Badator 'Ikusi eta ikasi' euskerearen aldeko programea

Bizkaie! 2025-01-14 10:48   Euskerea berbagai

Interesdunek urtarrilaren 27ra arte dabe epea izena emoteko.

Bilboko Udalak Ikusi eta Ikasi programea jarri dau martxan. Egitasmoak 22 urte bete ditu familia giroko aisialdia euskeraz proponiduz uriko barruti guztietan. Aurton, Makusi eta haren familia, motxilea hartuta, Pagasarrira joan dira. Ibilaldian, abentura hunkigarriak biziko ditue, Bilbo are euskaldunagoa izan daiten ingurunea jagonez.

Ikusi eta Ikasi programeak 64 jarduera izango ditu 2 eta 11 urte bitarteko umeentzat. 2 eta 3 urte bitarteko umeek eta horreen gurasoek saio propioak izango ditue, adin-tarte horreentzat batez be asmautakoak. Edozein jardueratan parte hartzeko, hemen emon beharko da izena. Interesdunek urtarrilaren 27ra arte dabe epea horretarako.

Egitasmoak zezeiletik maiatzera bitarteko hilebeteak hartuko ditu, 3 tartetan:

  • Altzoan, olgeta-saioak eta eskulanak 2 eta 3 urte bitarteko umeentzat, gurasoekaz batera.
  • Familian, sormen-tailerrak 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat eta familientzat.
  • Lagunartean, olgetako tailerrak 9 eta 11 urte bitarteko umeentzat, lagunekaz.

Jarduerak eta ikuskizunak be eskainiko dira barruti-zentroetan: Euskal Mitologia, Mugi zaitez disko-festa, Atxis eta Txanpon baten truke, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoakaz.

XXII. edizinoan, Makusi eta haren familia Pagasarrira joan dira. Gai horregaz, Udalak naturea jagotearen garrantzia azpimarrau nahi izan dau; horregaitik, mendiak erabateko protagonismoa hartzen dau. Halanda ze, helburua da hizkuntzeagaz hartu-emon afektiboak lantzea eta esperientzia positiboakaz lotzea, azpimarrau dau Eider Inunciaga Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu