Usue Morik jasoko dau V. Gladys Saria

Bizkaie! 2025-09-17 09:56   Kulturea

Saria irailaren 26an hartuko dau, EHUko Informatika Fakultadean, Donostian.

Usue Mori. Erretratua: PUNTUEUS Fundazinoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) da V Gladys Sariaren irabazlea. Epaimahaiak aho batez hartu dau erabagia: Usue Morik ibilbide zientifiko sendoa dau baina gaur egungo eliteko ikerketa eredutik aldendu eta adimen artifiziala gizartearen onurarako tresnatzat hartzea eta haren transferentzia lehenetsi ditu, horretarako, fakultadeko beste ikerketa taldeetako kideakaz eta jakintza arlo askotako profesionalakaz alkarlana bultzatu dau. Haren lanari etorkizuneko eragin sozial positiboa aurreikusten jako.

Usue Mori Carrascal

EHUko irakasle agregadua da, Konputazino Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea be bada. Matematikan lizentziaduna da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazino matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibersidadean.

Ibilbide akademiko oparoaz gan, Morik ikerketa akademikotik harago joateko hautu ausarta egin dau. Haren helburua ez da bakarrik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea baino, eta ezagutzea praktikara eroatea.

Transferentzia eta konpromisoa

Jakintzearen transferentziaren alde egindako lana nabarmendu dau epaimahaiak: Moriren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dabe eta ezagutzearen emoitzak praktikara eroaten ditue, gizarteak horreen onura zuzenean jaso daian. Haren jardunak erakusten dau ikerketea ez dala zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitekezala.

AAren transferentzia gizarteko hainbat eremutan gauzatzen dago, eta aldi berean, jente askoren parte-hartzea eta aktibazinoa sustatu dau. Lan arlo horretan buztartzen ditu alkarlana eta hausnarketea, formazinoa eta aplikazino praktikoak, teknologia arduratsua eta irisgarria garatzeko asmoz.

Epaimahaiak ondokoa azpimarratu dau: Adimen Artifiziala: nondik, zelan eta zertarako? galdereari heltzen deutso eta gizarte digital hobe baterako bideak aztertzen ditu, ikuspegi justu, arduratsu eta irisgarri bat onarri hartuta; eta espero daiteke etorkizuneko eragin positiboa izango daben prozesuen hasierea izatea bere lana, ikuspegi sozial eta kolaboratibotik abiatuta, beti bere genero ikuspegia eta alkarlana oinarri hartuta.

Gladys Saria

PUNTUEUS Fundazinoak eta EHUko Informatika Fakultadeak sustatzen daben ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia dau, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazinoa, EITB eta EHUko bardintasun-zuzendaritzea.

Gladys Sariak ingurune digitalean dabizen emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten daben lana gizartekotzea ditu helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzeagaz batera. Sari banaketea irailaren 26an izango da, goizeko 11:30ean, EHUko Informatika Fakultadean, Donostian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu