XII. Mareak Jaialdiak bederatzi kultur proposamen batuko ditu Bermeon

Bizkaie! 2026-10-15 10:13   Kulturea

Urriaren 20tik 24ra.

Zinemea, musikea, ahozko narrazinoa, literaturea, jantza garaikidea eta ondarea izango dira protagonista. MB2000 alkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako jaialdiak tradizinoaren eta abangoardiaren arteko loturea landuko dau beste urte batez, mimo handiz atondutako egitarauaren bidez. Proposamenak herriko hainbat gunetan izango dira: Néstor Basterretxea aretoan, Arrantzaleen Museoan eta Kafe Antzokian, eta Santimamiñek zein Irakaskintzako karpeak be hartuko ditue ekitaldiak. Egitarauko jarduera gehienak doban izango dira.

Jaialdia urriaren 20an hasiko da, 19:00retan, Nestor Basterretxea aretoan, Arcadia dokumentalaren proiekzinoagaz. Paul Wrightek zuzendutako lanak britainiarrek landa-inguruneagaz historian zehar izandako hartu-emonak aztertzen ditu, artxiboko irudien bidez. Etxeko filmek, albistegiek eta dokumentu zaharrek landa-bizitearen, herri-tradizinoen eta gizarte-aldaketen bilakaerea erakusten dabe, Adrian Utley eta Will Gregory musikariek osotutako soinu-bandeagaz batera. Jarduerea doban izango da.

Urriaren 21ean, 18:30ean, Ameli kontalariak Ongi etorri ikuskizuna aurkeztuko dau Arrantzaleen Museoan. Amaia Elizagoienek eta Itziar Olaguek euskal ondareko ipuinak, istorioak eta bitxikeriak kontauko ditue, berbak eta musikea erabili. Biolea, pianoa eta gitarrea erabiliz, umorea, olgetea eta gorputz-adierazpena be izango dira saioaren osogaiak. Ikuskizuna doban da, baina 16 urtetik gorakoentzat dago zuzenduta.

Hurrengo egunean, urriaren 22an, 19:00retan, Oda Marítima zine-kontzertua izango da Nestor Basterretxea aretoan. Yohann Villanuak Fernando Pessoaren poema batean oinarritutako proposamena aurkeztuko dau, Christophe Barennes pianistearen laguntzeagaz. Saioak itsasoaren inguruko bidaia sensoriala eskaintzen dau, jazzaren, sambearen eta fadoaren doinuakaz. Doban.

Barikuan, urriaren 23an, proposamen bi izango dira. Lehenengoa 18:30ean hasiko da, Arrantzaleen Museoan, Tristes pupilas liburuaren aurkezpenagaz eta berbaldiagaz. Jorge Luis Marzo arte-historialariak XIX. mendeko itsasontzien branketan jarten ziran emakume-irudien historia aztertzen dau lanean eta irudi horreen esangureari zein itsas-munduan emakumeen lekuari buruzko gogoetea proponiduko dau. Doban.

Gauean, 20:30ean, Harria taldeak joko dau Bermeoko Kafe Antzokian. Aitor Aldanondok gidatutako proiektuak folkaren, rockaren, psikodeliaren eta countryaren doinuak euskal tradizino liriko eta musikalagaz lotzen ditu. Euskal musikagintzan ibilbide luzeko musikariek osotzen dabe taldea. Sarrerak 6 euroan dagoz.

Zapatuan, urriaren 24an, goizeko 11:00etan, Santimamiñera bisita gidatua egingo da Juan Carlos López Quintana arkeologoaren eskutik. Urdaibaiko aztarnategi garrantzitsuenetako bat ezagutzeko aukerea izango da, haren historia, topakuntzak eta ikerketa-lana gertutik ezagutzeko. Bisitea dobakoa izango da, baina aurrez izena emon behar da, mb2000.elkartea@gmail.com helbidera idatzita.

Arratsaldean, 19:00retan, Zalantza baten itzala taldeak musika-saioa eskainiko dau Irakaskintzako karpan. Laukoteak erritmo hipnotikoak, berbak, samplerrak eta doinu malenkoniatsuak buztartzen ditu, ohiko kontzertu-formatutik aldentzen dan proposamenean. Musikearen bidez, botere-hartu-emonei buruzko gogoeta eta aldaketa kolektiborako deia egiten ditu. Doban.

Mareak Jaialdiaren azken hitzordua 21:30ean izango da, Bermeoko Kafe Antzokian. Lehenengo, Iraun jantza garaikideko piezea aurkeztuko dabe Amaia Elizaran jantzari eta koreografoak eta Neønymus proiektuaren sortzaile Silberius de Ura musikariak. Gorputza, ahotsa, teknologia eta soinu-tresna bereziak erabilten dituan lanak berpizkundea dau ardatz, eta inprobisazinoari esker saio bakotxa bakarra da. Ondoren, Sophia Djebel Rose artista frantziar-marokoarraren kontzertua izango da. Folkaren, ahots-esperimentazinoaren eta musika abangoardistearen artean kokatzen da haren proposamena; gitarrea eta harmonioa oinarri hartuta, naturea, mistizismoa eta poesia buztartzen ditu, ikuspegi feminista eta ekologikotik. Saio biak ikusteko sarrera bakarra izango da, 8 euroan.

Atontzaileek herritarrak animetan ditue kulturaz beste modu batera gozau deien, ohiko bideetatik harago doazenproposamenak ezagutzeko eta tradizinoaren zein sorkuntza garaikidearen arteko loturez gozetako.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu