Ikuspegi feministak produkzino artistikoan eta artea teorietan bildumea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2025-09-17 09:15   Kulturea

Hiru liburukitan batzen ditu 2012 eta 2017 bitartean Zentroan izandako berbaldiak.

Ezkerretik eskumara: Trinidad L. Vicente Torrado; Txomin Olabarri; Itziar Urtasun; Lourdes Méndez; eta Xabier Arakistain. | Ikusi handiago | Argazki originala

Berrogeita hamar bat lagunen ekarpenak batu ditue eta 2018ko ikasturteari jagokon argitalpenagaz osotu dabe hasitako seriea. Bilduma hau aurrera eroateko lankidetzan ibili dira Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Saila eta Bilboko Udaleko Bardintasun Saila.

Ekitaldian Trinidad L. Vicente Torrado, Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasuneko zuzendaria; Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Bardintasun eta Jaietako zinegotzia eta Kulturako alkateordea; Txomin Olabarri, Azkuna Zentroko zuzendari nagusia; Lourdes Méndez, UPV/EHUko Artearen Antropologiako katedraduna; eta Xabier Arakistain, arte-komisarioa izan dira.

Liburu honek Ikuspegi feministak produkzino artistikoan eta artea teorietan ikastaroan 2012 eta 2017 artean emondako berbaldiak batzen ditu. Nazinoarteko, belaunaldi anitzeko eta diziplinarteko izaerea izan daben zazpi edizino horreetan emakume artistak, akademikoak, erakundeetako zuzendariak, ikertzaileak, komisarioak eta arte kritikariek parte hartu eben.

Topaketa honeek zubi sendo izan dira profesional honeen lana hartzeko, finantzietako eta zabaltzeko, eta sexuak, etniak, arrazak eta klase sozialak arte produkzinoan daben eraginari buruz hausnartzeko. Aldi berean, ez-sexistea dan ezagutzea eregiten jarraitzeko ikertzaileek aurre egin behar izan deuseen arazo historiko, teoriko eta politikoak be jorratu dira, adierazo dabe zuzendariek.

Saio guztietan aztertu dira bai ikertzaile feministek ez-sexistea dan ezagutzea eregiten jarraitzeko izan dituen arazo teoriko eta politikoak, bai eta arte erakundearen hainbat dimensino zalantzan jarten dituen praktika artistikoak be, sexu diferentziaren ordezkaritza hegemonikoen kritikan sakonduz.

Lourdes Méndezek eta Xabier Arakistainek zuzendutako ikastaroa 2008an hasi zan Montehermoso Kulturunean eta, Azkuna Zentroan zazpi urte igaro ondoren, gaur egun be jarraitzen dau, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak alkarregaz produziduta.

Azkuna Zentroan zazpi urtez jorratu izanak helburu izan dau herrialde, diziplina eta belaunaldi askotako emakumeen pentsamendua eta analisia zabaltzea, gizarte garaikideetan arte produkzinoari buruzko hausnarketak konpartiduteko, nabarmendu dau Txomin Olabarri, Azkuna Zentroko zuzendari nagusiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu