ikuskizunak eta jarduerak
Erandion jantzea, musikea eta antzerkia konbinauko dituan «Erandio» ikuskizunaz gozau ahal izango da. Getxon, bestalde, musika-irakurketak eta Begoñako Puntan bertan zuzenean egingo dan irrasaio bat proponidu dira, kultura-eskaintza askotariko eta parte-hartzailea osotzeko.
25 urte kultura eregiten Bizkaian
Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldien etenik bako koordinazinoaren 25. urteurrena ospatzen dau 2025 honetan. Kultura-programa hori euskal kulturearen arloko ondare-ekitaldi garrantzitsuenetako bat izatea lortu dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak koordinautako ahalegin kolektiboak lankidetza-sare sendoa osotu dau eta Bizkaia erreferentziazko ondare-komunidade lez finkatu dau; Europaren onespena be jaso du.
Edizino bakotxa persona askoren ahalegin kolektiboaren emoitzea da; gaur egun, 200 eragilek baino gehiagok parte hartzen dabe eta, holan, kultura-ondarea zabaltzeko, balioesteko eta konserbetako konpromiso kolektibo eta zeharkakoa islatzen da.
Azken 25 urteotako gaiak:
Urtero, ondareari ikuspegi askotatik heltzeko aukerea emoten dauen gai bat proponidute dabe, arreta berezia gizarteratzean, iraunkortasunean eta parte-hartze komunitarioan jarrita: Industria ondarea (2001); Berreskuratutako ondarea (2002); Bizkaiko abadiak, komentuak eta monasterioak (2003); Burges etxebizitzak Bizkaian (2004); Ibilbidea Bizkaiko hiribilduetan zehar (2005); Burdinaren paisaiak (2006); Jaurerriko zelatariak: harresiak, torreak eta gotorlekuak (2007); Baserriko bizimoduaren eta ofizio tradizionalaren ondarea (2008); Bizkaia bideetan zehar (2009); Artea eta pentsamendua (2010); Bizkaia Ilustrazinoaren garaietan (2011); Baikortasun garaia:1475-1525 (2012); Atzokoa biharko (2013); Etxez etxe (2014); Burdina (2015); Etxetik kanpo: migrazioak eta kultura-ondarea (2016); Paisaia Bizia. Bizkaiko paisajeak eregitea (2017); Emakumeen emaria (2018); Ondarea plazara! Gure kultur ondarea, plazara (20 19); Ondarea eta hezkuntzea (2020); Guztion ondarea, danok parte! Ondare irisgarri eta inklusiboa (2021); Ondarea loratuz, gozau! Ondare jasangarria (2022); Ondarea bizirik! (2023); Bide, sare eta loturen ondarea (2024); eta edizino honetan gaia Arkitektura-ondarea da (2025).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!