Urriaren 10ean, Wesley & The Boys eta Ardi Galduak taldeen kontzertuak izango dira Mungirocken

Bizkaie! 2026-10-09 10:36   Kulturea

Musikea eta ondarea protagonista astegoienean Mungian.



Zapatuan eta domekan Landetxo baserriak ateak zabalduko ditu Ondarearen Europako Jardunaldien barruko berbaldi eta bisita gidatuakaz. Proposamenek zuzeneko musikaz gozetako eta tokiko ondarera esperientzia parte-hartzaile eta elebidun baten bidez hurbiltzeko aukerea eskainiko dabe.

Programazinoa zapatuan hasiko da Landetxo baserrian atondutako jarduereagaz eta arratsalde-gauean Mungirocken jarraituko dau. Domekan, barriz, Landetxo baserriko bigarren saioa egingo da, dagoeneko sarrera guztiak agortuta dituana.

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Landetxo baserriak urriaren 10ean eta 11n, goizeko 10:00etatik 12:30era, Baliabidetik kontakizunera · Landetxo baserria jarduerea hartuko du. Proposamenak berbaldia, eztabaidarako tartea eta bisita gidatua buztartuko ditu, baserria ezagutzeko eta ondareari lotutako kontakizunak zelan eregiten eta transmitiduten diran hausnartzeko. Ekimen arrakastatsua izan da, sarrera guztiak agortuta baitagoz. 

Iluntzeko 20:30ean Mungirocken upealako musika jaialdia izango da: Wesley & The Boys Nashvilleko (AEB) garage-punk taldearen eta Ardi Galduak Arrietako punk-rock taldearen kontzertuakaz. Hitzorduak punk eta rock eszenako proposamen bi batuko ditu agertoki berean: Wesley & The Boys taldea Europan egiten dagoan birearen barruan helduko da Mungiara eta Ardi Galduak taldea be ikusi eta entzuteko modua izango dogu. Sartzea doban da, edukierea bete arte.

Gauzak holan dirala, astegoienean ondarea eta musikea buztartuko dira Mungian proposamen berezi bigaz: zapatu eta domeka goizetan Landetxo ikuspegi parte-hartzaile batetik ezagutzeko aukerea izango da eta gauean garage-punkaz eta punk-rockaz gozetako hitzordua Mungirocken.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu