Leb Intensif ekimenak arte eszenikoak Elizondoko kaleetara eroango ditu

Bizkaie! 2026-10-08 12:13   Kulturea

Gizarte-kolektiboak izango dira protagonista.





Urriaren 16tik 18ra, Leb Intensif ekimenak ikuskizunak, sorkuntza kolektiboak eta topaketa profesionalak batuko ditu herriko hainbat gunetan. Programeak tokian bertan sustraitzea, publikoen bitartekaritzan, irisgarritasunean eta euskeran sakontzen dau.

Nafarroako Elizondo herriak LEB Programearen arte eszenikoen topaketa dan Leb Intensif hartuko dau urriaren 16tik 18ra. Programazinoak herriko plazak, kaleak eta beste hainbat gune hartuko ditu, antzerkia, jantzea, musikea, poesia eta ikus-entzunezko sorkuntzako proposamenakaz. Edizino honek tokian bertan errotzean eta publikoen bitartekaritzan sakontzen dau: herritarrek ikuskizunetara joateaz gan, sorkuntza-prozesuetan parte hartu deien eta horreetan hartu-emonak sortzeko gunea topau deien.

Leb Intensif ekimenak zehatz eskualdeko gizarte-kolektiboakaz egingo dau lan, lurraldearen aurreko loturea sendotuz eta artista, kultur alkarte eta arte eszenikoetako profesionalen arteko lankidetzea bultzatuz. Irisgarritasuna, euskereagaz batera, lehentasunetako bat izango da aurten be. Programeak ikusmen eta entzumen-desgaitasuna daben personentzako jarduera irisgarriak jasoko ditu, sarbide-preminea daben publikoen parte-hartzea zabaltzeko helburuagaz.

Baztanen sortutako sorkuntza kolektibo bi

Tokian bertan errotzeak formea hartuko dau bertako erakundeakaz batera jorratutako sorkuntza prozesu bitan. The Cross Border Projecteko Lucía Miranda zuzendariak pieza bat sortuko dau Baztango gizarte sareagaz batera eta emoitzea urriaren 16an, barikuan, 18:00etan, Foru Plazan aurkeztuko da.

Rakel Camacho zuzendariak bigarren sorkuntza bat bultzatuko dau Baztango kultur erakundeakaz batera. Jaialdia Elizondoko Abesbatzagaz, Iruritako Jantzariakaz eta Musika Bandeagaz hartu-emonetan jarri da, proiektua beste alkarte batzuen jardunera be zabaltzeko. Piezeak, Amaia da hasiera, edizinoari amaierea emongo deutso urriaren 18an, domekan, 18:00etan, Txokoto Zubiaren inguruan. Proposamen biek tokiko parte-hartzea programazinoaren erdigunean jarriko dabe, euskeraz eta gaztelaniaz.
Bitartekaritza jaialdia baino lehen hasiko da

Aurretiazko programea Elizondoko Lanbide Eskolara be helduko da. Bertako ikasleek ATX Teatrogaz lan egingo dabe, espazio publikoan LEBi buruzko informazino gunetzat erabiliko diran hiru gorputz eskultoriko eregiteko. Urriaren 13an, Nafarroan Arte Eszenikoetako Batxilergoa eskaintzen daben hiru ikastetxetako —Plaza de la Cruz, Alaitz eta Corellako Arte Eskola— bigarren mailako ia ehun ikaslek sektoreko profesionalakaz tailerretan parte hartuko dabe. Topaketa Arte Eszenikoen Akademiagaz, Espainiako Eszena Zuzendarien Alkarteagaz, Antzerki Egileen Alkarteagaz eta Nafarroako Arte Eszenikoen Enpresen Alkarteagaz alkarlanean atondu da.

Egun horretan bertan, jaialdiaren aurkezpen ekitaldia eta LEB Programearen urteko jarduerak aurkezteko ekitaldia egingo da. Ekitaldia Valentziako Umami konpainiaren La Gula lanagaz amaituko da, poesia, teknoa eta gastronomia buztartzen dituan proposamenagaz. Dagoeneko Leb Intensif-enen barruan, Lehen Hezkuntzako ikasleek eszenearen eta naturearen inguruko ibilbide gidatuan parte hartuko dabe urriaren 16an, barikuan: ibilbidea La trapecionistaren eta Maitane Azpirozen Zuhamu lanaren aurretik egingo da, Arbola jaialdiagaz alkarlanean.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu