'Marea Gora': IV. Loraldia Plazeak euskal sormenaren eztandea dakar barriro
2025-09-17 12:48 KultureaZaratamon eta Arrigorriagan izango dira hitzorduak.

Laugarren urtez jarraian, Loraldia Plazea Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiak ‘Marea Gora’ goiburuari eutsiz, euskal kulturearen indarra eta aniztasuna ospatuko ditu urriaren 17tik 26ra. Gabriel Arestik amestutako itsaso urdin eta zabal horri keinu eginez, jaialdia udalerri bitan errotutako ezinbesteko hitzordu eder da, sormen garaikidearen erdigune bihurtuz.
Arrigorriagako udaletxean aurkeztu da gaur Loraldia Plazea Zaratamo-Arrigorriaga kultur jaialdiaren 4. edizinoa. Zaratamo eta Arrigorriagako Udalek sustatuta, Loraldiak atontzen dau, Bilboko festibaleko eredua hona ekarriz; Bizkaiko Foru Aldundia eta Laboral Kutxa dira babesleak; eta NAIZ hedabidea da babeslea.
Aurkezpenean izan dira Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatea; Alberto Ugarriza, Zaratamoko alkatea; eta Amaia Ocerin, Loraldiko komunikazino arduraduna.
Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga estrategia sendo baten erakusle da: euskerazko sorkuntza artistikoa zabaldu eta kultur transmisinoa aktiboki sustatzea. Jaialdia erabat finkatuta dagoan honetan, gure balio nagusietako bat diziplina ezbardinen arteko fusinoa da, publikoari esperientzia bakarrak eta barritzaileak eskainiz. Era berean, programazinoak zubiak eregiten ditu belaunaldien artean, ibilbide luzeko artista beteranoak eta talentu barriak eszenatoki berean alkartuz. Batasun honek gure kulturearen joana nabarmendu, oraina ospatu eta, batez be, etorkizun sortzaile eta bizia bermatzen dau.
Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga ekimenak bere laugarren edizinoa ospatzeak erakusten dau proiektuak aspaldi itxi eutsola esperimentu izateari eta gaur egun eredu finkatu eta erantzun handikoa dala kulturea deszentralizau eta herriak euskerazko sormenarekin biziberritzeko. Arrigorriaga eta Zaratamoko Udalen bultzadari eta Bizkaiko Foru Aldundiaren zein Laboral Kutxaren babesari esker, Loraldia Plaza kultur topagune bat baino gehiago da; herriko bizitzan eta ekonomian eragin zuzena dauen motorra.
Testuinguru horretan, Marea Gora ez da marketin goiburua bakarrik, adierazpen sendoa da. Euskal kulturearen bizitasunaren, erresilientziaren eta garai barrietara egokitzeko gaitasunaren metaforea da. Gure sorkuntzeak, testuinguru global eta homogeneizatzaile baten aurrean, bere nortasuna eta indarra aldarrikatzen ditu. Jaialdi hau aldarrikapen horren ospakizun bat da, Itsaso zabal eta anitz bat garela erakusten dauena.
Programazino artistikoa: herri bi, sei egun, zazpi ekintza
Danetariko publikoarentzat diseinautako egitarau oparoa dakar, tradizinoa eta abangoardia alkarren eskutik doaz. Musikea eta memoria izango dira ardatz nagusietakoak. Batetik, Itoiz Udako Sesioak dokumentalaren proiekzinoagaz euskal musikearen historiako mugarri bat gogoratuko dogu, Juan Carlos Pérez taldeko liderragaz barriketaldia eginez. Bestetik, Ruper Ordorikak, euskal kantagintzako erreferenteak, bere lanik intimistena aurkeztuko dau Bakarka II kontzertu akustikoagaz.
Jantzeak eta fusinoak be muga artistikoak gaindituko ditue: Meñakoz Dantza Taldeak suaren inguruan eregitako ikuskizuna eskainiko dau. Eta Arima proposamenak flamenkoaren pasinoa eta txalapartearen erritmo sendoa batuko ditu, kulturarteko lkarrizketa hunkigarrian.
Antzerkiak eta barrikuntzeak be izango dabe euren lekua. Eszenatokian Ai gure juaneteak lanean Mikel Laboa handiaren unibersoa berrinterpretauko da. Gainera, kalera urtengo dogu Hitzaurrea esperientzia digitalagaz: parte-hartzaileek, mobikorra eta entzungailuak erabiliz, herri bietako kaleetan barrena ibilbide interaktibo eta poetikoan sartuko dira.
Jaialdiari amaiera ezin hobea emoteko, ekitaldi berezia atondu da: Morau eta Beñardo Goietxe musikarien doinuek bat egingo dabe El Mozo Wines upategiko ardaoak probetan ditugun bitartean. Kulturea, lurra eta gozamena batuko dituan topaketea.
Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga, Arrigorriaga eta Zaratamoko Udalek bultzatua eta Loraldia Alkarteak atondutakoa, euskal kulturea bizi eta konpartiduteko konbidapen edegia da. Marea gora doa, eta danok zagoze konbidauta olatuetan jantzan egin daizuen.
Informazino gehiago eta sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!