Hasita dago Magialdia 2025, Gasteizko Nazinoarteko Magia Jaialdia

Bizkaie! 2025-09-16 07:45   Kulturea

Irailaren 21ean amaituko da.

Magialdiak, Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Magia Jaialdiak, 2025ean 37. edizinoa egingo dau. Irailaren 15etik 21era izango da, Magialdiarabagaz lotuta lurraldean zehar ibili ondoren. Holan, ekimen biak batuta, errekorra lortuko da, ikuskizunak 25 egunez jarraian izango baitira.

Jaialdiak bere oinarriari eutsiko deutson arren, programazinoak kolaborazio ugari izango ditu: magia-ibilbideen eskaintzea zabaldu egingo da eta, Batzar Nagusiak erakundeagaz egindako akordioari esker, jauregia gehituko jake betiko kokalekuei. Baina ez da kokapen barri bakarra izango, izan be, aurten Arte eta Lanbide Eskolea eta Fournier Karta Fabrikea be izango dira. Holan, hezkuntza-zentro horretako liburutegian zehar ibilbide magiko ederrak egingo dira.

Era berean, Hibridalabegaz batera beste lanketa bati ekin deutse, Magialdiaren barruan enpresei zuzendutako berbaldiak eskaintzeko. Artiumegaz aurreko edizinoan hasitako lankidetzea indartu da eta programazinoaren zati bat arte garaikideari eskainitako museoan egingo da.

Magialdiaren nortasun-ezaugarriei jagokenez, munduko hainbat lekutatik etorritako sektoreko artista nabarmenak erakarriko ditu barriro: Japonia, Frantzia, Brasil, Peru, Argentina, Italia, Erresuma Batua, Taiwan eta Espainia, hain zuzen be.

Uria bisitauko daben magoen artean, atontzaileek Espainia, Italia eta Frantziako kongresuetan parte hartzen daben personen artean banatutako Magialdia sarietako azken irabazleak egongo dira: Romain Lekieffre frantziarra eta Albert Vidal katalana.

Magialdia, 37 urte Gasteiz magiaz beteta

Irailean, Gasteizeko kaleak, erakusleihoak, antzokiak, tabernak eta bestelakoak magiaz beteko dira. Magia-ibilbideak, konferentziak-ikuskizunak, era askotako galak eta emonaldiak izango dira leku enblematikoetan (katedraleko eleizpean edo Aihotz plazan -Magic Theatre egingo da bertan-).

Hori guztia Europa Jauregian atondutako jardueretara kongresukide legez joango diran 450 profesionalek eta zaletuk ahalbidetuko dabe. Estaduko hainbat lekutatik eta beste herrialde batzuetatik helduko dira (Frantziatik eta Italiatik, besteak beste). Eta ez dira bakarrik egongo, izan be, Magialdiak Gasteiztik eta uritik kanpoko beste leku batzuetatik ikuskizunetara ikusle moduan heldutako 20.000 persona baino gehiago batzen ditu.

Hitzordu berezia da eta magia-jaialdia baino zeozer gehiago da, gero eta eragile eta sektore gehiago inpliketan dituan uri-proiektu bihurtu baita.

Magialdia 2025eko egitaraua eta bestelakoak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu