Gorka Urbizuk emongo deutso amaierea Galdakaoko kultur programazinoari

Bizkaie! 2025-01-14 07:52   Kulturea

Torrezabal Kultur Etxeak 30 urte bete ditu.

Torrezabal Kultur Etxeak 30 urte bete ditu galdakoztarren topagune kulturala izaten. Hiru hamarkadetan, espazio zirraragarri bezela finkatu da, proposamen ausart eta bereizgarriez disfrutau ahal izateko.

Holan, aurtongo programazinoa datorren barikuan, urtarrilaren 17an, hasi eta bagilaren 13an amaituko da. Aurkezpenean Iñigo Hernando, Galdakaoko alkatea; Edurne Espilla, Kultura zinegotzia; Katrin Schlegel, Udaleko kultur programatzailea; Enrike Solinis musikaria; eta Luis Orduña, Ines Vaquero eta Andres Conte, Da Capo Musika Bandako zuzendaria eta kideak izan dira.

Edurne Espilla zinegotziak esan dauenez, hurrengo sei hilabeteetako programazinoan punta puntako ikuskizunak izango doguz. Danetariko genero eta estilokoak izango dira, baina ezaugarri amankomunagaz: kalidadea. Halanda ze, Galdakao eta Torrezabalera etortea jarrera segurua da.

Iñigo Hernando alkateak ondokoa nabarmendu dau: kulturea ezinbestekoa da. Galdakaon bizi eta bakotxak nahi dauenagaz disfrutetea da asmoa. Horretan egiten dogu lan eta erreferentzialtasun hori inguruan eukitea oso garrantzitsua da guretzako. Hori lortzeko zutabe handiena Torrezabal da eta mimoz betetako programazinoa osotu da.

Enrique Solinis galdakoztarrak, Euskal Barrok Ensemble taldeko zuzendariak, taldeak sortu dauen Euskelele ipuin musikatua aurkeztu dau. Donostiako Kursalean eta Bilboko Arriaga Antzokitik pasau eta gero, orain Galdakaora etortea zoragarria dala autortu dau. Haren lana ume eta familiei zuzenduta dago eta erantzun bikaina izan dau orain arte jakinarazo dau.
    
Beste aldetik, Da Capo Musika Bandako kideek eurentzat be oso urte berezia dala nabarmendu dabe, izan be, taldearen jaiotzearen 10. urteurrena da aurton eta kolaborazino interesgarri ugari aurreikusi ditue. Torrezabalen, hiru kontzertu egingo ditue: zezeilean, Abraham Cupeirogaz; martian, Celia Davila eta Daniel Lozanogaz; eta maiatzean, Printze txikia: bidaia magikoa.

Kontuak kontu, Katrin Schlegelek programan guztira 23 ikuskizun egongo dirala zehaztu dau. Horreen artean hurrengo barikuan izango dana nabarmendu dau: Casting Lear. Horrezaz gan, Miñan Artedrama, El bar nuestro de cada día eta Renata azpimarratu ditu helduentzat eta Historia de Lana, Alizia lurralde miresgarrian, Scrooge eta mamuak, umeei zuzenduak. Ganera, Ana Goitiaren Katana eta Antxon Telleriaren Ninini bakarrizketak nabarmendu ditu, baita, musikearen aldetik, Anari eta Gorka Urbizuren kontzertua be. Azken horrek, kalidadez betetako eta disfrutetako programazino oso bati amaiera borobila emongo deutso.

Urtarriletik bagilara, Torrezabalek ondokoak eskainiko ditu:

  • Urtarrilak 17: Casting Lear ikuskizuna, 20:00.
  • Urtarrilak 24: Miñan antzezlana, 20:00.
  • Urtarrilak 25: Euskal Barrok Ensembleren Euskelelea, 18:00.
  • Urtarrilak 31: El bar nuestro de cada día ikuskizuna, 20:00.
  • Zezeilak 8: Scrooge eta mamuak antzezlana 18:00.
  • Zezeilak 14: Itzulera ikuskizuna , 20:00.
  • Zezeilak 16: Da Capo Musika Bandaren Pangea & Abraham Cupeiro kontzertua, 13:00.
  • Martiak 1: Moko ikuskizuna, 18:00.
  • Martiak 2: Sotobosque antzezlana, 12:00 eta 17:00.
  • Martiak 7: Ana Goitiaren Katana bakarrizketea, 20:00.
  • Martiak 14: Guapa antzezlana, 20:00.
  • Martiak 22: Historia de la lana ikuskizuna, 18:00.
  • Martiak 29: Anariren kontzertua, 20:00.
  • Martiak 30: En Danza, Da Capo Musika Bandea, Celia Dávila eta Daniel Lozanoren kontzertua, 13:00.
  • Apirilak 6: Lana obra, 19:00.
  • Apirilak 11: Antton Telleriaren Ninini bakarrizketea, 20:00.
  • Apirilak 12: Alizia lurralde miresgarrian antzezlana, 18:00.
  • Maiatzak 11: OTS jantza ikuskizuna, 19:00.
  • Maiatzak 16: Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán obrea, 20:00.
  • Maiatzak 18: Da Caporen Printze txikia: bidaia magikoa kontzertua, 13:00.
  • Maiatzak 23: Renata, 20:00.
  • Maiatzak 31: Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren Ostirala iritsi da! ikuskizuna, 17:00 eta 19:00.
  • Bagilak 13: Gorka Urbizuren kontzertua, 20:00.

Sarrerak salgai dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu