Ixiar Rozasek, Yolanda Arrietak eta Kike Ibáñez-ek jasoko ditue 2026ko Euskadi Literatura Sariak 2026
2026-10-15 08:43 KultureaNarrugorrik, Zurtz eta El diablo sobre ruedas lanakaitik saritu ditue.
Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek gaur emon ditu ezagutzera 2026ko Euskadi Literatura Sarien lehen hiru irabazleen izenak, Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Ekitaldian Ana López Kultura Sustatzeko zuzendariak eta saritutako hiru egileek be parte hartu dabe.
Andoni Iturberen eretxiz, «hiru obra honeek sormenaren eta literaturara hurbiltzeko moduen aniztasuna erakusten deuskue. Euskadi Literatura Sarien bidez, gure idazleen talentua autortu, hareen lanak ezagutarazo eta gizartera hurbildu nahi ditugu, irakurle kritikoak sustatuz eta irakurketearen bidez ikuspegi barriak ezagutzeko aukerea eskainiz».
Euskerazko Literatura Saria: Ixiar Rozas.
Consonni argitaletxeak argitaratutako Narrugorrik lanagaitik saritu dabe. Epaimahaiak egileak egiten dauen literatur esplorazino lana, hizkuntzearen bidez adierazoteko modu barriak
bilatuz eta literatura-generoen artean mobiduta azpimarratu dau. Lanak berben biluztasuna eta hortik sortzen dan indar poetikoa ditu ardatz, gorputzaren eta naturearen arteko zentzumen-esperientziak proponiduten dituten hizkuntza-olgeten bidez. Era berean, epaimahaiak nabarmendu ditu hizkuntzearen soinu eta forma-esperimentazinoa, baita egileak proposamen barritzailea jorratzeko dauen gaitasuna be; aldi berean, euskal tradizinoan sustraitzen da eta ahozkotasunaren eta idazketearen arteko mugan barrena dabil.
Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, 1972) Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibersidadean eta Informazino Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibersidadean. Narratiba, poesia, arte
eszenikoetarako testuak eta testu kritikoak idatzi ditu, hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu diranak. Gaur egun, arte-hezkuntzako irakaslea da Mondragon Unibersidadean, eta Arabako Lasierran dagoan AZALA sorkuntza-espazioko kidea be bada.
Euskerazko Ume eta Gazte Literaturako Saria: Yolanda Arrieta.
Denonartean argitaletxeak argitaratutako Zurtz lanagaitik saritu dabe. Epaimahaiak lanak umezurtz kontzeptuari emoten deutson esangura zabala eta iradokitzailea,
bere adiera literaletik harago doana, eta personajeen ikuspegi desbardinen bidez eregitako kontakizun- egitura aberats eta poliedrikoa nabarmendu dau. Eleberriak sentiberatasunez jorratzen ditu hazkundeagaz, nortasun propioaren bilaketeagaz eta desbardin sentiduteagaz lotutako bizipenak. Bakardadea, galerea eta beste persona batzuengan topau daitekezan loturak be lantzen ditu, sentimentalismorik barik. Epaimahaiak sano jagondako hizkuntzea, kontakizunaren erritmoa eta zenbait esaldiren indarra azpimarratu ditu.
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (Etxebarri, 1963) irakaslea, antropologoa eta idazlea da. Ume eta gazte literaturan nahiz helduentzako literaturan ibilbide oparoa dauka. Idazketa sortzaileko tailerrak gidatzen ditu, eta irakurzaletasuna sustatzeko ekimen ugari lantzen ditu familientzat eta hezitzaileentzat.
Literatur Lanaren Ilustrazinoaren Saria: Kike Ibáñez Fernandez.
Abuenpaso argitaletxeak argitaratutako lanagaitik saritu dabe. Epaimahaiaren eretxiz, lanak aparteko kalidade artistiko eta narratiboa erakusten dau, eta ilustrazinoak ez dirala testua laguntzera mugatzen azpimarratu dau; haren mezua aberastu eta irakurlearen esperientzia emozionala indartzen dabe. Proposamenak estilo fresko, ausart eta barritzailea buztartzen ditu, eta irudimenaren bidez itxaronaldiak kudeatzera animetan daben ilustrazino adierazkorrak eskaintzen ditu. Egoera dramatiko batetik abiatuta, liburuak gatazkeari beste begirada bat proponiduten deutso, eta hasarretik eta mendeku-nahitik jorratzen dau kontakizuna.
Epaimahaiak kaosaren eta ordenaren arteko oreka grafikoa, kolorearen erabilera adierazkorra, uniberso bisual propio baten sorkuntzea eta etenbako mobimentu-sensazinoa transmitiduten daben enkoadraketak nabarmendu ditu.
Kike Ibáñez Fernández (Donostia, 1980) ilustratzailea, artista bisuala eta idazlea da. Diseinu grafikoan eta ilustrazinoan trebatu ondoren, ume eta gazte literaturearen esparruan jorratu dau bere ibilbide profesionala. Haren lanetan marrazkia, umorea, irudimena eta begirada kritikoa buztartzen ditu. 2016an Lazarillo Saria jaso eban Barrios de Colores lanagaitik eta 2020an Ciclismo Épico lana Boloniako Ume eta Gazte Liburu Azokan hautatu eben.
Kontuak kontu, 2026ko Euskadi Literatura Sarien bigarren prentsaurrekoa datorren urriaren 21ean izango da, 11:00etan, Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Bertan emongo dira ezagutzera honako modalidade honeetako saridunak: Gaztelaniazko Literaturea, Euskerarako Literatura Itzulpena, Euskerazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera.
Euskadi Literatura Sariak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero emoten ditu Euskadi Literatura Sariak, literatura-sorkuntzearen bikaintasuna eta euskal kultureari egindako ekarpena autortzeko.
Saridun bakotxak 18.000 euroko diru-saria jasoten dau eta, horrezaz gan, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osogarria be jaso leike. Sarion bidez, Eusko Jaurlaritzeak literatura-sorkuntza, talentu artistikoa eta obren nahiz hareen egileen zabalkundea sustatzen ditu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
