'Balerdi. Lerro infinitua' Bilbon
2026-10-15 11:09 Kulturea2026ko urriaren 6tik 2027ko zezeilaren 14ara arte.
Kabinetea izeneko erakusketa-eremua beren-beregi eskainiko jako museoaren obra grafiko, marrazki eta argazkien bilduma nabarmenari, museoaren patrono Gondra Barandiarán Fundazinoaren babesari esker. Oraintsu birgaitutako eraikin modernoan dago eta 200 metro koadro ditu. Urtero hiru erakusketa egingo dira bertan, museoaren bildumearen aberastasuna eta diziplina horreen berezitasuna erakusteko. Batzuetan, beste museo batzuek eta estaduko eta nazinoarteko bildumek mailegautako lan garrantzitsuak be izango dira erakusketetan.
Balerdi. Lerro infinitua erakusketea izango da eremu horretako lehenengoa eta, horrenbestez, museoaren berredegierako inaugurazino-egitarauaren barruan egongo da, Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek handitze-lanak egin ostean. Museoko Artxibo eta Dokumentazino Saileko kide Mikel Lertxundi historialaria izango da komisarioa. Hautatutako lanen ardatza Rafael Ruiz Balerdik (Donostia, 1934-Altea, Alacant, 1992), XX. mendearen bigarren erdian Espainiako abstrakzinoko erreferentziazko marrazkilari zanak, izandako emonkortasuna eta gaitasun aparta izango dira.
Berrogeita hamar obrak baino gehiagok, gaikako epigrafeen arabera atonduta, modu antologikoan erakutsiko dabe Rafael Ruiz Balerdik, 50eko hamarkadan bere ibilbideari ekin eutsonetik, marrazkigintzearen arloan egindako etenbako lana, zenbait teknikaren eta gairen bitartez. Haren lanaren alderdi hori berez izan zan baliotsua eta, era berean, margolari modura esperimentetako eremu izan eban. Obra gehienak artistearen familiak emon zituan dohaintzan, 2004an.
Balerdiren marrazkien katalogo arrazoitua egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera aurrera eroandako ekimenaren parte da proiektua, Javier Viarrek hasitakoa eta orain Mikel Lertxundik jarraitzen dauena.
Kabinete gunearen bidez, Gondra Barandiarán Fundazinoak bere konpromisoa zabaltzen dau eta konpromiso horren barruan dagoz museografian trebatzeko beka-programak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
