Sky Hopinkaren 'Korde gabe' Bilbon ikusgai
2025-09-18 13:15 Kulturea2025eko irailaren 18tik 2026ko urtarrileko 18ra bitartean.

Guggenheim Bilbao Museoak Sky Hopinka: Korde gabe aurkeztu dau, aurtengo Film & Video programazinoa zarratzeko erakusketea.
Oraingo honetan, Korde gabe (Fainting Spells, 2018) filma izango da ikusgai, Sky Hopinka (Ferndale, Whashington, 1984) artistearena. Bertan, Xąwįska edo indiar pipa landareari buruzko mitologia ikertzen dau artisteak: bateren bat konorterik barik geratzen danean, Wisconsingo Ho-chunk herriak ha esnatzeko erabilten dauen sendabedarra, mamu-landarea edo hilotz-landarea izenez ere ezaguna. Sendaberar horrek aparteko garrantzia dau identidade, jakintza eta kultura indigenetan, eta bizitearen eta heriotzearen zikloakaz eta mundu espiritualagaz lotzen da. Artisteak ikerketa zabala egin eban landarearen inguruan, eta, haren jatorriaren barri emongo eutson mitorik topau ez ebanez, berak asmau eban bat. Holan, gainera, ikuspegi garaikide batetik egin eutson ekarpena mitogintzeari.
Bideoa, hiru kanalez osotua, eskuz idatzitako poema bategaz hasten da, eta kolorez mela-mela egindako paisajeak zeharkatzen ditu, musika iradokitzaile batek lagunduta. Poemak —erakusketa-gunean bertan be badago inprimiduta— zuzenean berba egiten deutso Xąwįskari eta, aurrerago, landarea bera kapa bategaz tapautako figura legez personifikauta agertzen da.
Lanak kontzientzia-egoera askotan espirituen mundua zeharkatzen eroango gaitu. Gehienbat Washingtonen eta Coloradon filmauta dago, eta musikea, poesia, irudia, soinua eta kolorea buztartzen ditu ametsezko narratiba bat sortzeko.
Piezeak Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video aretorako beren-beregi pentsautako sarketa-esperientzia berezi bat biziteko konbita dakar.
- Komisarioa: Geaninne Gutiérrez-Guimarães da.
- Film & Video aretoan (103) dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!